ERLIJIOA ESKOLAN

Duela hilabete batzuk, Espainiako Eliza katolikoaren adierazpide publikoetan puntako arazoa izan genuen erlijioa eta eskolarena. Eliz giroa gaiztotua dago, eta eztabaidak berriro laster itzuliko direlakoan nago. Eta beldur naiz, ez ote diren oso onean itzuliko, eta ez hain onerako.

Zilegi bekit giroari buruzko gogoetatxo bat, eskatu zaidan gaiari heldu aurretik.

 

1. Eliza beti liskarrean?

Itxura batean, Eliza katolikoko zenbait ordezkari petraldurik dabiltza, umorea eta patxada erabat galduta. Lanturako pronto, errietarako prest.

Nik ez dut Eliza petralik nahi. Fededun kristaua naiz eta Eliza maite dut, baina Eliz ordezkari askoren petralkeriak min ematen dit, eta askori, euren burua kristau katoliko gisa aitortzeko lotsa. Ez diet perfektuak izateko eskatzen, baina apalago, otzanago, gozoago izan daitezen nahi nuke. Eta ez diet, noski, borondate txarrik egozten. Garaiz kanpo ote dauden iruditzen zait, eta horixe da agian kontu guztia. Erlijio katolikoak gizartea taxutzen zuen garaiak joan ziren, eta horixe da ikusten edo onartzen ez dena.

Eta orduan, jakina. Liskarbideak edo liskarrerako aitzakiak noiznahi: abortua, eutanasia, erlijioaren irakaskuntza, Eliz erakundearen finantzaketa, homosexualen ezkontza, preserbatiboak edo… Ibarretxeren Plana!

Tamalgarria iruditzen zait. Ez dut nahi Eliza mutua, ez sakristietan gorderiko Eliza, ez Eliza lotsati eta beldurtia. Baina ezta egiaren eta onaren jabe den Eliza ere, ez irakasten bakarrik dakien Eliza, ez gizakien eta gizartearen kontrola bere gain hartu nahi duen Eliza, ez “betiko” doktrinari eta “betiko” moralari eutsi nahi liokeen Eliza. Gaurko kulturarekin adiskideturiko Eliza nahi dut. Gaurko gizartean, gaurko gaztedian konfiantza duen Eliza. Esaten adina entzuten, irakasten adina ikasten dakien Eliza. Bere patrikarekin eta besteen bragetarekin hain obsesionatua ez legokeen Eliza. Egia adina elkarrizketa maite duen Eliza solaskidea. Sexua baino justizia gehiago axola zaion Eliza. Gaurko egoerari eustea baino etorkizun berrirako bideak urratzea gehiago axola zaion Eliza bidelaguna. Umore oneko Eliza maite dut. Errukia eta bakea darion Eliza.

Horrenbestez, natorren gaira: eskolan erlijiorik bai? Eta izatekotan, zer baldintzatan?

 

2. Nondik gatoz eta zertan gara?

Eztabaida honen maratilak ulertzeko, nondik datorren laburki gogoratzea komeni da. Hona hemen hiruzpalau datu:

