JOSE MARI SARASUA mintzo

Sarasuatar arraunlarien sagako oriotarra da Jose Mari, baina bestelako estropada batean eman du bizia.
Gorputza makal, burua erne. Eta gogoa ere beti erne, hitza bezala, baina ekintzatik ekintzara beti. Hasieran gogoa zen. Hasieran hitza zen. Hasieran ekintza zen. Hirurak batera, Jose Mari Sarasua dugu. Aurpegi bat bizitza osoko argi eta gidari: bere Mertxeren aurpegia.
Kooperatibak, solidaritatea, justizia, etsi gabeko ekimena. Arraunean etengabe. Elkar-lanean beti. Eta apal, handi guztiak bezala.
Eskerrik asko, Jose Mari, egin, esan, eman diguzun guztiagatik!

GALDERA.- Oriotarra zaitugu jatorriz. Arimaz ere bai?
ERANTZUNA.- Bai. Orion jaio nintzen eta nire emaztea ere bai. Urte gutxitan bizi izan naiz bertan, baina oriotarra sentitzen naiz. Jaioterria bakoitzaren oinarrietako bat da. Guk asko jarraitzen dugu gure herria eta lagun onak ditugu bertan.

G.- Gaurko Oriotik orduko Oriora alde galanta.
E.- Toki guztietan bezala, egoera asko aldatu da zentzu guztietan. Hala ere Oriok sustraietako balore eder asko gordetzen ditu, eta aldaketa asko onerako izan direla esango nuke.

G.- Arraunlari familia zineten…
E.- Bai, egia da. Gure aita arraunlari trebea zen: bakarka, traineruan aurrekalari eta azken 25 urtetan patroi-entrenatzaile. Gero nire anaiak jarraitu zuen aitaren tradizioa eta oraindik ere, 70 urterekin, arraunean ibiltzen da bere batelarekin. Nahiz eta nik ahalmenik ez dudan izan, gure familian arraun-mundua benetan bizi izan da, eta oraindik ere jarraitzen da. Nire anaiaren seme bat arraunlari bikaina da.

G.- Zer giro zegoen gazteen artean? Zer amets, zer borroka… ?
E.- Gure garaian hasi zen ernetzen hobeto hezteko eta formatzeko beharraren kontzientzia. Orion lehen mailako eskolak bakarrik zeuden, dena erdaraz noski, eta honek hainbat sufrimendu eragiten zigun. Maila handiagoko ikasketak nahi genituen, baina ez genuen lortu. Gero, berandu samar bada ere, ikastola eta beste ikastetxe ederrak egin dituzte. Orduan arrantzarako ikasketak egiten zituzten hainbat gaztek, patroitzarako eta abar. Ez dut uste gaur askok egingo duenik arrantzaren etorkizuna ikusita.
Sasoi hartan Euskal Herriaren izaeraren kontzientzia handirik ez zen gure herriko gazteen artean, gutxi batzuk kenduta. Gerra oso gogoan zuten gure aurrekoek eta ez zuten nahi euren seme-alabek horrelakorik gehiago jasaterik; beraz, onena isiltzea zela uste zuten .
Helduek bezalaxe, gaztediak ere lehiakortasun-grina barruan generaman: lehia estropadetan, lehia arrantzan, harri jasotzen, aizkoran, lasterketan, idi-deman. Baina baita ere herriko zenbait arazotan. Berehala sortzen ziren bi alderdi bata bestearen aurrean. Gaur, nire ustez, asko hobetu da giro hori. Gaztedia hobeto formatua dago, elkartuagoa da, eta lehiakortasun-grina asko baretu da.
Garai hartako amets nagusia ofizio bat ikasi eta bizitza duin bat lortzea zen gehienentzat, hori bai, Oriok Kontxan irabazteaz aparte.

G.- Eliz giroaz zer duzu gogoan?
E.- Orduan denok ginen elizakoak. Betebeharrak ondo bete, tenplua gainezka, abesti ederrak, betiko usadio bazter-ezinak, Luistarrak, Mariaren alabak eta abar… Ebanjelioaz ezer gutxi genekien, baina tradizio eta ohiturak oso zorrotz jarraitzen genituen. Bekatuaren mugarriak oso garbiak ziren eta ahalegintzen ginen ez gainditzen. Hau da, kristautasuna buruan, kristau “afiliatuak” antolaketan, baina benetako kristautasun gutxiegi.
Niretzat, alderdi horretatik, bizitza nahiko tristea zela esango nuke. Arauz eta debekuz betea zegoen gure erlijio-bizitza (ez Orion bakarrik, lurralde guztian). Beraz, giro kristaua azalean, baina kristautasun benetakoa ez orain baino gehiago, nire ustez.

