Elizari buruzko gogoetak Munilla joan eta gero

Espero zen baino beranduago, baina joan da Jose Ignazio Munilla, 2010etik 2022ra Donostiako elizbarrutiko gotzain izan eta gero. Hurrengo orrialdeetan, RELIGION DIGITALeko zuzendariak proposatutako galdera-sortari erantzuten diot, baina, gure elizbarrutiaz harago, sakoneko hausnarketa orokorra eskaintzen dut Eliza katolikoaren egoerari buruz:

1) Zer utzi du atzean?

12 urte igaro eta gero, hemen uzten duen egoera sozial, politiko eta erlijiosoak atsekabegarria izan behar du bere begietan: izan ere, ia denek onartzen dute egiaren aniztasuna eta etikaren laikotasuna, masiboki bertan behera utzi da erlijio-praktika, komentuak gelditu ezinik ari dira ixten, Elizarekiko urruntzea orokorra da, eta… nabarmen gora egin du boto nazionalistak. Hori guztia sekulako porrota da Jose Ignazio Munilla izendatu zuten proiektu nazionalkatolikoarentzat: proiektu etikoki konfesionala, erlijiosoki premoderenoa, politikoki predemokratikoa. Zorioneko porrota.

Baina zorigaiztoko porrota beste alde batetik:  izan ere, elizbarrutiko kristau elkarteko sektorerik aktiboenak eta irekienak –ekintza- eta hausnarketa-taldeak, katekistak, espiritu berritzaileeneko erlijiosoak, Vatikanoko II. Kontzilioak inspiratutako adineko kleroaren zati handi bat– etsita daude adinagatik, errelebo-faltagatik eta 12 urtetan zehar jasandako elizbarrutiko marjinazio instituzionalagatik. Elizbarrutia klero gazte urri bezain ideologizatu baten eskuetan dago: traje beltza eta alkandora-lepo erromatarra soinean, bere rol klerikalarekin guztiz identifikatua dago, eta doktrinaz, errituez eta moral sexualaz gehiegi arduratua. Komunitate fededuna ghetto sozial eta kulturalerantz daramate, eta beren burua gizartearekin eta beren buruarekin gatazka alferrikakoak eta mingarriak izatera kondenatzen ari dira.

Baina ez diot Jose Ignazio Munillari berari egozten errua, baizik eta bera seme eta zerbitzari duen eliz sistemari. Egoera hau, bestalde –eta hau azpimarratu nahi nuke– ez da elizbarruti honen arazo berezi eta bereizgarria, baizik eta Eliza katolikoak azken mendeetan eta bereziki azken hamarkadetan, Joan Paulo II.aren (1978-2005) eta Benedikto XVI.aren (2005-2013) aitasantutzetan izan duen jitearen ispilua, iraganeko hondakinak kontserbatu eta zaharberritu nahi dituen Elizaren ispilua. Horrela, Elizak ez zuen lortu bere ondare espiritualik biziena, Jesusen memoria askatzaile eta humanizatzailea gure garairako hondatzea besterik.

Elizbarruti honen egoera paradigma teologiko eta eliz eredu tradizionalaren gainbehera sozio-kulturalaren isla da. Eta, aldi berean, bereziki Monsinore Munillaren zuzendaritzapean, Elizak paradigma eta eredua aldatzeko duen erresistentziaren isla, paradigma teologiko zaharrari, antzinako eliz eredu hierarkiko, klerikal, maskulino eta patriarkalari ezin tematiago eta anakronikoago atxiki nahiaren isla, kulturatik,  biziaren espiritutik eta espiritualtasunetik gero eta etenago.

2) Zer esperantza duzue etorkizunerako?

Oso ezkorra eman dezaket, eta agian halaxe naiz izan, baina elizbarruti honetan eta, oro har, Eliza Katolikoan, epe labur eta ertainean, ez dut ikusten gure garaiak behar duen, bilatzen eta eskatzen duen eraldaketa espiritual, teologiko eta kanoniko sakona eliz erakundearen barruan sustatuko den zantzurik. Gauza bera esan liteke, orokorrean, gainerako elizei eta erlijio tradizional guztiei buruz, baina Erromako Eliza Katolikora mugatuko naiz.