  • Frankismoaren garaian, “ez zen arazorik”: kristau-erlijio katolikoa Estatu-erlijioa zen eta, Eliza katolikoak Estatu konfesionalari ematen zion babesaren truk, Estatuak erlijio katolikoa babesten zuen arlo guztietan, zer esanik ez eskolan.
  • 1978ko Konstituzioak egoera arras aldatu zuen, teorian behintzat: gurasoek euren konbikzioen araberako erlijio-hezkuntza neska-mutikoei emateko duten eskubidea aitortzen du (27.3. art.). Erlijio-hezkuntzarik ez emateko ere bai, beraz.
  • Hurrengo urtean, hala ere, 1979an, espainiar Estatuak Erromako Aulki Santuarekin hitzarmen bat egin zuen, “erlijio katolikoa ikastetxe guztietan beste edozein irakasgairen pare irakasteko” konpromisoa hartuz. Bistakoa da, hitzarmen horrek Konstituzioa ukatzen duela, interpretazioak interpretazio.
  • 1980an, Erromarekiko hitzarmen hori aplikatzeko Lege Organiko bat onartu zuen Espainiako Gobernuak: zentro guztiek erlijio katolikoa irakatsi behar zuten nahi zutenentzat, nahi ez zutenentzat alternatiba gisa “etika” eskainiz. Irakasleei Estatuak ordaindu behar zien. Protestante, judu eta musulmanek ere exiji zezaketen edozein zentrotan euren erlijioa irakastea, baina horretarako ikasgela bakoitzean 10 ikasle behar zituzten gutxienez.
  • 1994an, Gobernu Sozialistak lege berri bat onartu zuen: erlijio irakasgaiaren ebaluazioak ez zuen baliorik izango Batxilergoko batezbesteko notarako, ezta Administrazio publikoko bekak emateko ere; ordu arte erlijioaren alternatiba zen “etika”ren ordez, berriz, ebaluaketarik gabeko “ariketak” eskaini behar zituen ikastetxeak.
  • 2002an, PP-ko Gobernuak beste lege bat onartu zuen: erlijioaren ordezko alternatiba gisa, “Sociedad, Cultura y Religión” deritzan irakasgaia eman behar zen, eta askok eta askok irakasgai berri honi erlijio katolikoaren jite bertsua hartzen zioten.
  • 2004an, Gobernu Sozialista berriak 2002ko legea bertan behera utzi zuen, eta 1994ko legera itzultzen zen, harik eta proposamen berria lege bihurtu arte.
  • Proposamen berria: ikastetxe guztiek erlijioaren irakaskuntza ez-konfesionala eskaini beharko dute, baina ez irakasgai berezi gisa, beste zenbait irakasgairen atal gisa baizik (Historia, Filosofia, Geografia…). Nahi duenari, berriz, erlijio- irakaskuntza konfesionala eskaini behar dio (kristautasuna zein beste erlijioak, eskerik balitz). Erlijio konfesionala nahi ez dutenentzat, zentroak ez du beste inolako ariketarik eskainiko (ikasleak etxera joan daitezke, beraz, edo jolasera).

Horra Espainiako egoera. Europako beste Estatuei dagokionez, alde handiak daude batetik bestera: Frantzian ez da inolako erlijio-irakaskuntzarik eskola publikoan (Alsazian eta Lorenak izan ezik); Estatu askotan kristautasuna eskaintzen da (batik bat bederen), eskola-orduetan eta alternatibarik gabe, baina nahi ez dutenak libre gera daitezke, espresuki hala eskatuz gero (Erresuma Batua, Grezia, Irlanda, Danimarka); beste batzuetan, “derrigorreko” alternatibak (etika, filosofia…) eskaintzen dira (Alemania, Belgika, Finlandia, Italia, Portugal); beste batzuetan, erlijio askori edo guztiei aukera bera eskaintzen zaie, eskola-orduetan beti ere (Austria, Danimarka, Holanda, Norvegia); han-hemen, erlijioa orokorrean ematen da (Suedia, Suitza).

 

3. Gizarte laikoari bai

Gizarte laiko baten alde nago argi eta garbi, eta arlo guztietan. Alegia: ez dut uste ez kristau-Elizari, ez ezein erlijio-erakunderi dagokionik gizartea arautzea. Gizarteko legeak gizarteak berak ezarri behar ditu demokratikoki, demokraziaren eskakizunak ahalik eta gehien ziurtatzen saiatuz, eztabaida librea bideratuz eta, azken batean, gehiengoaren erabakia errespetatuz. Elizak edo edozein erlijio-erakundek eskubide osoa du bere iritzia agertzeko, baina ez bere iritzia guztientzat lege bihurtzeko. Horrek ez du esan nahi erlijioa “sakristietara” edo norberaren mundu pribatura bakarrik zokora daitekeenik. Erlijioak –eta erlijio-erakundeak– bere-berea du dimentsio publikoa, are politikoa, baina erakunde erlijiosoak ez du inolako eskubiderik bere ikuspegia edo aukerak gizarteari ezartzeko.