G.- Ikasketak egin eta lanera?
E.- Bai. 17 urte bete berriak nituelarik hasi nintzen lanean, Donostian, fresista bezala. Hura izan zen nire “suzko bataioa”. Iruñako salestarretan 5 urte igaro eta gero nire heziketa purista eta arauz josiak txoke gogorra jasan zuen garai hartako langileriaren errealitatearekin. Nire eskema gehienak apurtzen zituen garai hartako langile gazte gehienen libertinajeak, oinarrizko printzipioen gabeziak eta abar. Hala eta guztiz ere, nabaritu nuen sakonean gehienak pertsona onak zirela eta zenbait portaera erlatibizatzen ikasi nuen.
Zorionez, Donostian gazte-mugimendu eder bat ere ezagutu nuen: JOC ( Gazte Langile Kristauak) eta honek asko lagundu zidan heldutasun apur bat garatzen.
Oro har, lantoki ezberdinetan trebatu nintzen profesio aldetik zortzi urteren buruan, eta ikaskizun hau behar-beharrezkoa izan zen gero kooperatibagintzan jarduteko.

G.- Eta Mertxerekin hasi zinen. Nola izan zen?
E.- 19 urterekin ezagutu nuen gero nire emazte izango zena. Guk oilategiak genituen Orion eta bera arrautza bila etorri zen gure etxera. Ez zitzaidan gehiago ahaztu aurpegi hura, beste asko ezagutu arren nire harremanetan. Bost urte beranduago arte ez ginen serio hasi. 41 urte pasatu dira ezkondu ginela. Familia handia sortu dugu, baina 19 urterekin ezagututako neskatxa hura daukat nire ondoan denetan maiteen.

G.- Oriotik Aretxabaletara. Barrualdea nahiago?
E.- Ez, ez nuen barrualdeko irrikarik. Ni itsasertzean jaio nintzen eta bere kresala eta olatu-orroak oso maiteak ditut. Gainera, Donostia inguruko herrietan (Herrera, Pasaiak, Errenteri eta abar) lagun asko nituen, gazte-mugimendukoak batez ere. Lantokian ere pozik nenbilen. Baina kooperatibagintzan ikusten genuen langileriaren irtenbiderik egokiena lan-harreman justuago batera iristeko. Sasoi horretan, 1961ean, Arrasatetik eskatu zidaten nire beharra zutela kooperatiba berri baten sorreran parte hartzeko, Aretxabaletan. Nik, egia esan, ez nekien non zegoen ere, baina proposamena oso serioa iruditu zitzaidan eta, tristura handiz (nire lagun guztiengandik urruntzeagatik), neure sakoneko elkarte-gogoari jarraitu nion. Eta hemen nago 43 urte hauetan, Aretxabaletan, eta ez naiz inoiz damutu. 35 urtetan Fagor taldeko lau enpresa ezberdinetan egin dut lan eta zortzi urte daramatzat jubilatuta (enpresatik bakarrik). Ahalegin guztia egin dut gure lantegi komunitarioak garatzeko, baina bere aldetik kooperatibak dena eman dit. Asko ikasi dut. Lagun eta maisu apartak izan ditut, Don Jose Maria Arizmendiarrieta tartean. Gaur balitz, berriz ere kooperatiban parte hartzea aukeratuko nuke. Hala ere, ongarria deritzot aurrez bestelako enpresetan jardutea; bestela ez da behar bezala nabaritzen eta baloratzen kooperatibaren eragina.

G.- Don Jose Maria Arizmendiarrieta aipatu duzu. Non ezagutu zenuen?
E.- Aretxabaletan kooperatiba berri bat sortzeko, 1961ean egin genituen batzar batzuk, eta Don Jose Maria tartean zen. Lehenengo aldiz horrela ezagutu nuen. Gero hainbat ekimenetan erlazionatu ginen: eskola politeknikoko kontseilu errektorean (gaur unibertsitatea), kooperatiben norabidea aztertzeko bilera batzuetan, kristau-gogoetarako zenbait topaketatan… Baita bere etxean afaltzen ere.

G.- Hurbileko harremanak zenituen, beraz, berarekin.
E.- Nire harremana ez zen lehenengo fundatzaile eta bere lagun min zirenena bezain hurbilekoa. Ni bigarren olatukoa naiz eta ez nuen aurrez ezagutzen. Hala ere harreman ona genuen eta benetan miresten nuen. Asko ikasi nuen beregandik eta ikasten jarraitzen dut, bere idazkiak eta erakutsiak agortezinak baitira.

G.- Zer zor diozu batik bat?
E.- Gauza asko zor dizkiot, baina batez ere azpimarratuko ditut: pertsonenganako beti izan dudan konfiantza sendotzea, solidaritatea era pragmatikoan gauzatzea eta herri batuak daukan indarraz jabetzea. Berarekin ikasi dut solidaritatea eta lorpen materiala (efizientzia, aurrerapena, garapena) ez direla aurkakoak, alderantziz baizik, zeren ondo ulertzen den solidaritatea oso eraginkorra baita.

G.- Goazen kooperatiba-mugimenduaren hasiera miresgarri haietara. Zerk eragiten zizuen?
E.- Erabaki nagusi bat hartzeko garaian, gehienetan ez da arrazoi bakar bat bakarrik egoten. Niretzat arrazoi nagusia lan-elkarte partizipatu bat sortzea zen, langileriak berak gestionatua, eta ez kapitalaren menpekoa. Horrekin batera pentsatu nuen neure garapen pertsonala ere zerbait zabalagoa izan zitekeela. Hori ez zegoen batere garbi, baina horrela gertatu zen. Garbi dagoena da ez zela interes ekonomikoa, nire lansaria murriztu egin baitzen.
Bestalde, JOCen bitartez Elizaren erakutsi sozialak ezagutu nituen. Haien artean azkena, Juan XXIII.aren Mater et Magistra, ederra eta argia zen. Honen norabideekin bat zetorren kooperatibagintza.

