ERLIJIO-ZIENTZIAK UNIBERTSITATE PUBLIKOAN

Gurean noizko?

Ezagutzaren gizartea omen garenean, harritzekoa da zeinen ezjakina den gure gizartea erlijio gaietan.

Baina nola jakingo dute, irakasten ez bazaie, gure haur, nerabe zein gazteei erlijio gertakariaren eta erlijio desberdinen berri egoki ematen ez bazaie? Eta nola emango zaie egoki, modu akonfesional, anitz eta objektiboan ez bada? Eta nola izango da posible erlijioaren irakaskuntza akonfesional, anitz eta objektiboa, irakasle egokiak prestatzen ez badira? Eta non prestatuko dira, Unibertsitate publikoan Erlijio-zientzien ikasketarako egitura aproposik ez bada? Galdera horien ardatzean lotuko ditut ondorengo gogoetak.

Erlijioa oinarrizko giza gertakaria da, gizakiaren zorionerako nahiz zoritxarrerako. Eta gertakari publikoa da, nahi izan ala ez, elkarbizitzaren mesederako izan ala kalterako. Onerako izan dadin, eta ez gaitzerako, ezinbestekoa deritzot erlijioen ezagutza gizartean bideratzea. Eta ezagutza egokirako, ezinbestekoa iruditzen zait akonfesionaltasuna, eta akonfesionaltasunerako, trebakuntza unibertsitarioa.

Akonfesionaltasuna eta irakasle akonfesionalen trebakuntza: biak batera ezinbesteko baldintza dira, gure gizartean erlijioari buruzko ezjakintasun larria gaindituko bada.

1. Hezkuntza publikoan erlijio-irakaskuntza konfesionalari EZ

Sestra piztua dute berriro, ez dakit Espainiako gobernuak gotzainen burutik ala Espainiako gotzainek Gobernuaren eskutik. Hezkuntzaren lege berriak (LOMCE) – zazpigarren erreforma da espainiar estatuan, 1978an demokrazia ezarri zenetik! – zentro publikoetan erlijioa irakasteko baldintzak berritu ditu – laugarren aldiz!–, eta liskarra areagotu.

Ikastetxe publikoek erlijio konfesionala eskaini beharko dute, orain arte bezala, baina lege berriak bi aldaketa ezartzen ditu, txikiak itxuraz, handiak funtsean: 1) Erlijio konfesionalak ebaluaketa izango du, matematikak bezalaxe, eta notak efektu guztietarako balioko du (batez besteko notak, bekak…). Eta 2) Erlijio konfesionala ikasi nahi ez duenak beste ikasgai funtsezko bat izango du ordez (erlijioa ikasteko gogo handirik ez duenak ere errazago aukeratuko du hartara).

Pausu bat aurrera behar zen, eta bi eman dira atzera. Eta hirugarrena ere ematear egon da: erlijio konfesionala Batxilergo osoan zehar derrigor eskaini beharra. Gobernua ez da horretaraino ausartu, Gotzain- Konferentziak eta PPko zenbaitek hala eskatzen zuten arren.

Erlijio katolikoari dagokio batez ere kontu hau guztia. Egia da eskubide bera aitortzen zaiela teorian “errotze nabarmeneko konfesio” gisa onartuak izan direnei: Islama, erlijio ebanjelikoa, erlijio ortodoxoa, mormoiak, Jehovaren Lekukoak, judaismoa eta budismoa. Baina zentro askotan gutxieneko ikasle-kopuru bat behar da, eta baldintza hori ezin izaten dute bete orokorrean erlijioek, erlijio katolikoa izan ezik. Islamak 46 irakasle besterik ez du espainiar estatuan: horietako bi Euskal Autonomia Erkidegoan, bat ere ez Nafarroan; gainerakoek ere ez dute irakaslerik EAEn, eta Espainian banaka batzuk besterik ez. Judu eta budistei, gutxi izateaz gain, bost axola zaie euren erlijioa eskolan irakatsi ala ez.

Erlijio katolikoaren aldeko jarrera hau zuritzeko, PPko Gobernuak esan du Espainiar Estatuak 1979an Vatikanoarekin sinatutako ituna “derrigor bete beharrekoa” dela. Itunak betetzeko dira, ados, baina egokiago litzateke itun konfesional hori indargabetzea, zeren Franko hil eta gutxira sinatu baitzen eta Konstituzioak aitortzen duen Estatuaren akonfesionaltasuna nabarmen urratzen baitu. Eta itunak betetzekotan, denak bete beharko lirateke, baita, esate baterako, Elizaren autofinantzaketa hiru urte baino lehen bideratuko zuela aginduz Vatikanoak sinatu zuena ere. Hogeita hamasei urte eta gero, Elizari dirutza publiko handiak, urtetik urtera handiagoak, ematen jarraitzen du oraindik espainiar Estatuak, sinatutako itunaren aurka.

Ez dirudi, beraz, itunari zaion begirunea denik erlijio katolikoari eskola publikoan ematen zaion faborezko tratuaren zergatia. Ezta PPren elizkoitasuna ere. Askoz sinesgarriago dira alde bateko zein besteko interes politikoak: Elizak bere statusari erosoago eusteko pribilegioak behar ditu, eta PPk katoliko askoren botoak behar ditu pribilegio batzuen truk. Pribilegio politikoak behar dituen erlijioa galdurik dago, sistema erlijiosoaren babesa behar duen sistema politikoa bezalaxe.