Erlijio-irakaskuntzari dagokionean, horrek esan nahi du eskolak “laikoa” izan behar duela. Ez, noski, laizista, erlijioaren etsaia, erlijioaren inolako presentziarik gabea. Baina bai plurala eta akonfesionala, hau da, guztiei –sinestun ala sinesgabe– aukera berdinak emango dizkiena, eta erlijio bakar baten edo batzuen interesak beste erlijioen edo erlijiorik ez dutenen gain ezarriko ez dituena.

Uste dut, Espainiako Gobernu Sozialistak luzatu duen proposamena oro har –aurrerago aipatuko dudan funtsezko puntu bat salbu– nahiko arrazoizkoa dela: ikasle guztientzat erlijioa irakasgai bezala, baina erlijio akonfesionala; eta erlijio konfesionala ere bai hala eskatzen dutenentzat, baina eskola-orduetatik kanpo eta balio akademikorik gabe, eta nahi duten erlijio guztiei aukera bera emanez. Guztiei aukera bera ematea ez da, noski, erraza izango: herri txiki bateko eskolan musulman bat eta budista bat badira, bakoitzari bere irakaslea jarri behar ote dio Administrazioak? Mila egoera korapilotsu gerta daitezke, baina printzipioa egokia da nire ustetan: bai eskolan erlijio akonfesionalari, ez inoren pribilegioei.

 

4. Nor bere kulturan kritikoki errotzeko

Gizarte laiko eta plural batean, ez da printzipioz eskolaren egitekoa erlijio zehatz baten sineskizun, arau eta erritu bereziak haurrari edo gazteari transmititzea. Baina, hori hala izanik, ez zait iruditzen erlijioak eskolatik erabat kanpo gelditu behar duenik. Erlijio konfesionalak agian bai, baina erlijioak orokorrean ez.

Duela urte pare bat, Régis Debray-k, Che Guevara-ren taldekide izanak, Frantziako Hezkuntza-Ministro sozialista Jack Lang-i aurkezturiko txosten sonatu batean, zera proposatu zion: Frantziako eskola publiko eta laikoan erlijio-fenomenoaren irakaskuntza sartu behar zela berriro, “hezkuntzaren ezinbesteko osagaia baita, eta oinarrizko irakaspen guztien luzapena”.

Régis Debrayk ez zuen nahi neska-mutikoei erlijio bateko sinesteak eta arauak barnean itsasterik; ez zuen nahi gaztetxoak kristau edo musulman edo budista bihurtzerik. Baina erlijioaren eta erlijioen berri ematea funtsezko eta ezinbesteko jotzen zuen. Zertarako? Debrayren esanetan, Errenazimenduko pintura ulertzeko, Bachen Magnifikat-a konprenitzeko, gaurko munduan kokatzeko. Azken batean –zioen–, geure burua hobeki ezagutzeko.

Jakintzen xedea ez da “jakitea”, baizik eta gizaki jator –zoriontsu eta senide– izaten ikastea, ikasiz joatea. Eta horretarako ezinbestekoa da nor bere munduan, kulturan, lurrean ongi erroturik egotea. Erroturik dagoena izan daiteke libre, ez edonongo haizetara airean dagoena. Eta kritikoki erroturik dagoena izan daiteke libre, ez besteengandik jasotakoari beti burua makurtzen diona. Horra eskolaren zeregin sakratua: haurra eta gaztea bere kulturan kritikoki sustraitzea.

Eta uste dut, Debray-k bezala, gure kultura partikularrean ez ezik, munduko kultura unibertsalean egiazki errotzeko, funtsezkoa dela erlijioaren eta erlijioen berri eskolan ematea. Gizadiaren historia eta kultura ez dago ulertzerik Zaratustra, Buda, Konfuzio, Jesus eta beste hainbat ezagutu gabe. Literatura unibertsala erlijio-erreferentziaz josia dago muinetaraino, XX. mendera arte behintzat (euskal literatura zer esanik ez). Oteizaren Arantzazuko eskulturak ez dago ulertzerik, “apostoluak” zer diren jakin gabe. Bach-en Nekaldia edo Mozart-en Requiem-a ez dira berdin gozatzen, haien giro espiritualean murgilduta edo murgildu gabe (beste kontua da, norbera giro espiritual horrekin identifikatzen den ala ez).

