Abortuarekiko eztabaida: sintoma poloniarra

Urriaren 22an, Poloniako Auzitegi Konstituzionalak Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen umekiaren malformazioagatiko abortua. Gogora dezadan: 1993an, eta Eliza kontra zela, Estatuak lau kasutan legeztatu zuen abortua: bortxaketa, intzestua, amaren osasunerako arrisku larria eta fetuaren malformazioa. Polonia berriaren sintoma bat zen, Lech Walesaren nazionalismo politiko-erlijiosotik eta Joan Paulo II.aren errestaurazio katoliko-nazionalistatik gero eta urrunago zegoena.

Fetuaren malformazioa argudiatu zuten iaz gauzatutako 1.110 abortu legalen % 98ak, eta hori da legearen aurkakotzat jo berri dutena. Julia Przylebskaren eskuz eta borondatez jo ere, horretarakoxe izendatu baitzuen agintean dagoen PiS (Legea eta Justizia) alderdi ultrakontserbadoreak Auzitegi Konstituzionaleko presidente. Den-dena eliz hierarkiaren adostasun politiko eta bedeinkapen erlijiosoarekin, noski.

Zoriontsu agertu zen Stanislaw Gadecki, Poloniako Gotzain Konferentziako presidentea: “Pozez hartu nuen Gortearen erabakia, poz handiz hartu ere. Pertsona bakoitzaren bizitzak balio berdina du Jainkoarentzat, eta halaxe babestu behar du Estatuak ere”. Ez zaitut errudun jotzen, Gadecki Monsinorea, baina zure pozak pena ematen dit. Ez dut uste bizitza defendatzeko modu ona denik zurea, eta Jainkoaren izena alferrik erabiltzen duela deritzot. Hona zergatik:

1. Lehenik eta behin, jakin ezazu ilegalizazioak ez duela eragingo datorren urtean iaz baino abortu gutxiago izatea, 150.000 inguru. Ilegalizazioak ez du bizia benetan babesten, mina gehitzen baizik. Eliza instituzionalak eskuak garbitzeko balioko du agian, baina ez hura samariar bihurtzeko, ezta errealitatea aldatzeko ere.

2. Jakin ezazu, halaber, abortua legeztatzeak ez duela inor abortatzera behartzen, ezta bultzatzen ere; eskakizunak eta bermeak arautzen ditu soilik, nolanahi ere abortatuko duenak baldintza gizatiarragoetan egin dezan.

3. Eta jakin ezazu inork ez duela axolagabekeriagatik abortatzen, baizik eta, zuk juzgatzeko eskumenik ez duzun arrazoi larriren batengatik, min handiz eta biziaren onagatik pentsatzen duelako ezin duela haurdunaldia luzatu edo are ez duela luzatu behar.

4. Jakin ezazu, halaber, bizia sortu eta bere baitan hazten duenaren erantzukizun eta erabakiarekiko errespetua eskatzen duela biziaren zaintzak, eta horrela ulertzen duela eliz komunitatearen gehiengo gero eta handiagoak, zeina –teologiarik tradizionalenaren arabera– Biziaren Espirituak inspiratzen baitu.

5. Gogora ezazu Elizaren eginkizuna ez dela egia eta ongia inori ezartzea, are gutxiago parte sentitzen ez direnei, eta are gutxiago botere handiekiko interesen konplizitatea medio, baizik eta jendeari laguntzea, bizitza animatzea eta zauriak gozatzea. Horixe, eta kito.

6. Eta begira itzazu hurbiletik 1989an erregimen komunista erori zenetik izan diren manifestazio garrantzitsuenetan legez kanporatzearen aurka protesta egiten duten jendetza horiek, ehunka mila gizon-emakume, zure herrikideak; ez dute inondik biziarekiko sentiberatasun gutxiago, ez Espirituaren inspirazio gutxiago zuk ordezkatzen dituzun katolikoek baino. Gobernu ultrakontserbadoreak “Polonia suntsitzeko erasotzat” eta Elizaren aurkako “nihilismotzat” jo zituen aurrena manifestazio horiek, baina hausnarketa egin behar izan du eta Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren aplikazioa atzeratu. Egin ezazu hausnarketa zuk ere apezpiku-kolegioarekin batera.

7. Har itzazu arreta handiz Thibault Deleixhe, Sorbonako (Paris) INALCOko (Ekialdeko Hizkuntza eta Kulturen Institutu Nazionala) ikertzaileak gertakarien aurrean esandako hitzak: “Elizak, horrela emakumeen gaineko kontrola handitzen duelakoan, sakratuaren gaineko monopolioa xahutu du ezer baino gehiago. Poloniako gizartearen sekularizazioa inoizko azeleraziorik handiena bizitzeko prest dago”. Sakratua, hots, biziaren eta errealitate osoaren hondoa. Eliza, iraganeko arau, dogma eta paradigmei atxikirik, alferrik galtzen ari da ez bere monopolioa –inork ez baitu–, baizik eta oraindik gera lekiokeen autoritate morala, gaur egungo gizartearentzat argia eta gatza izateko eta hain beharrezkoa den mundu berrirantz gidatzeko.

8. Eta begira itzazu adi-adi zure herrialdean gertatzen ari den, mendebaldeko Europa osoan jada gertatua den eta berandu baino lehen planeta osoan gertatuko den metamorfosi kultural, funtsean espiritual sakon geldiezina, hots, erlijio-paradigma tradizionalaren amaiera, erakusten duten datuei. 2005ean, 18-34 urte bitarteko gazte poloniarren % 66 praktikatzaileak ziren; gaur egun ez dira % 40ra iristen. 2005ean, % 6 soilik ziren ez-fededunak; 2017an % 17. Urteko puntu portzentual bateko abiadan, atera kontuak zein izango den 20 urte barruko egoera. Eta hori guztia ez da gertatzen zuek, Joan Paulo II.ari eta Joseph Ratzinger doktrinaren bere prefektuari leial jarraiki, positibismoa, axolagabekeria eta erlatibismo morala deitzen duzuenaren ondorioz, unibertsitatea medio zientziak nonahi zabaltzen ari direlako baizik. Horrexegatik.

9. Ikusi bestela: 2003an, unibertsitate-titulua zuten 30-34 urteko poloniar gazteak % 17 ziren; gaur egun % 60 inguru dira. Erlijioaren –ez espiritualtasunaren– gainbehera ez da, beraz, kasualitatea eta geldiezina izango da. Badakit etorkizun politikoa ez dela batere aurreikusten erraza, krisi edo pandemia batek dena alda baitezake, eta “eskuin” eta “ezker” kontzeptuak eralda baitaitezke, baina zalantza gutxi dut sineskizun erlijioso tradizionalek (“Jainko Goren ahalguztiduna”, Lurren soilik eta behin bakarrik enkarnatua, mirariak…) etorkizun laburra dutela. Eta, berriro diot, ezagutza zientifikoaren hedapenaren eta horrek dakarren kosmobisio-aldaketaren ondorio izango da batez ere.

10. Begira iezaiezu garaien zantzuei, Jesusek egin eta Kontzilioak erakutsi zigun bezala, eta ez nahastu diagnostikoa: jendea ez da Elizatik urruntzen ari biziaren espiritua alde batera uzten ari delako, baizik eta eliz erakundeak jada ez diolako espiriturik edo bizirik ematen. Espiritu bizigarria letra zaharkitu hilgarritik libratzen ari da. Horren sintoma da zuen herrian zabaldurik dagoen abortuarekiko eztabaida.

Aizarna, 2020ko azaroaren 9a