Zerbait irabazten ote du horrela erlijio katolikoak? Bai zera! Galdu besterik ez du egiten, galera-bidea sakondu besterik ez. Ikastetxe publikoetan dogma edo doktrina katolikoa derrigorrean ikasarazteak dogma eta doktrina horien sinesgarritasuna hondatzen du, eta ikasleak Eliza katolikotik ez ezik erlijio orotatik urruntzen. Eta okerrena, Jesusen Ebanjeliotik ere urrundu egiten ditu, eliz erakundea eta Jesusen Ebanjelioa dena bat delakoan. Ez dira bat. Nago, alderantziz, Jesusek ez lukeela Doktrina katolikoaren irakasgaia gaindituko. Areago, aukeratu ere ez lukeela egingo.

Daukagun sistemak, LOMCE lege berriak are okerrago bihurtzen duenak, erlijioari buruzko inolako ezagutzarik gabe uzten ditu erlijio katolikoa aukeratzen ez dutenak –bigarren hezkuntzan eta batxilergoan gehienak dira, eta gero eta gehiago izango dira–. Dilema gaizto batera kondenatzen du gure gizartea: ala erlijio konfesionala (azken batean, erlijio katolikoa) ikasi ala erlijioaz ezerez ikasi. Ezereza ari da irabazten.

2. Hezkuntza publikoan erlijio-irakaskuntzari BAI

Bego argi: on eta beharrezko deritzat eskola publikoan erlijio gertakaria irakasteari. Guztiz beharrezko jotzen dut gure haur eta gazteek Moises eta Mahoma, Konfuzio eta Laozi, Buda eta Mahavira ezagutzea. Eta Daoa eta Korana. Eta Biblia: Adam eta Evaren mitoa (gizakiaren ispilu), Cain eta Abel anaia bikien historia gogorra, edo uholde handian bizidunak salbatu zituen Noeren kutxarena, edo hizkuntzen ugaritasuna sagaratzen duen Babeleko dorrearena. Amos profetaren salaketa zorrotzak, Isaias profetaren iragarpen hunkigarriak. Nazareteko Jesusen Mendiko hitzaldia, Zoriontasunak, Samariar onaren parabola… Belen eta artzainak, Pilato eta Kalbarioa. Gurutzada ankerrak eta Asisko Frantziskoren senidetasun unibertsala. Lutero eta Erreformak. “Mundu berrian” Ebanjelioaren izenean egindako sarraskiak. Erlijioaren argiak eta ondrak, itzalak eta makurrak: superstizioak, beldurra, nagusikeria, basakeriak, herejeen erreketak, gerra “santuak”… Hori guztia ezagutzen ez badute, zer ulertuko dute gure gazteek museo batean? Nola ulertuko dute gure literatura, egutegia, festak…? Nola maiteko dute, kritikoki maite ere, gure historia? Nola sartuko dira gure iraganaren eta orainaren erroetan barrena, bizi-izerdi berriaren bila?

Orduan zer? Nire aukera argia da: eskola publikoan –eta hezkuntza-maila guztietan– erlijio gertakaria irakastearen alde nago, baina ez modu konfesionalean. Hau da: eman dadila erlijio gertakariaren berri –erlijioen historia bereziki– bere sakon eta zabalean, era anitz eta objektiboan. Ez dut esan nahi modu “objektibo” hotzean, baizik eta modu enpatikoan, musika edo artea edo literatura ematen den bezala. Baina ez daitezela eman erlijio batzuk bakarrik, erlijio katolikoa azken batean; eta irakasleak ez daitezela izan gotzainek (edo imanek, edo inolako erlijio-agintarik) izendatuak, baizik eta gaitasunen eta merezimenduen arabera hezkuntza-erakunde publikoek hautatuak, historiako nahiz matematiketako irakasleak bezalaxe; eta, noski, edukiak ez daitezela izan gotzainek (edo imanek edo inolako erlijio-agintarik) ezarriak, erlijioen historiako eta filosofiako gaietan adituek baizik, “sinestun” izan edo ez. Gizarte anitz eta askotarikoan bizi gara, atzera bueltarik gabe, eta horrek “laikotasuna” eskatzen du gizarte-arlo guztietan, hezkuntza barne. Baina “laikotasunak” ez du inondik esan nahi “erlijiogabetasuna”, akonfesionaltasuna baizik.

Ez dago egia bakarrik. Esan nahi dut: ez dago egiaren jabe bakarrik. Ez dago, beraz, elkarren tolerantzia eta elkarrizketa beste egia-biderik, gizabiderik. Eta horretan lagundu behar luke erlijioak. Horretan lagundu behar luke erlijioaren ezagutzak eskolan: elkarrekin eta elkarrengandik ikasten, elkarrekin bizitzeko. Horixe eskatzen du Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak ere: “Talde erlijioso desberdinen arteko ulermen, tolerantzia eta adiskidetasuna sustatu behar ditu hezkuntzak” (26.2. art.). Gauza bera dio UNESCOk (4.2. art.).

Erlijio-irakaskuntza konfesionalak, ordea, nekez lagun dezake horretan. Gizadiaren historiako maisu eta tradizio espiritual, erlijioso nahiz etiko handien ekarpena ezagutzeak lagun dezake, inolako proselitismorik, apologetikarik, doktrina bidezko buru-jaterik gabe. Eta horretarako, erlijio eta agnostizismo, “sinestun” eta “sinesgabe” desberdinen artean adosturiko curriculuma beharko litzateke maila guztietan, gure gizartea erlijioarekiko analfabetismotik erlijio-ezagutza anitz eta kritikora igaro dadin. Eta, beraz, curriculum hori azaltzeko gaitasuna frogatua duten irakasleak beharko lirateke.

Horra, nire iritzian, erlijio irakasgaiaren etorkizuneko bide bakarra hezkuntza publikoan. Ezin dut bestelakorik imajinatu, iruditzen baitzait formula konfesional guztiak porrotera kondenatuak daudela. Porrotera, hots, arestian aipatutako dilemara: erlijio konfesionala ala ezerez; erlijio konfesionala aukeratzen ez dutenentzat ezerez. Hau da, gehien gehienentzat ezerez, urtetik urtera urrituz baitoa erlijioa aukeratzen dutenen kopurua, hondoa jotzeraino, guztiz desagertzeraino kasu askotan. Eta azken urteetako historiak ez al digu aski argi erakutsi zein urria, are hutsa den erlijio irakasgaiak, aukeratu dutenengan ere, eragin duen erlijioarekiko atxikimendua?