Gure erroak dira, historiaren jatorritik beretik belaunaldiz belaunaldi datorkigun eta osatzen gaituen ondare kulturala. Historiako kultur adierazpen guztietan nabari da erlijioaren ukitua edo erlijioaren ekarria: artean eta etikan, usadioetan eta legeetan, sinesteetan eta errituetan, hilarrietan eta hilobietan… Eta erlijio-adierazpenak hurbilxeagotik edo urrunxeagotik ulertzeko gauza ez dena ez da bere kultura barnetik ulertzeko gauza.

Ondorioz, erlijio-gaia eskola guztietan eta ikasle guztiei ematearen aldeko naiz. Ez erlijio bat (kristautasun katolikoa, kristautasun protestantea, islama, budismoa…) konfesionalki, baizik eta erlijioaren kultur adierazpenak orokorrean, eta adierazpen horien barne-ulerpiderako klabe nagusiak, hau da: Erlijioen Historia, Erlijioaren Fenomenologia eta Erlijioaren Filosofia, hiruak batean. Eta, noski, erlijio-irakasgai akonfesional horrek beste edozein irakasgairen pareko izan beharko luke, irakaslegoaren ordainketari, ebaluazioari eta abar dagokionez.

Hari honetatik, oharpen kritiko bat egingo nioke Espainiako Gobernuak aurkeztu zuen proposamenari: erlijioa aparteko irakasgai gisa ez, baizik eta Historian, Filosofian eta abar banaturiko zehar-gai bezala ematea proposatzen zuen. Ez deritzat egoki. Beldur naiz, ez ote litzatekeen horrela erlijio-gaia arinegi eta lausoegi azalduko, hezkuntza integralaren kaltetan.Uste dut, erlijioak baduela aski nortasun eta berezko mami, aparteko irakasgai bezala emateko.

Sustraitu, beraz. Baina ez sustraietan itotzeko, sustraietatik biziberritzeko baizik. Kritikoki sustraitu, zer den zanpatzaile eta zer askatzaile, zer estugarri eta zer zabalgarri, zer ilungarri eta zer argigarri bereizten neska-mutikoei lagunduz. Erlijioa aise bihurtzen da intolerantzia eta mendekotasun guztien berme, sineskeria eta bortizkeria guztien justifikazio. Ondorioz, edozein kultur adierazpenekiko eta edozein erlijiorekiko kritiko izatera eragin behar luke eskolak. Baina, nire ustetan, erlijioa bera da kritika-eragilerik zorrotzena ere. Izan behar luke. Egiazko erlijio-bizipena duenak ezin du inongo iritzirik, sineskizunik eta botererik sakralizatu, absolutu bihurtu. Ezta erlijioa egiazki irakasten duenak ere.

 

5. Gizatasunaren erroak zaintzeko

Erlijioa (Erlijioen Historia, Erlijioaren Fenomenologia eta Filosofia) eskola guztietan irakasgai bezala emateko arrazoi bat azaldu dut orain arte: haurrak eta gazteak kulturan txertatzea eta sustraitzea, iraganeko eta gaurko kultur adierazpenak ulertzeko baliabideak eskaintzea.

Baina hori ez da guztia. Artea ez da irakasten artistak omen diren gizaki bakan batzuen obrak ulertzen laguntzeko soilik, artistak ikusten duena ikusten ikasteko baizik. Ikusten, gozatzen, sufritzen. Bizitzen. Halatsu erlijioa ere. Nire iritzian, erlijioa irakastea ez da gaurko kulturaren antzinako erroak ezagutzeko bakarrik; ez da gure hizkuntzan oraindik bizirik dauden erreferentzia biblikoak edo Oteizaren obra hobeki ulertzeko bakarrik. Biziaren eta gizatasunaren iturbegietara bidea erakusteko ere bada –izan behar luke batik bat– erlijio-irakasgaia.