Izan zen graziazko garai bat, Vatikanoko II. Kontzilioaren inguruan, non parrokiek, elizbarrutiek, Eliza katoliko osoak masa sozial bizi-biziak zituzten oraindik, klase sozial guztietako gizon eta emakumez, gazte eta helduz osatuak, mundu honetan bestelako Eliza eta bestelako mundua eraikitzeko ametsez animatuak. Ordurako berandu zen jada, Elizak 500 urteko atzerapena baitzeraman mendebaldeko kulturarekiko, baina garai egokia izan zitekeen oraindik Eliza instituzionalaren berrikuntza sakona ahalbidetzeko: Bibliaren irakurketa sinboliko eta espirituala, libre eta askatzailea, onartzeko eta sustatzeko; Jainkoaz eta Jesusez, bekatuaz eta salbazioaz beste modu batez hitz egiten hasteko; klerikalismoarekin halako batean hausteko, zeinak debekatzen baitu komunitate batek ogia eta ardoa elkarrekin hartuz bizitza ospatzea eta Jesusen oroitzapena berritzea, baldin eta aita santuak izendaturiko gotzain batek ordenaturiko gizonezko apaiz bat buru ez badu;  klerikoak-laikoak, arrazoia-fedea, Eliza-mundua eta antzinako garaietako beste hainbat binomio gainditzeko. Baina hierarkia katolikoa beldurraren menpe geratu zen, segurtasuna hobetsi zuen, ez zuen jakin “garaien zantzuak” irakurtzen, ez zen ausartu instituzioaren eta teologia osoaren beharrezko erreforma sakonari ekitera.

Eta horra nola iritsi garen gauden puntura, barnetiko inplosioaren eta kanpotiko kolapsoaren itzulerarik gabeko puntura. Erreforma erradikala ez zait jada barrutik egingarria iruditzen, aldaketa kultural planetarioaren zorabiozko erritmoagatik eta prozesua bideratzeko ezinbestekoa den masa sozial, teologiko eta pastoralaren gabezia nabarmenagatik. Beranduegi da jada aldamio doktrinalak eta kanonikoak era ordenatuan eraisteko, eta Elizaren inspiraziozko birsorkuntza bultzatzeko, birsorkuntza inspiratzailea, karismatikoa, ibiltaria, dogma eta kodeetatik haratago, erakunde zurrun orotatik haratago.

Ezin dut sinetsi, ezta ere, Frantzisko aita santuak –bere adinagatik, bakardadeagatik, bere eskema teologiko pertsonalengatik, eta aita santuarena bezalako botere pertsonal absolutu ororen kontraesan intrintsekoagatik, zeren eta ezinezkoa baita norbaitek botere absolutua pertsonalki erabiltzea, eta interes eta botereen trama inpertsonal eta kontrolaezinera lerratzen baita azkenean nahitaez–, ezin dut sinetsi, diot, Frantzisko aita santuak ezinbesteko erreforma erradikal hori sustatuko duenik, bere izaera pertsonaletik harago, estilo-aldaketa soiletik eta kurien erreforma hutsetatik harago. Aitasantutzan daramatzan 9 urteotako balantzeak eszeptizismoa indartzen dit. Hautatua izan zenean ere beranduegi zen jada. Gaur, 9 urte eta gero, hainbat dokumentu eta adierazpen on eta gero, hiru sinodo orokor antzu eta gero, eta oraingo sinodo-prozesu arimarik eta horizonterik gabe honen erdian, ez da kanon bat bera ere aldatu. Azken batean, geunden lekuan gaude, eta mugitzen ari den mundu batean geldirik egoteak atzera egitea esan nahi du.