Badakit, jakin, erlijio-irakasle gehienen ikuspegia ez dela, gaur gaurkoz, batere konfesionala, baizik eta alderantziz, zabala eta kritikoa. Baina, apaiz gazteen artean eta teologia zentroetan nagusitzen ari den giroari erreparatuz, beldur naiz ez ote den nagusituko gero eta pentsamolde itxiagoa eta konfesionalagoa, eta ez ote dituzten irakasle guztiak molde horretara gero eta gehiago behartuko. Ari da gertatzen. Are ziurrago egingo du porrot. Are beharrezkoago izango da, beraz, erlijio irakaskuntzaren akonfesionaltasuna.

Orain arte esandakoak horrela badira, ordea, berez dator galdera: non trebatuko dira erlijio-irakasle akonfesionalak unibertsitatean ez bada? Eta nola trebatuko dira, baldin eta unibertsitateak ez badu eskaintzen Erlijio-zientziak sakon ikasteko aukera?

Orain artekotik lau ondorio jarraitzen dira, beraz, elkarrekin estu lotuak: 1) Erlijio gertakariaren irakaskuntza hezkuntza-maila guztietan eta molde akonfesionalean emango bada, irakasle egokiak beharko dira, Erlijio-zientzietan ongi trebatuak; 2) Historia edo literatura edo arte irakasleak bezalaxe, erlijio-irakasleak ere unibertsitateak prestatu behar ditu; 3) Ezin da baztertu Teologia Fakultate konfesional batek erlijioa modu akonfesionalean emateko irakasle egokiak prestatzea, baina, printzipioz, Unibertsitate publikoaren zeregina izango litzateke; 4) Horretarako, ordea, Erlijio-zientzien departamendu gisako bat beharko litzateke Unibertsitate publikoan.

Honetara iritsi nahi nuen sarrera luzeegi honekin. Erlijio-zientziek unibertsitatean zer nolako presentzia behar luketen aztertzeko eskatu zitzaidan, baina ezinbestekoa iritzi diot azaltzeari zergatik eta zertarako den beharrezko unibertsitatean Erlijio-zientzien presentzia. Orain artekoa alferrik izan ez delakoan, beraz, hel diezaiodan gaiari erdiz erdi.

3. Erlijioa Unibertsitatean. Adierazpen esanguratsu bat[1]

2010ean, espainiar Estatuko 10 unibertsitate publikotako[2] 18 irakaslek adierazpen garrantzitsu bat sinatu zuen, izenburu honekin: “Bologna plana eta Erlijioen historiaren irakaskuntza espainiar unibertsitatean” (El plan Bolonia y la enseñanza de la historia de las religiones en la universidad española). Gaurko gazteek erlijio arloan duten ezjakintasunari larria eta deitoragarria deritzote adierazpenaren sinatzaileek, baina ez dira derrigor erlijioren bateko kideak, eta nolanahi ere ez dute sinatzen sinesmen baten izenean, ezagutzaren izenean baizik.

Sinetsita daude, Max Müller, erlijio konparatuen aitzindariak, esan zuenaz: “Erlijio bat bakarra ezagutzen duenak ez du bat bakarra ere ezagutzen”. Erlijioen historia hezkuntza-maila guztietan eman behar litzatekeela aldarrikatzen dute, baina ez daude ados oraingo formula konfesionalarekin. Hona adierazpeneko giltzarri nagusiak:

1) Elkarrizketa bultzatzeko. Erlijioen historia ikasteak, kulturaren aberasgarri izateaz gain, badu beste helburu bat, funtsezkoa: gauden gizarte anitzean eta bizi garen mundu globalizatuan elkarrizketa demokratikoa sustatzea, gatazken konponbidea bultzatzea eta herrialde bereko komunitate desberdinak elkarganatzen laguntzea.

2) Unibertsitatearen ezinbesteko ekarpena. Hezkuntzaren lehen mailatan hasi behar luke erlijioen irakaskuntzak, baina ezinbestekoa da Unibertsitateko goi hezkuntzan ere. Eta ezinbestekoa da Unibertsitatea erlijioen irakaskuntzaren bultzatzaile izatea, bai irakasleak gertatuz, bai oinarrizko testu-liburu komunak prestatzen lagunduz ere.

3) Hezkuntza publikoan katekesirik ez. Espainiako hezkuntza sisteman ez du lekurik erlijio gertakariak orokorrean, baina bai “Erlijio katolikoaren irakaskuntzak” Eliza katolikoaren menpean, katekesiaren luzapen gisa. Gauza bera gertatzen da eskubidea aitortzen zaien gainerako erlijioen kasuan. Adierazpenaren sinatzaileek ez diete erlijioei horretarako eskubidea ukatzen, baina onartezina iruditzen zaie katekesiak, edozein erlijiorena delarik ere, hezkuntza publikoaren lekua hartzea. Katekesiak, ordea, erlijio baten doktrinari lotzen zaiolarik –diote sinatzaileek– ezin du bete erlijioaren irakaskuntzak duen helburua, hots: gizartean elkarrizketa eta elkarbizitza sustatzea.

4) Ikertzaileak formatu. Erlijioen historiako eta gainerako zientzietako ikertzaileak eta irakasleak behar ditu Espainiak, gai horiek jorratzeko eta gizartera nahiz hezkuntzara ekartzeko gai izango direnak, zioten baita ere sinatzaileek. Eta Bolognako Plana aukera ezin hobea da diziplina hauek ikasketa-planetan txertatzeko (masterrak eta doktoretzak), eta Europako beste Unibertsitateetako diziplina eta titulazioekin homologatzeko.