G.- Zer-nolako giroa zegoen Deba Garaian?
E.- Itsasertzeko gizakia izanik eta Donostia inguruko giroan nahastuta, alde handia nabaritu nuen Deba Garaiko gizartearen izaeran: herri oso langilea, batuagoa, haserre gutxiagokoa. Pertsona arteko lehiakortasuna ez zen nik ezagutzen nuen bezalakoa (kontuan hartu ni oriotarra naizela). Konpromisoak hartzen zekien herria, leialtasun onekoa…
Nik itsasoa nuen maite, baina berehala egin nintzen bertako eta “atxabaltar” bat gehiago izan naiz.

G.- Sei seme, argi askoak. Harro egongo zara…
E.- Ez dakit “harro” den hitza, baina pozik gaude sortu ditugun semeekin. Hala ere, esan behar dut nire pozgarririk nagusiena emaztea dela. Gaztetan ere horrela zen eta, urteetan aurrera joan arren, senar-emazteen batasunak jarraitzen du sendiaren muina izaten. Ni ezer ez nintzateke emaztearekin ez balitz.

G.- Badakit zuen etxean, telebista begiratu ordez, “tertuliak” egiten zenituztela askotan afal ondoren…
E.- Beno, ez da erabat horrela, baina bai, telebista berandu samar jarri genuen umeen heziketan eragin gutxiago izateagatik. Lehenengoa giltzaduna ekarri genuen eta ahalegintzen ginen egoki erabiltzen. Tertuliak sarritan egiten genituen; hala ere, behar baino gutxiago. Gure familian maiz egin duguna, eta oraindik jarraitzen duena, abestea izan da. Gure sei semeek gitarra jotzen dute eta samur sortzen da abesti-giroa euren soinuak lagunduta.

G.- Gizartea, enpresa, Eliza… Zenbat gauza jarri dituzun martxan?
E.- Bai, arlo horietan zerbait saltsatu naiz. Martxan jarri ezer ez. Elkarte-lanean jardun dut ia beti. Batzuk gehiago, besteak gutxiago, denen artean egindako ahaleginak izan dira. Ez dut maite pertsona konkretuak goraipatzea eta are gutxiago omenaldi eta horrelakoak. Bestela ere apaltasunak (gizakiaren altxorrik ederrena) baditu nahiko aurkari.
Nik zentzu honetan aitortu nahi nukeena zera da: elkarte batean erakunde bat zuzen eta beharrezko arlotan aritzen bada, herriak beti ondo erantzuten du. Izan ere, herriaren (herri guztien) gehiengoa bihotz onekoa da eta denen ongia nahi du. Hau nire bizitzako esperientzia da.

G.- Beti ekin eta ekin, ez al zara inoiz estresatu?
E.- Batzuetan pentsatzen dut horiek topikoak direla. Izan ere, gehienetan gure egoerari buruz galdetzen digutenean erantzuna izaten da: “hementxe lan eta lan”, eta egiaz inoiz baino lan gutxiago egiten dugula uste dut. Beste batzuetan, gogo txarrez edo iparra galduta gabiltzanean estresatuta gabiltzala esaten dugu. Ez dakit ez ote diren gure bizitzako eskapada-ataka batzuk, gure benetako egoerari aurre ez egiteko.

G.- Trantsiziokoan ESB (Euskadiko Sozialisten Biltzarra) sortu zenuten…
E.- Beno, ni politiko kaxkarra izan naiz, eta naiz. Alderdi politikoez ari naiz. ESBk oso oinarri eta mezu ederra zeukan eta koherentzia handia zuen nire gizartearekiko konpromisoan. Beharbada, ideal asko eta tresna politiko gutxi erabili zuen eta horrek ez zuen balio hauteskundeetarako. Ia jaio ere ez zen egin.
Hala ere, ibilbide motx hartan jabetu nintzen alderdi guztien gaitz nardagarri batez: beste alderdi guztienganako mesfidantza eta norbere egiarenganako itsutasuna. Besteen erabaki eta ekintza guztiak ustelak dira, interesatuak, gu hondatzeko bideratuak… Gureak, berriz, beti zuzenak eta gizakiaren onurakoak. Honek asko zailtzen du politikagintza. Hala eta guztiz ere, politikoen artean badira pertsona zoragarriak, herriaren onerako dena ematen ari direnak. Ez ditugu denak zaku berdinean sartu behar.