Ez dut aurreikusten, beraz, beharrezkoa den erabateko eraldaketa erakunde katolikoaren barrutik sustatuko denik. Baina badut horren esperantza. Jakina, “esperantza” izateak, zentzu espiritualean, ez du esan nahi zerbaiten zain geratzea edo zerbait gertatuko dela uste izatea, baizik eta espero den etorkizuna nolabait aurreratzea, gogoeta-, ekintza- eta arnas ufadatxo bat eskaintzea, etorkizuna orainaldian gertarazteko, orain sortarazteko. Gertatzen dena gertatzen dela, lehenik eta behin neure kontraesanak gora behera, eta baita Jesusek irakatsi zuen bezala egiazki hiltzera iristen ez den eta, ondorioz, birjaiotzera iritsi ezin den eliz erakunde hau gora behera, badut mundu berriko Eliza berriaren esperantza, gizatasun gizatiarragoa, justuago eta askeagoa izan dadin, bizidun guztien elkartean.

Badut esperantza Espirituan, den ororen barnean, baita Eliza honen bihotzean ere, arnasten duen eta inongo dogma, kanon edo erakunderi lotu gabe dagoen Espirituan. Badut esperantza Jesus inspiratu zuen eta emakume eta gizon guztien bihotza, haien sinesmen, erlijio eta elizetatik haratago, animatzen duen Espirituan.

Gorabehera guztiak gora behera, badut esperantza gizarte anitz, kritiko, laiko, moderno, konplexu honetan, bere kontraesan, zauri, urradura eta erabateko kolapso planetarioaren mehatxu eta guzti. Eta berriro diot: “Badut esperantza” diodanean, ez dut esaten dena hobeto joango dela aurreikusten dudanik, baizik eta mundu zuzenago eta baketsuago bat hurbil eta urrun sustatzera deitua sentitzen naizela. Eta gertatzen dena gertatzen dela, esperantza izaten jarraitu nahi dut.

3) Balizko ondorengoaren izenik entzuten al da?

Izenak entzun entzuten dira, jakina: jesuitaren bat ote den, edo salestarren bat, edo elizbarrutiren bateko apaizen bat… Baina zurrumurruak zabaltzen ari ziren eta ari diren bitartean, Munillaren hurbileko bat izendatu dute administratzaile apostoliko, eta ez dakigu noiz arte. Baina nori axola zaio hori guztia? Niri, egia esan, bost axola zait.

Edonor dela ere, Munillaren ondorengoa goitik izendaturik etorriko zaigu, eta prentsaren bidez jakingo dugu. Ez dugu jakingo nork erabaki duen haren izendapena, ez zergatik, ez zertarako. Ziur dakiguna da ez duela hautatuko elizbarrutiko kristau elkarteak, nahiz eta, noski, berau zerbitzatzera eta animatzera etorriko dela uste izan. Goitik ezarria etorriko da. Alegia, sistema hierarkiko-klerikalak funtzionatzen jarraituko du.

4) Nolakoa izan beharko luke?

Ezertarako balio ote du esateak nolakoa izan beharko lukeen datorrenak, nork etorri behar duen erabakitzen uzten ez digutenean? Haurtxoak bezala tratatzen gaituzte.

Haur batek bezala esango dut, beraz, baina jakinaren gainean: ezinezkoa eskatuz. Gutxienez alkate bat edo alderdi bateko idazkari nagusia bezain demokratikoki, eta denbora mugaturako, aukeratua izan beharko luke; gizarte honen poz eta atsekabeekin, drama eta esperantzekin enpatia sakona duen gizona edo emakumea; euskaraz eta gaztelaniaz, euskal elizbarruti honetako bi hizkuntza ofizialetan, zuzentasun gramatikal osoz hitz egiten eta idazten dakiena (espainierarekin ez du arazorik izango, euskararekin bai); entzuten, elkarrizketan, aniztasuna errespetatzen dakiena; besteen gainetiko jainkozko botere klerikalez jantzia sentituko ez dena; erakunde katolikoak eta beronen Zuzenbide Kanonikoak eragozten duten Eliza berria eta teologia berria amestuko eta sustatuko dituena.

Badakit ez dela gertatuko eta diodan honek guztiak ez duela ezertarako balio izango, baina esperantza bizi nahi nuke eta partekatu, muga dogmatiko eta kanonikoetatik harago.

Aizarna, 2022ko apirilak 24