Espainiako zenbait Unibertsitatek Bolognako espiritu hori egiazki gauzatzeko jartzen dituzten oztopoak salatzen ditu adierazpenak, eta esan dezagun Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) bete-betean harrapatzen duela salaketak, gure lotsarako. Salomon Reinach, XX. mende hasierako erlijioen historiagile handienetakoaren aipamen batez amaitzen da aldarrikapena: “Lehenago edo geroago, historia, filosofia eta zientziekin batera irakatsiko da eskoletan erlijioen historia. Ez da irakatsiko ez fedea ez eszeptizismoa, baizik eta egiazko gertakariak. Hain garrantzitsuak diren gaiei buruz hausnartzen eta merezi duten arreta, hobeto esango dut, errespetua berauei eskaintzen erakutsiko zaie ikasleei”.

Ez dago gehiago esan beharrik eta hobeto esaterik.

4. Erlijio-zientziak Unibertsitatean: zertarako?

 

Ez dago gehiago esan beharrik eta hobeto esaterik. Zilegi bekit, halere, aipatu berri dudan adierazpenaren ildoa zertxobait sakontzea edo luzatzea.

Gogora dezadan berriro abiapuntutzat hartu dudan iris-puntua: hezkuntza-maila guztietan erlijio gertakariaren berri emateari komenigarri ez ezik, beharrezko deritzot. Modu akonfesionalean, noski. Bestela, hobe ezer ez. Erlijio batzuk bakarrik eta besteak ez ematekotan, hobe batere ez eman. Norberarena beste norbaiti sinestarazteko ematekotan erlijioa, hobe ezer ez eman. Norberaren erlijioaren egiaz eta beste batenaren gezurraz inor konbentzitzen saiatzekotan, hobe inolako erlijiorik ez eman. Irakasleak erlijio-erakunde bateko arduradunek izendatuak izatekotan –eliza katolikoko gotzain nahiz Islameko iman–, hobe erlijio-irakaslerik ez izan. Ikastetxea katekesi-gune bihurtzekotan, hobe erlijio-irakaskuntzarik batere ez. Baina erlijioari buruz daukagun ezjakintasuna ez da ezertarako on. Erlijio-irakaskuntza akonfesionala behar dugu, geure iragana eta oraina hobeto ulertzeko. Eta, agian, biziaren arnasa hobeto arnasteko. Agian! Gure gizartean erlijioaren irakaskuntza akonfesional taxuzkorik eskainiko bada, ordea, nahitaezkoa da Unibertsitate publikoan Erlijio-zientzien ikasketarako aukera ematea, literatura edo arte unibertsala ikasteko aukera eskaintzen den bezalaxe.

Zertarako? Lau hitzetan esango dut: ezagutzeko, ulertzeko, bizitzeko, irakasteko. Bizpahiru hitz esango dut bakoitzaz. Zertarako Erlijio-zientziak Unibertsitate publikoan?

1. Lehenengo, ezagutzeko. Ezagutzaren gizartean bizi omen gara. Halaxe bizi gara zalantzarik gabe. Inoiz ez dugu horrenbeste jakin. Inoiz ez dugu izan gaur adina baliabide jakiteko, gehiago jakiteko.

Eta, aldi berean, ez dakigunaz jabetzeko. Inoiz ez dugu izan gaur adina galdera. Zenbat eta ezagunago, hainbat eta ezezagunago ere bazaigu errealitatea; hobeto esan, hainbat eta misteriotsuago. Jakintza berri bakoitzak, datu zientifiko bakoitzak galdera berri bat dakar berekin. Ezagunak ezezaguna erakusten digu. Zientziak ezagunetik ezezagunera garamatza. Gehiago esango dut: zientziak “misterioaren” atarira hurbiltzen gaitu. “Misterioa” ezezaguna baino gehiago da: ezagunaren eta ezezagunaren iturburu agortezina da, izatearen hondoa. Ezezaguna ezagun bilaka daiteke, Misterioa ez. Ezagutzen dugunak Misterioan murgiltzen gaitu, Izatearen beraren misterioan. Nondik eta nola iritsi garen garena izatera: hori da zientziaren arloa. Mundua badela, eta munduan gu: hori da misterioa, zientziak inoiz agortuko ez duena. Dakigunak ez dakigunera zabaltzen gaitu, mugak mugagabera, daukagunak “gauzkanera”…

Mugaren eta mugagabearen tarte horretan sortu dira poema, espiritualtasun eta erlijio guztiak. Baina, poemak bezalaxe, erlijioak ere ez dira jaio ez dakiguna argitzeko edo galderei erantzuteko, misterioaren baitan arnasa zabaltzeko baizik, zauriak sendatzeko, kateak askatzeko, existentziaren grazian murgiltzeko. Hartarako behar lukete bederen izan, ezertarako izatekotan; Misterioaren baitan bakea aurkitzeko, arnasa zabaltzeko bide ongarri izan behar lukete, eta ez –sarri izan diren bezala– gizakiaren beldur guztiak biderkatzeko sistema gaizto.

Bi alderdiak dituzte erlijioek: argia eta iluna, sendabidea eta zauria, eta biak daude sakon erroturik gure historia pertsonal eta kolektiboaren lurrean. Biak ezagutu behar dira. Ulergaitza da Unibertsitateak, ezagutzaren tenpluak, izan garenaren eta garenaren alderdi –argi nahiz ilun– hain funtsezkoa alde batera uztea, eta “erlijioa” delakoaren adierazpen eta dimentsio desberdinak –mesedeko nahiz kalteko– irakasgai, ikerketagai, gogoetagai ez izatea, literatura, filosofia edo fisika diren bezala. Ez, noski –berriro diot– modu konfesionalean– sineskizunez nahiz sinesgabeziaz inor konbentzitzeko, baizik eta giza kulturaren osagai historiko garrantzitsu bat bere horretan ezagutzeko.