G.- Eta kooperatibak zer? Horretan eman dituzu onenak, baina etorkizunik ba al dute?
E.- Bai, kooperatibagintzan eman ditut neure urterik gehienak (35 urte lantokietan) eta oraindik horretan dihardut. Nik itxaropen handia dut kooperatibetan (edo antzeko baloreetan oinarritutako egituretan) gizartearen etorkizunerako. Denok dakigu munduak ezin dezakeela horrela jarraitu. Lehertu egingo da, luzaro berdin jarraituz gero. Estatu ahaltsu batzuek ezin ditzakete beste guztiak oinpean hartu, beren legea ezarriz. Pertsona boteretsu batzuek ezin dute mundua euren interesetara bortxatu. Milaka milioi pertsonen desesperazioa gero eta larriagoa da eta gure natura zoragarria ere hondamendi bidean da. Beraz, zerbait egin beharko dugu. Nola?
Mundu guztian mugimendu asko sortzen ari dira gaurko biziera kontsumista aldatzeko. Pentsaera ezberdineko jende-mota asko dabil buru-belarri aldaketa bultzatu nahian. Nik uste dut Euskal Herriak ere baduela zer aportatu, eta horietako bat kooperatibagintza edo lantoki komunitarioena da. Izan ere, berdintasunetik eta pertsona guztien partaidetzatik bakarrik etor liteke benetako bakea, justizian oinarritutako bakea.
Beste aldetik, ez dut ikusten herri eta nazio pobretuak garatzeko beste biderik: euren ahalmenak batu eta etorkizunaren jabe egin, behar duten eta nahi duten garapena lortzeko.
Hainbat herri pobretutan egin ditudan ibileretan ez dut beste irtenbiderik ikusi egoera aldatzeko. Inork ez ditu “salbatuko” beren egoeran latzetik. Handik eta hemendik heltzen zaizkien benefizentziako ogi-apurrek ez diete ezer asko laguntzen, askotan alderantziz, itxaropena besteengan jartzen baitute eta euren kemena eta ekimena makaldu.
Benetako kooperatibagintzak gizakia osatu eta “aberastu” (zentzu onean) egiten du. Partaidetzak barruan daukan onena aterarazten dio gizakiari. Bere ahalmena indartzen du. Bere buruarekin konfiantza hartu eta pertsona askatu egiten du. Nire ustez, hauek dira herri guztientzat benetako garapenaren oinarriak.

G.- Zer irizten diozu Euskal Herriari?
E.- Ez da samurra gure Herri hau definitzea. Izan ere, hainbeste alde ezberdin ditu. Nik izaera hauek azpimarratuko nituzke: nahastua, orokorrean nortasun handikoa, mendekotasuna onartzen ez duena, borrokalaria (zentzu zabalean), batzen dakiena baina alderdikerietan ere oso samur jausten dena, erakunde ederrak, eredugarriak, sortzen dituena, zentzu unibertsalean ondo kokatzen dena, sentibera oro har, pozik eta lasai bizitzea gustatu arren zerbait hobeagoaren bila borrokatzen dena… Une batzuetan gure gatazkek eta eztabaidek nardatu egiten dute bat eta ipar-polora joateko gogoa ematen dizu. Baina konturatzen zara zure herria maite duzula eta gizakiaren egitekoa herria den bezala maitatzea da.
Gure herri honek balore izugarriak ditu eta tamalgarria da txikikerietan gure indar gehienak agortzea. Munduak, batez ere azpigaratuak, gure behar izugarria dauka, gure bizi-jakintzaren beharra. Herri pobretu hauei izugarrizko bultzakada emango genioke. Baina mesederik handiena geure buruarentzat litzateke. Besteengana itzultzerakoan osatzen baita egiaz gure bizitza.

G.- Gure herri honen etorkizunaz etsita ala itxaropentsu?
E.- Batzuetan gure alderdikeriek eta zenbait zikinkeriak nardatzen nauten arren, oro har itxaropentsua naiz gure herriaren etorkizunaren aurrean. Giza balore asko dituen gizartea da gure hau eta azkenean hauek erabakiko dute gure norabidea. Gure arazoak ez daude kanpoan bereziki, barruan baizik.

G.- Eta mundu zabalari begira, zerk ematen dizu beldur?
E.- Janari faltaz, medizina faltaz, ezagutza faltaz… daukagun sufrimenduak ematen dit beldur: sufrimendu zentzugabeak, alegia, ekidin daitekeen sufrimenduak, gauza horietatik guztientzat aski eta gehiegi baitago egon. Elkarbanatzeko borondatea besterik ez dugu falta.
Era guztietako babesgabeen, bereziki haurren eta emakumeen esplotazioak ematen dit ikara. Maila guztietako ahaltsuen eta aberastuen neurrigabeko egoismoak, eta horrekin batera plazeren degenerazioak, zoriontsu izateko jaio diren milioika gizakiri gizatasuna ukatzen baitiete.
Herrialde aberastu guztiak “harrapatuta” gauzkan kontsumismoaren grinak ematen dit beldur. Sendatzen zaila den gaitza da, drogaren antzekoa baita, eta irtetea zail. Baina gizarte-eredu hau mantenezina da, bai justiziaren ikuspegitik eta bai errekurtso naturalak agortzen ari garelako.
Ingurunearen suntsipenak ematen dit beldur: atmosfera, basoak, ibaiak, itsasoak, hondakin kutsakorrak… 5.000 milioi urte bizirik daramatzan lur planeta hiltzeko arriskuan dugu, azken 100 urtetako eragina dela eta.
Azkenik, gure lurreko 3.000 milioi behartsuren matxinadak ematen dit beldur (1.000 milioi erabateko behartsu eta 2.000 milioi “betiko” behartsu); izan ere, euren desesperazioa azken muturreraino iritsi da, herrialde aberastuek ezartzen dieten esplotazio-sistema dela eta.

