LOE. ERlijioa eskolan

LOEk erlijioari emango dion trataera eztabaidagai dago. Nola ikusten duzu proposamena, eta zein da zuk erlijioari emango zeniokeen lekua?

1. Argi eta garbi diot hasieratik bertatik: Gobernu Sozialistaren proposamena gaurdaino inoiz izan den arrazoizkoena iruditzen zait. Hots: ikastetxe publiko guztietan irakats dadila erlijioa derrigorreko irakasgai ebaluagarri gisa, baina modu ez-konfesionalean (erlijioen historia, fenomenologia, filosofia…). Eta erlijio konfesionala ere eskain dadila, ikasleek (nahiz gurasoek) hala eskatuz gero, baina eskola orduetatik kanpo, ebaluaketari balio akademikorik aitortu gabe eta erlijio guztiei aukera berdinak emanez (kristautasuna, islama…). Kristautasunak ez baitu, berez, beste edozein erlijiok baino eskubide gehiago eskolan. Hezkuntzaren laikotasuna hori bada, ongi etorri bedi!

2. Erlijioaren presentziari, ordea, guztiz funtsezkoa deritzat haurren eta gazteen hezkuntzan. Artearen, literaturaren, etikaren presentziari bezain funtsezkoa. Gure haur eta gazteek nola ulertuko dute gure historia eta kultura, erlijioaren berri ikasi gabe? Gaurko euskal literaturako bertako hainbat obra eta pasarte ere nekez uler daiteke kultura biblikorik gabe. Hiruzpalau titulu aipatzearren: Consummatum est (J. M. Irigoien), Hamar manamenduak (X. Etxaniz), Eta emakumeak sugeari esan zion (L. Oñederra), Zeruetako erresuma (I. Borda). Edo bi pasartetxo ausaz: “Kurloiak Probidentziaz mintzatzen dira lorategiko jazminen artean saltoka” (F. Juaristi, Arinago duk haizea, Absalon). “Ba al dakizu zenbat denbora egon ziren Adan eta Eva paradisuan?” (B. Atxaga, Gizona bere bakardadean). Hizkuntzan ez ezik, nortasun kolektiboaren sustraietan daramagu erlijio biblikoa (onerako eta txarrerako). Eta norberaren buruari zor zaion arreta zor diogu.

3. Baina kultura baino ere areago, bizitza eta errealitatea bera daude jokoan. Zientziak, makinak eta kontsumogai guztiak ez dira nahikoa: izaten ikasi behar da. Jakintza guztiak ez ditugu aski: onak eta zoriontsuak izateko jakinduria behar dugu. Jakinduria horixe da niretzat erlijioa, eta guztiz gauza sinpleak eta funtsezkoak erakusten dizkit: begiak zabaldu eta begiratzen, oinak lurrean lasai tinkatzen, biriketan airea esker onez hartzen, neure burua eta izaki guztiak maitatzen, bizitzako hainbat oinaze eta gatazka bakean eramaten, nire azken galderak ez itotzen, nire lehen ametsei ateak zabaltzen, konfiantzaz bizitzen, itxaropenez hiltzen… Horretarako egon behar luke erlijioak ikastetxeetan.

4. Bai, badakit: pertsekuzio, zapalketa, umilazio, erreketa eta asmatu ahaleko ankerkeria guztiak eragin dituzte erlijioek milaka urtetan. Zergatik? Erlijioa sineskizun, erritu eta arauekin identifikatu izan delako. Boterearen tresna bihurtu delako. Azken batean –nire ikuspegitik– egiazko erlijio-bizipen libre eta libratzailea ukatu delako. Libra dezagun erlijioa, erlijioak libra gaitzan! Zerk libratuko gaitu bestela?

(HikHasi 102 [2005], 15. or.)