Erlijioa dela eta ez dela eztabaida pizturik (berpizturik) dagoen honetan, gure gizartean erlijio desberdinen eta erlijiorik gabeen presentzia gero eta nabarmenagoa denean, mundu globalizatuan erlijioen arteko gatazkak gero eta ugariago eta arriskutsuago direnean, are beharrezkoago iruditzen zait Unibertsitateak erlijioaren ezagutza zientifikoa, kritikoa, librea bultzatzea. Eta, horretarako, Unibertsitate publikoetan “Erlijio-zientzien Departamendu” gisako bat sortzea. Erlijioen historia, fenomenologia, filosofia, soziologia, psikologia… Erlijioa eta hizkuntza, erlijioa eta artea, erlijioa eta biologia, erlijioa eta neurozientziak… Badago zer ikasi, zer ezagutu, alde bateko zein besteko dogmak alde batera utzita.

2. Ulertzeko. Zertarako ezagutu? Gure historia eta kultura ulertzeko. Gure ipuinak, doinuak eta dantzak, egutegia eta usadioak, izenak eta jaiak, harpeetako nahiz museotako margoak, garai guztietako eskultura eta arkitektura, literatura eta zuzenbide unibertsala ulertzeko. Eta hainbat gerra zahar eta berri, hainbat gurutzada, inkisizio eta pertsekuzio… Garena ulertzeko. Ez ezer zilegitzeko, baizik eta izan dena eta garena ulertzeko, eta zer ez den errepikatu behar hobeto jakiteko.

Ulertzeko, hau da, sakonki ezagutzeko. Baina sakon ezagutzea ez da “dena jakitea”, baizik eta errealitatea dakiguna baino infinituki gehiago dela ohartzea. Sakon ezagutzeko, ezinbestekoa da forma erlijioso guztiek (sineskizunak, dogmak, erritoak, arau moralak, irudiak…) forma guztiez haratago erakusten dutela jabetzea.

Ulertzeko, ezinbestekoa du ezagutzak kritikoa izatea. Kritikoa, ez dogmatikoa. Ez dogmatikoa erlijioaren alde, ez dogmatikoa erlijioaren kontra.

Ulertzeko, ez inor konbentzitzeko. Ulertzeko, gertakari edo adierazpen erlijioso bakoitzaren alderdi desberdinak, argiak eta itzalak, onurak eta kalteak, egiak eta gezurrak, bereizten saiatzeko, inolako dogma berririk ezarri gabe.

Ulertzeko, kultur eta erlijio-eraldaketa sakon batean bizi garela. Eta iraganeko erlijio-moldeak ez zaizkiola jada baliagarri gure gizarteari. Baina molde zaharrek, aspaldiko jakintsuek, idazki “sakratuek” badituztela, bere baitan gordeta, gaurko eta biharko argi-printzak, bizi-haziak.

Azken batean, elkar ulertzeko, elkarrizketa eragiteko, elkarren ulermena sustatzeko. Inork ez du ezertan egia osorik. Inork ez du ere, segur aski ezertan, gezurra eta gaitza bakarrik.

3. Bizitzen ikasteko. Kosmos mugagabea eta Ama Lurra, hasierako eztanda eta atomoaren bihotza, osatzen gaituen natura eta osatzen dugun gizartea, bakoitza garen galaxia erraldoia eta atomo-partikula ñimiñoa… hori dena –geure biziaren hezur-mami baita– ezagutzeko eta ulertzeko, ez dira aski fisika eta matematika, biologia eta geografia. Ezagutza eta ulermena, edo bizitzeko dira edo ez dira egiazki ez ezagutza eta ez ulermen.

Biziaren ezagutza behar dugu, bizitzeko. Eta, bizitzeko, ororen, Orotasunaren, Denaren ezagutza behar dugu. Edo Misterio ezagutezinaren ezagutza, ulermen oro gainditzen duen ulermena. Nahi bada, bizitzeko, ez ditugu zientziak eta makinak eta medizinak bekarrik behar. Zer gehiago behar dugu? Esatera ausartuko naiz: ezagutza mistikoa.

Bizitzeko ezagutza mistikoa behar dugula esanez, ez dut inolaz ere esan nahi bizitzeko erlijioa behar dugula. Ez dugu behar. Zehatzago esateko, erlijioa –gauza guztiak bezala, matematikak eta medikuntza bezala– bizitzen laguntzen duen heinean bakarrik da beharrezko, eta bizitzen laguntzen dionarentzat bakarrik. Gaur ez dugu jada –gehienok behintzat– erlijiorik behar, hitz horrekin antigoaleko dogma bitxiak, errito barrokoak, arau zorrotzak, erakunde hierarkiko zapaltzaileak ulertzen badira. Halere, baliteke beste garai bateko erlijioen berri ikastea bizitzarako lagungarri gertatzea. Sinetsia nago, baita ere, erlijio zaharrek –euren mito, irudi eta usadio zaharretan– badutela bide berriak erakusteko argia, bizia berritzeko arnasa, bestelako etorkizuna eraikitzeko jakituria. Baina baldintza batekin: erlijioei ezarri zaizkien eta erlijioek ezarri dizkiguten kateak askatzea. Askaturik, askatzaile bilaka daitezke.

Ezagutza eta ulermen kritikoak ere horretan lagun dezakete: bizitzen, alegia. Zertarako da Unibertsitatea, bizitzen ikasteko ez bada?