G.- Eta zer ikusten diozu gaurko munduari eder?
E.- Aurreko galderan ezbeharrak eta beldurtzen gaituzten alderdiak aipatu ditut. Hala ere, ni ez naiz ezkorra, gizarte honetan ederretik gehiago dago gaizkitik baino, askoz ere gehiago gainera. Izadi eta gizadi guztia onez beteta dago. Baita pertsona bakoitza ere. Gure ongiari fruitu ateratzen asmatzea da gakoa. Gutxi batzuen saiakera da gure grina guztiak garatzea euren negoziorako, eta hori oso ondo bideratua dute, baina gehiengoa ohartzen ari da joko maltzur horretaz. Ongiaren nagusitasunaz itxaropen garbia dut. Hona hemen errealitate baikor batzuk:

  • Gaztedia, oro har, oso bihotz onekoa ikusten dut eta eskuzabala. Gure garaietan baino berekoikeria gutxiagokoa. Unibertsalagoa. Solidarioagoa. Askeagoa. Gure ohitura eta tradizio asko ez dituzte jarraitzen, baina sakonean gu baino hobeak dira.
  • Mundu osoko herri-indar anitzen artean sortu diren mugimendu sozialak, justizia eta berdintasunaren alde (foro sozialak). Inoiz ez da horrelakorik ikusi eta gero eta indar handiagoa dute. Hortik sor litezkeen ondorengoak pentsaezinak dira.
  • Herri azpigaratuen alde dabiltzan milioika pertsona eta milaka erakunde. Lehen misiolariak ziren. Orain, hauez gain, gobernuz kanpoko hainbat eta hainbat erakunde ari dira lan astun eta askotan arriskutsu horretan. Inoiz ez da hain zabala izan mugimendu hau.
  • Kristau heziketan haziak izan arren gehienok, oraingo Jesusen mezu gaurkotua aire fresko ederra gertatu zaigu hainbat pertsona eta elkarteri. Arauz eta beldurrez nahastuta geneukan erlijioa aske eta bizigarri bilakatzen ari zaigu. Beharbada gure zereginik nagusiena Jesusen benetako mezua denei adieraztea izango litzateke.

G.- Gobernuz kanpoko erakundeak aipatu dituzunez gero, esaguzu zerbait “Mundukide” Fundazioaz.
E.- Gure helburua herri-garapen proiektuak abian jartzea da euren ahalmenez baliatuz. Diru-laguntzak beharrezkoak dira baino beharrik handiena euren ekimena suspertzearena da.
Aspaldiko esana da “arrantzan erakutsi eta ez arraina eman”, baina hau inor gutxik egiten du benetan. Izan ere, “arrantzan” erakusteko lehenengo norberak izan behar du “arrantzale”, eta hau ez da gertatzen gehienetan. Mundukidek pertsona esperimentatuak bidaltzen ditu kooperazio-leku bakoitzera, eurekin bizi eta bertako partaideak hezteko. Euren geroaren zutabe berak izatea da helburu. Inoren laguntza gabe, epe ertainean, gai izan behar dute lanbideak sortzeko, ekoizpen errentagarriak gauzatzeko, ekonomia eta merkatua ulertzeko… Hau da, pobrezia gainditu eta pertsonen duintasuna eskuratu kanpoko dependentziarik gabe.
Mundukidek garapen duinaren bidean jarri nahi lituzke herri denak. Izan ere, pobrezia dago gaitz gehienen oinarrian. Hala ere, guk hemen bizi dugun garapena (garapen kontsumista eta jasanezina) ez da justu bultzatu nahi duguna. Alderantziz. Garapen duin eta jasangarria sustatzen saiatzen gara, eta euren baloreetan oinarritua. Azken finean, eurek aukeratu behar dute zer-nolako bizitza nahi duten. Guk hemengo okerkeriaz ohartarazten ditugu.

G.- Afrikan izan berria zara. Zertara joan zinen? Zer ikusi duzu?
E.- Bai eta, ahal badut, itzuliko naiz berriz ere. Ginea Ekuatorialean hartu du Mundukidek kooperazio konpromiso bat eta jarraitzaile-taldean nago ni. Luzeegia litzateke hemen azaltzea zertan datzan horrelako elkarlan bat. Helburua zera da: kanpotik ekarri behar izaten dituzten elikagaiak bertan ekoiztea, merkeago jarriz eta kalitatea hobetuz gainera. Izan ere, oinarrizko baldintza naturalak badituzte horretarako: lur ona, ura, eguzkia ugari… Pertsonen trebakuntza da eginkizunik handiena: trebakuntza profesionala eta gestiorakoa.
Bost urtetan 31 lanpostu zuzeneko sortu behar genituzke eta beste 250 nekazariri lana eman egoki bizi ahal izateko beste.
Errekatik argindarra sortzetik hasi, arrautza ernalduetatik txitak ateratzeko inkubadorak, pentsu-ekoizpena, haragitako oilaskoen hazkundea, oilasko-hiltegia, merkaturatzea, nekazarien zereal-ekoizpena, kreditua eta guztiaren administrazioa dira abian jartzen ari garen arlo nagusiak.