Dakienarekin, dakusanarekin, daukanarekin ez du aski gizakiak. Horregatik dira poetak, eta musikariak eta ipuin-kontalariak. Eta maitaleak. Eta justiziaren aldeko militanteak. Eta mistikoak. Horretarako behar luke izan erlijio-irakasgaiak: haratago ikusteko, isiltasuna entzuteko, esanezina esateko, barnerago joateko. Den ororen arnasa arnasteko eta den ororen senideago izateko. Zergatik bizi eta zertarako bizi izateko. Oinarri arin eta tinkoetan oinarritzeko. Bakean eta konfiantzan bizitzeko.

 

5. Erlijioa irakatsi?

Tagore, idazle ospetsu eta mistiko handiak idatzi zuen: “Haurrei erlijioa irakats dakiekeela uste izatea, orkideari hazten irakats dakiokeela uste izatea bezalatsu da. Orkideari, izatekotan ere, lur egokia jar diezaiokegu, eta ongarri suspergarria, eta behar dituen umeltasuna eta tenperatura; hortik aurrera, Naturak berak egingo du”.

Sineskizunak, errituak, arauak, fundatzailearen historia… horiek erakuts daitezke eta ongi dago. Baina hori guztia ez da funtsezkoena inongo erlijiotan. Ezinbestekoa izan daiteke, lurra orkidearentzat bezala, baina ez da aski. Eta azken finean ez da funtsezko. Erlijio-bizipena da funtsezkoa. Eta zer da erlijio-bizipena? Begirada berria, sentiera berria, biziera berria; askatasuna, hurkotasuna, konfiantza; harridura, begirunea, esker ona… Eta hori barruak ematen du, barruan ernetzen da.

Orkideak ura eta lurra kolore eder, forma zoragarri bihurtzeko gaitasuna duen bezala, gizakiak ere barruan darama –garunean, atomoetan, zeluletan…– ikasia bizipen bihurtzeko gaitasun misteriotsua, ikusezina ikusteko eta atzemanezina sumatzeko dohaina, fededun edo poeta edo maitale bilakatzeko ahalmena. Hori ez da “erlijioa” nahiz “artea” nahiz “etika” irakaste hutsez lortzen. Gizaki orok Jainkoaren Espiritua barnean daramala aitortzen du kristauak (eta, egia esan, erlijio guztiek, modu batera edo bestera). Jainkoaren Espiritua, hau da: jainkozko argia, bizia, arnasa, edertasunaren miraria, maitasunaren beroa. Jainkoaren Espirituak gidatzen du poeta, eragiten dio militanteari, eta bultzatzen maitalea maitearengana. Biziaren jainkozko indar misteriotsuak eragiten dio orkideari ere…

Beraz, Eliza katolikoari ez lioke axola handirik izan behar “erlijio katolikoa” eskola-orduetan irakasten ote den ala ez, eta “erlijioko notek” matematikakoek bezala balio izango duten ala ez. Hortik nekez etorriko da fedea. Gaurko “fedegabe” guztiak ez ote dira, ba, euren garaian erlijio katolikoa txintxo-txintxo eskolan ikasiak?

Erlijio-gai zehatz batzuk eskolan irakastea baino askoz garrantzizkoagoa da eskolak gaztetxoen gizatasuna sustrai sakonetan errotzea: edertasuna gozatzeko aukerak eskaintzea, justiziaren egarria dastaraztea, misteriora hurbilaraztea, konfiantza handian murgilaraztea… Gainerakoa berez etorriko da, Jainkoaren Espiritu unibertsalak bultzaturik. Eta ez dio hainbeste inporta izango haur edo gazte hori “kristau” eta “katoliko” izango den ala ez… Ene Eliza katoliko horrek, ez izan beldurrik! Izan ezazu konfiantza Jainkoarengan, gizakiarengan, naturarengan! Izan konfiantza gaurko kulturan! Izan zaitez gaurko gizartean konfiantzaren mezulari eta testigu!

Bake eta on, adiskidea, Elizaren izenean!

(Jakingarriak 55/56 [2005], 18-23 or.)