Milaka urtetan zehar, Indiako yoga guztiek irakatsi dute askatasunera iristeko bidea desatxikimendua dela; bene-benetan, eta kosta ahala kosta, ez dago besterik. Duela 2.500 urte, Gautama Budak irakatsi zuen, arretaren bidez, geure egoaren liluratik eta, beraz, desiratik eta, beraz, sufrimendutik libratzera irits gaitezkeela; bera iritsi bide zen. Garai berean, Txina urrunean, Konfuzio saiatu zen gatazka eta nahasmendu politikoari irtenbidea aurkitzen eta erakusten: guztiekiko harreman egokiak, errespetua eta, guztiaren gainetik, gizatiartasuna. Txinan bertan eta garai berean, Laozi-k irakatsi zuen zoriontsu izateko apalak behar dugula izan, ura bezala, eta jaitsi, beti jaitsi, eta geure burua interes eta atxikimendu orotatik hustu, etengabe hustu. Garaitsu hartan, Israelgo profetek ozenki deitu zituzten errege, apaiz eta handikiak alargun, umezurtz eta etorkinaren ardura izatera. Duela bi mila urte, Nazareteko profeta Jesusek garai berri bat iragarri zuen, eta samariar onaren historia jarri zuen garai berriaren, mundu berriaren, izaera zoriontsu berriaren parabola. Handik seiehun urtera, Mahoma profetak konfiantza apal ziurra eta eskuzabaltasuna jarri zituen bizi-arau nagusi. Nork ez du ikusten horretan guztian gaurko mundurako jarraibiderik?

4. Ezagutzen, ulertzen, bizitzen irakasteko. Bizitzarako onuragarri izango den ezagutza eta ulermena eskaini behar lituzke edozein irakaslek, matematika, ingeniaritza- nahiz medikuntza-irakaslea izan. Baina ez ditugu ingeniaritza- eta medikuntza-irakasleak bakarrik behar. Bizitzen irakatsiko duten erlijio-irakasle akonfesionalak ere behar ditugu, eta Unibertsitatean trebatu behar lukete, edozein diziplinatako irakasleek bezala.

Erlijio gertakariaren historia ezagutzen eta erlijio-adierazpenak (mitoak, sineskizunak, erritoak, arauak) egoki interpretatzen jakingo duten irakasleak.

Erlijio gertakaria errespetuz eta kritikoki erakusten jakingo duten irakasleak, erlijio desberdinek kulturari eta gizadiari egin dioten ekarpen on guztia bistaratuz eta historian zehar eragin dituzten basakeria guztiak ezkutatu gabe.

Sineskizun, erritu, arau, idazki eta erakunde erlijiosoen aniztasuna bezainbat, diferentzia guztien barnean dagoen funtsezko arnasa bera sumatzeko gai izango diren irakasleak.

Erlijio desberdinen artean, nahiz erlijioaren eta erlijio-gabeziaren artean, elkarrizketa eta errespetuzko eztabaida bultzatuko duten irakasleak.

Esaten den eta ageri den guztian, Misterio esanezin eta onaren zantzuak begiztatzen jakingo duten irakasleak. Erlijioen berri emanez, ikasleei gizakia libreago eta senideago, zoriontsuago eta gizatiarrago izaten lagunduko dieten irakasleak.

5. Europako Unibertsitateei begira

Asko dago egiteko, baina zerbait ari da egiten. Europako Unibertsitate publikoetan aski ohikoak dira Erlijio-zientzien zentroak, nahiz eta Estatu gehienek (eta Unibertsitateek ere) baduten oraindik konfesionaltasun-kutsu bat (erlijio katolikoaren alde batzuetan, protestante edo anglikanoaren alde bestetan).

Frantzian ere, nahiz eta tradizio laiko zorrotza izan –1905etik aurrera, erlijio-gai guztiak arlo publikotik desagerraraztera jo zuen–, azken hamarkadetan asko aldatu dira gauzak Unibertsitate publikoan Erlijio-zientzien presentziari dagokionez. Espainiako estatua beranduago dabil, eta hori, neurri handi batean, katolizismoa 1978 arte erlijio nazional izanak erlijioaren presentzia publikoaren aurkako erreakzio bortitza eragin duelako; azken urteetan, halere, ekimen ugari ari dira gauzatzen, unibertsitate publikoetan erlijio-zientziei leku egiteko.

Europako eta, bereziki, Frantziako eta Espainiako zenbait datu nagusi aipatuko dut jarraian. Informazio osorik ez dut, eta ez da beharrezkoa. Zenbait adibide nagusi aski dira, norabidea erakusteko eta gurerako zenbait ekimen zehatz iradokitzeko.

1. Europan oro har. Europako herrialde askotan, Unibertsitate nagusi guztiek eskaintzen dute Erlijio-zientziak ikasteko aukera (Alemania, Belgika, Ingalaterra, Eskandinaviako herrialdeak…), baina gehienetan Teologiako Fakultateei – katoliko, protestante nahiz anglikanoei– itsatsita, eta Estatuak finantzaturik.

Asko dira Erlijio-zientzietako Masterra eskaintzen dutenak ere, hala nola: Amsterdameko Unibertsitatea, Lund University (Suedia), Heythrop Cellege (University of London), University of Chester (Erresuma Batua), Central European University-n (Budapest)…

Hori guztiaz gain, aipatzekoak dira erlijio gertakariaren ikerketa sustatzen duten nazioarteko bi elkarte: European Association for the Study of Religion, eta International Association for the History of Religions.

2. Frantzian. Frantziaren kasua bereziki esanguratsua da, zeren eta, tradizio laizistan hain errrotua dagoen arren, Erlijio-zientzien interesa eta lekua nabarmen hedatu baita azken hamarkadetan Unibertsitate publikoetan[3].