G.- Fededuna zara. Zalantzarik gabe?
E.- Fededuna baino gehiago fededun izan nahi duena. Nik uste dut fedea prozesu bat dela, egunero lortzen joan behar den zerbait.
Gero fedeari buruz aritzerakoan argitu behar dena zera da: zer Jainkorengan duzu sinesmena? Jesusek erakutsitako Jainkoarengan ala beste zerbaitetan? Eta, honekin batera, sineste hutsa al da fedea ala bizitza guztia eratzen duen barne-indarra? Nik azken hau dela uste dut. Hitz batean, fedea konbertsioan eta praxian gauzatzen da.
Zalantzak beti dituzu inguruan, baina nik esango nuke oinarrizko planteamenduetako zalantzak baino gehiago une ahulak edo makaltasunak gehiago izaten direla: nekaldiak, ingurukoekin arazoak, animu-gabeziak, norberaren hanka-sartzeak…. Apaltasuna lantzen ez bada itxaropena lausotu egiten da.

G.- Zerk lagundu dizu sinesten?
E.- Aspaldidanik gogoeta talde bat sortu genuen herrian eta oraindik jarraitzen dugu astero elkartzen . Honek asko lagundu dit. Baina guri laguntzera etorri diren pertsona zoragarriak, benetako fededunak, izan dira niri eta beste batzuei fedea argitu eta suspertu digutenak.
Gaurko profetak, benetako profetak dira niretzat fedearen suspertzaile hauek. Gure zorionerako, ez dira bat edo bi. Talde ederra dago. Hainbat pertsona anitzen artean: erakunde erlijioso ezberdinetakoak, sekularrak (emakume eta gizonezkoak)… Denetariko karismakoak, baina harrigarrizko batasuna daukatenak oinarrizko egietan. Nik uste dut kristau-herriak orain daukala inoiz izan duen mezurik argiena eta alaiena zentzuz eta koherentziaz bizitzeko.

G.- Eta sinesteko oztopo nagusia zein?
E.- Aitaren aurpegia hain ezkutuan egotea.

G.- Zer gertatzen da eliza katolikoan?
E.- Gauza asko esan daitezke hain handi eta anitza den edozein erakunderi buruz. Nire ikuspegitik, eliza katolikoa “handiegia” da, baina ez pertsona gehiegi gaudelako izena emanak, baizik handien eta boteretsuen zenbait jokabide erabiltzen dituelako. Noski, eliza katolikoaren erakunde nagusiagatik diot hori. Dena bateratu beharra, dena zaindu beharra, gehiena arautu nahia… Ez zen hori izan Kristoren jokaera. Hirugarren mendetik aurrera handitzen eta indar tenporala hartzen ekin zionean hasi zen lehengo senidetasun eta bizikizun hura galtzen.
Nire ustetan gaurkotze izugarria egin beharra daukagu gure eliza katolikoan:

  • Botere tenporala behin betiko utzi
  • Handikeria guztiak aldendu: jantzi ederrak, zeremonia espektakularrak, pertsonei erreberentziak…
  • Tenplu eder eta aberastasunez beteak herriari itzuli eta ordezko batzar-leku duin eta xumeak hartu
  • Kontzilio berri bat abian jarri lehenbailehen, Vatikano II.ak ekin zion bidea jarraitu eta burutzeko
  • Gizon-emakumeen berdintasuna behingoz onartu
  • Xumetasuna eta pobretasuna izan daitezela bizigiro fededunen artean
  • Ekumenismoari beldurrik gabe ekin, zenbait dogma (Elizak sortutako dogmak) indargabetzeak hainbeste kezkatu gabe
    Geure kristautasuna benetan indartzeko, “txikitasunean” bizi behar dugu. Herriko taldeetan. Komunitate bizietan. Denekin bat sentituz unibertsaltasunean nahiz eta gure “txokoan” lan egin. “Denekin” esaterakoan, munduko era guztietako kristauekin esan nahi dut, baita kristau ez direnekin eta sinesgabeekin ere.
    Nik oso gutxi erabiltzen dut “katoliko” hitza. Erosoago sentitzen naiz kristau bezala, eliza guztietatik hurbil.
    Katolikoen eta kristau guztion hobenik larriena Aita Ona ez maitatzea da, eta munduko neba-arreben arteko maitasun ezak nabaritzen du hori. Gizadiaren erdia gosez daukagu eta kristau izenekoak gara, batez ere, gainezka daukagunok. Adierazgarria da, Gure Aita otoizterakoan, eguneroko ogia “niretzat” eskatzen diogula oraindik ere, ohartu gabe “guretzat” eskatzeko erakutsi zitzaigula eta horren esanahia gurea banatzea dela. “Emaiezue zuek jaten”.