“Erlijio-zientziak” (“Sciences religieuses”, teologiatik bereizita) 1880an jaio ziren, Collège de France delakoaren baitan Erlijioen Historiako katedra eraiki zelarik. Baina Sorbonaren kasua da aipagarriena: École pratique des hautes études delakoaren baitan, 1886an sortu zen “Sciences religieuses” saila, oraindik ere zutik dirauena, eta erlijio guztiak espiritu laiko eta diziplinarteko batetik ikertzen dituena. Beraren baitan kokatzen da École pratique des hautes études delakoa, baita beste ikerketa-erakunde garrantzitsu bat ere: Institut européen en sciences des religions, 2002an sortua, gobernu sozialistak R. Débray pentsalariari eskatua zion eta eskola laikoan erlijio gertakaria irakasteko gomendatzen zuen txostenaren ondorioz[4].

Aipatzekoa da, baita ere, 1956an, CNRS-en baitan (Centre National de Recherches Scientifiques), sortu zen Erlijioaren soziologia taldea (Groupe de sociologie des religions), bere aldizkariarekin: Archives de sciences sociales des religions. 1960ko hamarkadan Erlijioen historia sartzen da Unibertsitate publikoetan. Badira beste zenbait zentro ere, hala nola Institut d’Etude des Faits Religieux, Artois-ko Unibertsitateak eta Lille-ko Institutu Katolikoak elkarrekin sortua.

“Sciences po” (Zientzia politikoak) deitu karrera eskaintzen duten Unibertsitate askotan, bada erlijioari buruzko ikerketa-tradizioa, eta handia. Azpimarratzekoa da Aix-ekoa, ikerketa-talde garrantzitsua biltzen duena (Franck Frégosi, Raphaël Liogier eta Mohamed Tozy). Estrasburgoko Unibertsitateak estatutu berezia du Frantziako estatu laikoan, eta aspalditik dakar Erlijio-zientziak lantzeko tradizioa, batez ere Zuzenbide Fakultatearen barnean: 2009an, “Islamologie: droit et gestion – Islamologie: religion, droit et société” Masterra ireki zuen, eta “Droit, société et pluralité des religions” formakuntza eskaintzen du 2011tik, erakunde publiko eta erlijio-erakundeen arteko elkarrizketa hobetzeko xedearekin.

Esker onezko eta aitorpenezko aipamena egin nahi nioke hemen Xabier Itçainari. Bordeleko Unibertsitatean politika zientzietan eta Firenzeko European University Instituten irakaslea da, CNRSeko kidea, eta erlijioaren ikerketa sozio-politikoan interesatua eta aditua, bere tesiak –katolizismoaren eta euskal identitate indibidual nahiz kolektiboaren arteko loturak aztertu zituenak–, bere idazkiek eta esku hartzen duen hainbat nazioarteko ikerketa-proiektuk erakusten dutenez (erlijioari buruzko ikerketa sozio-politiko bat burutu berria du Firenzen). Erlijio-zientziek Unibertsitate publikoan duten gaurkotasunaren lekuko berezia dugu, eta bere hitzak ekarriko ditut zuzenean hona, Frantziari buruzko txostentxo hau burutzeko.

Xabier Itçainak dio: “Erlijio-zientzien lekua, beraz, aski untsa segurtatua da Unibertsitate Publikoan Frantzian, bai irakaskuntzan, bai ikerketa-mailan. Zientzia politikoetan hasteko –hobekixeago ezagutzen dudan eremuan–, orain dela hogei-hamabost bat urte oraindik, aski gaizki ikusia zen erlijioari buruz lanean aritzea. Gizartearen sekularizazioarekin batera, gaia kasik desagertu zen ikerketa programetatik (salbu, alabaina, Erlijio-zientzietan berezituak zirenen artean). Zientzia politikoetan, erlijioari buruz lanean ari zena ikusia zen edo pertsona erlijioso bat bezala, edo militante laiko obsesionatu bat bezala. Azken hamar-hamabost urte hauetan, berriz bidezkoa edo ‘zilegi’ bilakatu da erlijioari buruz lanean aritzea giza zientzietan, ikusiz gaiak nazioarteko harremanetan ze garrantzia hartu duen. Ikerketa-belaunaldi berri bat abiatu da, batez ere Islamari buruz, baina ez bakarrik. Protestantismoei eta katolizismoari buruzko ikerketa interesgarri batzuk ere atera dira. 1905eko legearen urtemugak berrabiarazi du frantses laizitatearen ereduaren bilakaerari buruzko gogoeta bat, bereziki Jean Baubérot edo Jean-Paul Willaime bezalako historialari eta soziologien inguruan. Philippe Portier politologoak erakutsi du frantses separazio eredua azken urte hauetan, funtsean, aldatzen ari dela. Diskurtsoan ez bada, errealitatean botere publikoak sekulan baino gehiago sartzen dira kultuen erregulazio-prozesuetan, edo Islamaren ordezkaritza nazional bat egituratuz, eta eliza edo meskiten eraikitzeko lurrak erdietsiz, edo eskola pribatuak lagunduz, eta abar. Eta ber denboran laizitateak bere oinarri ideologikoa berriz azpimarratu du oihal islamikoari buruzko legearekin edo seinale erlijiosoak debekatuz eskoletan. Frantses laizitate ereduaren kontradikzio horiek, ororen buru, ireki dituzte bide berri batzuk ikerketarentzat, eta batez ere ikerketa publikoarentzat”[5].

3. Espainian. Frantziaren antzera, nahiz eta beranduago, espainiar estatuko Unibertsitate publikoetan ere geroz eta gehiago ari da zabaltzen Erlijio-zientzien irakaskuntzarako eta ikerketarako lekua. Kasurik nabarmenenak aipatuko ditut:

Madrilen, Unibertsitate Konplutentseak “Instituto de las Ciencias de las Religiones” sortu du, eta Erlijioen historiako kurtsoak eta Erlijio-zientzietan Masterra eskaintzen ditu; baita Erlijio-zientzietako doktoretza ere departamendu desberdinen artean. Karlos III.a Unibertsitateak, Giza Eskubideen Institutuaren baitan, “Cátedra de Teología y de Ciencias de la Religión” ireki du. Unibertsitate Autonomoak “Cátedra de Ética y Filosofía de la Religión” du. UNEDen ere bada antzekoa: “Cátedra de Filosofía e Historia de las Religiones”.