G.- Zer esango zenioke 18 urteko gazteari?
E.- Gauza asko esango nizkioke. Lehenengo, barkamena eskatuko nioke gaizki hezi dugulako, arazoz beteriko mundu bat sortu diogulako: kontsumismoa, herri pobretuen zapalkuntza (munduaren 2/3), naturaren suntsipena, produktibismoa… eta honekin batera maitasuna, daukagun gauzarik ederrena, lausoturik azaltzen diogu askotan. Bai, benetan mundu konplikatu batean uzten ditugu gure gazteak.
Honen ondoren, esango nioke gizartea bere zain dagoela gauzak hobetzeko. Gure belaunaldiak gosea gainditu eta osasun-zerbitzuak, heziketa orokorra, etxebizitza, lanbidea eta abar luze bat lortu zituen (gure herrientzako), eta hau ona da, baina aurrez aipatu ditudan arazo hauek guztiak sortuz. Ongizate materialari eman diogu lehentasun guztia. Orain gazteei gelditzen zaien eginbeharra izugarria da eta ederra aldi berean.
Mundua gizatiartzeak izan behar du gure gazteen “iparra”. Gizon-emakume guztientzat ongarri, aberasgarri (zentzu hoberenean). Berdintasuna eta senidetasuna sortuz lurralde guztietan.
Hori helburutzat hartuz, baina norberaren neurriko konpromisoa landuz, hala ere, eta ez munduaren zama guztia bere bizkarrean eramanez. Bakoitzak bere “hondar-aletxoa” ondo kudeatuz.

G.- Ezkontzera doanari, berriz, zer esango zenioke?
E.- Zoriontsuago izateko pauso eder bat ematera doala esango nioke. Ausartuko naiz aholku batzuk ematera:

  • Benetako erabakia izan dadila. Betirako. Onartuz aurrerantzean bat bezala jokatu behar dutela eta ez bakoitzak bere buruarekin pentsatuz. Erdipurdiko apustuak erdibidean gelditzen dira gehienetan.
  • Maitemintze sutsuak bide emango diola maitasun sakon eta baretu bati. Baina hori ez dela gauzatzen erakartasun fisikoarekin bakarrik, baizik eta, batez ere, giza baloreak landuz: elkarrekiko errespetua, elkar-laguntza, komunikazioa, gizarte- ikuspegiak eta konpromisoak adostuz (zaila da xume eta eskuzabala ondo eramatea kontsumista porrokatuarekin)…
  • Seme-alabek osatzen dutela bikotea, familia sortuz, maitasunaren zikloa eta mota zoragarriak garatuz. Hala ere, senar-emazteak izango direla guztiaren barne-muina. Bien arteko maitasuna dela familiaren oinarri eta zutabe. Baina maitasun hori zaindu eta elikatu egin behar dela egunero.

G.- Eta senda-ezineko gaitza duenari?
E.- Bizitza ederra dela hala ere. Gaixotasuna hor dagoen arren, ahalegindu dadila “gaixo” bat ez izaten. Bizitzako proiektuekin jarrai dezala. Zereginez bete ditzala bere orduak, dauzkan gaitasun guztiak garatuz, berak baino behar gehiago duten pertsonei lagunduz batez ere.
Azkenik, esango nioke osasun onena daukanarentzako ere bizitza hau oso laburra dela, “minutu bat”. Lehentxeago edo geroxeago joateak ez duela horrelako garrantzirik. Benetako eta betirako bizitza daukagula atean , eta itxaropen eder honi eusteko biziki.

G.- Zuk zeuk ere badituzu osasun arazoak, aspalditxoan gainera.
E.- Bai, aspaldian nirekin daude, baina nire zereginei aurre egiten uzten didate. Sarritan “ITV”a pasatu behar izaten dut eta hori ez da atsegina izaten. Nolanahi ere, ez naiz gaixo sentitzen eta ez dut lorik galtzen horregatik.

G.- Heriotzak ez dizu beldurrik ematen?
E.- Bai, noski! Gure izaeraren gertaerarik garrantzitsuena heriotza da eta ez dugu ezagutzen. Nola ez beldur izan?
Baina gaineratu behar dut betiko bizitza zoriontsua itxaro dudala eta, nahiz eta presarik ez izan, sarritan desiratzen dut zoriontasun hau. Gure bizitza ez da beti atsegina izaten: nekeak, ardurak, porrotak, hanka-sartzeak, ulertu ezinak, mesfidantzak… jota uzten zaituzte. Orduan bake- eta atseden-gogoa daukazu. Une hauetan gogoratzen zaizu, batez ere, Aitaren altzo gozoa eta maitasun amaigabea.
Heriotzari buruz baretasunez pentsatzeak baketu eta lasaitu egiten zaitu beldurtu baino gehiago.

G.- Hil eta gero zer?
E.- Esaldi batean esanda: Aita Ona ezagutu, bere aurpegia ikusi, maitasun lauso gabeaz bizi, bizitza osoa eskuratu.

G.- Lehengo hariari jarraituz: zer esango zenieke euskal politikariei?
E.- Nik hiru motatako politikariak bereizten ditut:

  • Anbizioz beteriko boterezaleak
  • Herriak bultzatuta nolabait, gogo gehiegirik gabe, politikari bihurtu direnak
  • Bere herriari on egin nahiz bide horretan sartu direnak eta dena emateko gertu daudenak
    Gure artean ere, beste lurralde guztietan bezala, denetarik dago.
    Ez daukat ezer berezirik esateko. Beharbada aholkatuko nieke lehenbailehen bereizteko non kokatzen diren hiru mota horietatik, eta lehenengoan badaude uzteko langintza hori. Herria zerbitzatzeko bakarrik izan liteke politikari.
    Bide batez, denei erregutuko nieke barruko arazoaz gehiago arduratzeko; izan ere, bertan dauzkagu handienak: abertzaleen artean lehenengo eta beste alderdiekin jarraian. Gure arteko adostasun nagusi bat lortu beharra dago ezer garrantzizkorik egingo bada. Horretan saiatzeko buru-belarri.

G.- Eta enpresariei?
E.- Enpresarien artean ere mota askotakoak daude Euskal Herrian. Ni langile arrunten eta enpresarien egitekoa elkartzen saiatu naiz bizitza guztian. Hau da kooperatibaren funtsa, hain zuzen.
Enpresariak edo enprendedoreak behar-beharrezkoak ditugu bizi-garapen egoki bat lortzeko, eta horien egoera eta ugalketa babestu eta zaindu egin behar ditugu. Baina hori esanda gero gaineratu behar dut, kapitala eta lanaren arteko interes kontrajarriak hurbildu behar ditugula. Aurkarien indarren oreka arriskutsuan bizi gara beti, hau da, kapitalaren eta langileriaren guda amaigabean Zergatik ez dugu bat egiten eta guztien ona bilatzen elkarrekin? Kapitalak herri guztiarena izan behar luke eta guztion ongizate duin bat ziurtatu behar luke. Enpresari edo enprendedoreak behar den neurrian tratatu eta ordaindu behar dira, euren ahalmen eta arduren arabera.

G.- Zure bizitzako oroitzapenik onenak?
E.- Nire oroitzapenak nahiko arruntak dira eta ez dauzkat oso gogoan. Bi oso xumeak aipatuko ditut zerbait erantzutearren.
Mozambikeko herri guztiz txiro batean (dolar erdi baino gutxiagoko errenta) bertako ordezkariekin batzartuta nengoela, galdetu nien euren beharrak zein ziren, gero nik neure herrian azaltzeko. Guztiz pobretu haien erantzuna betiko gelditu zitzaidan gogoan: ” gure beharrik handiena ikastea da, antolaketan, nekazaritzan, egituretan… Zuek hori guztia badakizue; guri erakusteko eskatzen dizuegu. Orduan herri honek erantzungo du”. Bost urte igaro dira ordu ezkero eta Marrupa herrian, behartsu haien eskakizunari erantzunez, lan ederra egiten dihardugu, dakigun apurra erakutsiz, elkarlan bikainean.
1963an Suitzako herrixka elurtu batera joan nintzen gure kooperatiba hasi berriarentzat makina batzuk erostera. Ostatutik lantegira bidean nindoala, irudi zoragarri bat neukan begi aurrean: neskato bat sanbernardo txakur handi batekin, karrotxo batetik lotuta, eta gainean marmita handi bat esnez beteta. Esnea banatzen zebilen etxez etxe txakur ederraren laguntzaz. Eguna alaitu zitzaidan.

G.- Eta gertakaririk mingarrienak?
E.- Mingarrienak senitarteko arazoak dira beti. Osasun arazoak eta bestelakoak. Horrez gain, minik handiena Euskal Herrian sortu diren hilketa eta bortxakeria bakoitzak eman dit. Honek zauri handiak egin dizkigu.

G.- Gehien gustatu zaizkizun liburuak?
E.- Aldizkariak gehiago irakurtzen ditut liburuak baino. Hauetatik batzuk oso ederrak eta sakonak dira: “Cristianisme i Justícia”, “Hemen”, gure elizbarrutiko kartak eta liburuxkak…. Gero, kooperazio-arloko hainbat errebista: “Mundo negro”, “Hirugarren mundua eta bakea”; “Hegoa”, “Alboan”, “Los Ríos”….
Azken aldi honetan atseginik handiena eman didan liburua Nazareteko Jesus, zer gizaki? zer Jainko? izan da (aldizkari honetako langile batek egina da, baina ez dut propagandagatik esaten. Horrela da). Benetan aholkatzen dut.

G.- Bete gabe gelditzen zaizun ametsa?
E.- Nik ez dut amets askorik egin. Beharbada mundu batu eta solidario bat sortzearena litzateke, txirotasunik gabea. Hori ez dut ezagutuko, noski, baina bideratzen ari dela uste dut pixkanaka.

G.- Zure buruz definitzeko bost hitz
E.- Arrunta. Odol-beroa. Inkonformista. Bihozbera. Exijentea.