Bartzelonan, Pompeu Fabra Uniberstitatean “Erlijioen zientziak” eskaintzen dira, hautazko kurtsoetan; baita “Erlijioen historia”ri buruzko mintegi bat ere, Erlijioen arteko Elkarrizketarako UNESCO Katedraren babesean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomarekin batera.

La Laguna-ko Unibertsitatean (Tenerife), “Erlijioen historia”ko espezialitatea eskaintzen da; gauza bera Kantabriako Unibertsitatean; Compostelako Santiagoko Unibertsitatean “Erlijioen historia” eskaintzen da; Valentziako Unibertsitatean, “Hiru Erlijioen Katedra” dute.

Zenbait Unibertsitatek Erlijioei buruzko Masterra eskaintzen dute, hala nola Granadako Unibertsitateak (“Ciencias de la religión”), Sevillako Pablo de Olavide Univertsitateak (“Religiones y Sociedades”), Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitatek, Historia eta Geografiako Departamenduan (“Historia de las Religiones”), Sant Fructuós Erlijio-Zientzien Goi Institutuarekin batera. Zaragozako Unibertsiteak, aldiz, “Minduflness” Masterra eskaintzen du.

CSIC-eko (Consejo Superior de Investigaciones Científicas) Filosofiako Institutuan, bada Erlijioaren Filosofiari buruzko Mintegia, erlijioaren filosofo, psikologo, antropologo eta historialari nagusiak lantzen dituena.

Aipatzekoa da, halaber, “Sociedad Española de Ciencias de las Religiones” delakoa, Unibertsitate desberdinetan erlijioak jorratzen dituzten ikerlariak elkartzen dituena.

6. Eta UPV/EHUn zer berri?

Euskal Herrian zaharrak berri, tamalez. Deustuko Unibertsitateak badu, noski, Teologia Fakultatea, eta honi itsatsiriko Erlijioen Graduondoa, baina unibertsitate pribatu konfesionala da, eta hemen ez naiz horretaz ari. (Opus-en Iruñeko “Universidad de Navarra”n karrera guztietan derrigorreko ikasgaia da teologia katolikoa, baina are gutxiago ari naiz horretaz). Mondragon Unibertsitatea, aldiz, pribatua eta laikoa da, eta bide interesgarria ari da urratzen, HUHEZI (“Humanitate eta Hezkuntza Zientziak”) Fakultatean, “Bestearen zaintzarako eta bizikidetzarako hezkuntza” proiektuaren baitan, baina Erlijio-zientziak berariaz landu gabe.

Eta Euskal herriko Unibertsitate publikoan? Ezer ez. Duela urte batzuk, izan zen saiakera bat, Bilboko Elizbarrutiaren aldetik, EHUren baitan teologia katolikoari leku bat zabaltzeko, baina egitasmoak porrot egin zuen, eta hala hobe, ez baita inondik ere garaia Unibertsitate publiko batean teologia katoliko konfesionala eskaintzen hasteko, gotzainen kontrolpean (horrelako zerbait egiten da, halere, Nafarroak Unibertsitate Publikoan). Gogoeta hauen hasieran lehen eta bigarren hezkuntzari buruz aipatu dudan alternatiba tamalgarria berresten da unibertsitatean ere: “erlijio katolikoa edo ezerez” denean aukera, ezereza da edo izango da nagusi.

Gure Unibertsitate publikoan, ezereza da nagusi. Baina ez gaitu horrek aurreratuago eta modernoago egiten. Alderantziz, esango nuke gure Unibertsitate publikoa ez dela oraindik arlo honetan “normaltasunera” iritsi; konfesionaltasun katolikoaren aurkako elgorriak bizirik dirau; “euskaldun fededun” historikoaren sindromea ez da oraindik desagertu, eta ez digu uzten ez erlijioaren dimentsio kultural historikoa aitortzen, ez gaurko gizartean duen presentzia publikoa onartzen. Penaz diot: oso atzera ari gara geratzen horretan Europarekiko. Eta Europaren baitan, bai Frantziarekiko eta… bai Espainiarekiko.

Euskal gizarteak erronka galantak ditu aurrean (langabezia, berdintasun soziala, bakea eta bizikidetza, estatus politiko berria…), eta ez dakit zenbaterainoko lehentasuna duen Erlijio-zientziak Unibertsitatean txertatzeak. Baina, honetan ere, aurrera egiten saiatu behar genuke. Luzaro gabe gaindituko ahal ditugu iraganeko konplexuak eta eskemak, alde bateko eta besteko konfesionalismoak! Berandu gabe iritsiko ahal gara, erlijio gertakariari dagokionean ere, ezagutzaren eta ulermenaren gizarte izatera, Europako herrialde irekienak eredu harturik!

(Hemen 41 [2014], urtarrila-martxoa, 17-32 or.)

  1. Ik. J. Bedoya, “Historiadores reclaman la enseñanza no confesional de las religiones. Un manifiesto rechaza que la catequesis sustituya estos contenidos” (EL PAÍS, 2010-04-19).

  2. Madrileko Konplutensea, Bartzelona, Salamanka, Zaragoza, León, Granada, Jaen, La Laguna, UNED, Kantabria.

  3. Informazioa Xabier Itçaina-ri zor diot.

  4. Régis Débray, L’enseignement du fait religieux dans l’école laïque (2002).

  5. Mezu elektroniko pertsonala.