Sinodo birakaritik Omella monsinorearen adierazpenetara

Eliz erakunde katolikoaren baitan eraberritzearen udaberri-zeinuak sumatzen zituztenentzat negu-giro gordineko egunak dira. Ez ahal dute halere itxaropena, arnasa galduko!

Urriaren 28an, larunbata, Eliza Katolikoaren “Sinodalitateari buruzko Sinodoa”k – aitasantutza honetako 10 urteetan antolatu den laugarrenak– lehen fasearen laburpena argitaratu zuen. Bi urte luzez gogoeta librea egin eta gero, bost kontinenteetatik hainbat proposamen berritzaile garrantzitsu bildu eta gero, mundu osotik etorritako 500 pertsona kualifikatuk Vatikanoan proposamenok laburtzen jardun eta gero, handiak ziren espektatibak. Sintesian proposamen iraultzaileak jasoko zituztela espero zen, klerikalismo matxista eta eliz erakunde katolikoan errotutako homofobia indargabetzeko bidean urrats erabakigarria izan zitezkeenak.

Are handiagoa izan da desengainua. 37 orrialdeko laburpenean, ez da hitz bat bera ere emakumeak klero maskulinoaren apaiz-eskumena lortzera iristeko aukerari buruz; justu-justu eskatzen da “ikertzen jarraitzeko” emakumeak diakono izatea egoki ote den; nolanahi ere, funtzio hutseko diakonotza izango litzateke, hots, gizonezkoentzat soilik den diakono-ordenaziorik gabea. Ezkontza homosexualen bedeinkazioari buruzko aipamenik ere ez, zenbatez gutxiago horrelako ezkontzaren sakramentu-izaerari buruz! Ez da soilik homosexualen maitasuna Maitasunaren sakramentu gisa ez aitortzea, baizik eta hura bedeinkatzeko proposamenik ere ez egitea. Oso gogorra da. Negu izoztua. Apaizen derrigorrezko zelibatuak “testuinguru berezietan” dispentsa izan ote lezakeen galderari buruz, “hausnarketa sakonagoa” behar duela baino ez da esaten. Eta apaiz ezkonduak apaiz-ministerioan berriz onartzeari dagokionez, ez da inolako aurrerapausorik iradokitzen.

Sinodo hitzak “elkarrekiko bide” esan nahi du, baina bi urteren buruan ez da inolako aurrerabiderik, sinodalitateari buruz hitz egite soilari aurrerabide deitzen ez badiogu behintzat. Zerbait da, esango dute batzuek. Baina merezi ote zuen hainbeste hitz eta diru xahutzea, hainbeste uste eta espektatiba sortzea, geunden lekuan jarraitzeko? Sektore kontserbadoreenek lasaiturik hartu dute arnasa. “Oraindik partida geratzen da”, diote hala ere aurrerakoi adoretsuenek, eta gogoratzen dute dokumentu hau parrokietara itzuliko dela orain, dena hasi zen lekura, eta bigarren fasea irekiko dela, beste urtebetekoa, eta gero aita santuaren esku egongo dela dena, eta Frantziskok atzera-bueltarik gabeko erreformak erabaki ahal izango dituela… Halaxe da, aita santuaren esku dago dena; beraz, ez lau sinodok eta ez etor litezkeen guztiek ez dute eragotzi izango hurrengo aita santuaren mende jarraitzea denak. Eliza katolikoak biribilean biraka jarraituko du, sinodo honek bezala, oraingo honetan gauzarik berriena izan diren mahai biribilek bezala. Baina biziaren Espirituari ezin zaio eutsi, ufaka ari da, erlijio-sistema ororen barruan baino gehiago kanpoan. Espiritua ez da errepikatzen.

Hurrengo egunetan, beste negu-pasadizo baten lekuko izan gara: urriaren 31n, asteartea, Omella monsinoreak, Espainiako Gotzain Konferentziako presidenteak, eta Konferentziako idazkari nagusiak prentsaurrekoa deitu zuten, 1940 eta 1990 bitartean Eliza katolikoak adingabeen aurka egindako sexu-erasoei buruzko Gabilondo Txostenaren inguruan azalpenak emateko: datuen eta estimazioen arabera, 200.000 baino gehiago izango lirateke pertsona erlijiosoek erasotako adingabeak, eta 400.000 baino gehiago eremu erlijiosoan erasotutako adingabeak barne harturik (irakaskuntzako zentro erlijiosoak, adibidez). Gotzain Konferentziako kupulak horri buruz egindako baieztapen batzuek txundidura eragiten dute:

1) Esan zuten: “Inkestan lortutako datuen estrapolazioa ez da egia”. Arrazoi duzue, apezpiku jaunok: zifrak askoz ere altuagoak dira ziurrenik. “Utz itzazue –esan zuen Jesusek–. Itsu dira, eta itsuen gidari” (Mt 15,14). Eta beste hau ere bai: “Nola esan diezaiokezu senideari: ‘Utz iezadazu begian duzun lasto-izpia ateratzen’, zuk zeurean haga duzula? Hipokrita hori! Kendu lehenengo zeure begitik haga, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko” (Mt 7,4-5).

2) Halaber, esan zuten ez dela bidezkoa fokua Elizan jartzea, gizarte osoari eragiten dion gaitza delarik izan (familia, ikastetxeak, aisialdiko elkarteak…). Ez zen baloiak kanpora botatzeko parada. Elizak beste inork baino erantzukizun gehiago du, inongo erakundek ez baitu aldarrikatzen, Elizak bezala, bera dela gizartea gidatu behar duten balioen eta argiaren erreferentzia eta berme gorena. Arrazoi osoz esan zuen Jesusek: “Lege-maisuak eta fariseuak eseri dira Moisesen irakats-aulkian. Saia zaitezte haiek esaten duten guztia betetzen; baina ez egin egiten dutena; esan, esaten baitute, baina egiten ez. Zama astunak lotu eta besteei leporatzen dizkiete, baina beraiek ez dute atzamar bat ere mugitu nahi” (Mt 23,2-4).

3) Gainera, biktimei kalte-ordainak emateko prest daudela adierazi zuten, baina soilik administrazio publikoak eta sexu-erasoetan inplikatutako erakundeek beste hainbeste egiten badute eremu guztietako biktimekin. Honako hau esango balute bezala da: “Ez dugu justiziarik egingo denek egiten ez duten bitartean”. Horra zertaraino iristen den egiaren irakasle eta ongiaren giltzen jabe gisa aurkezten den eliz erakundea. Sinestezina da. Gaur Jesusek esan lezake: “Ez egin egiten dutena, ezta esaten dutena ere, egindako kaltea ez konpontzea justifikatzen baitute guztiek konpontzen ez duten bitartean”.

Hala eta guztiz ere, Eliza Katolikoaren benetako udaberriaren esperantza dutenek esperantza izaten jarraitu ahal izango dute, esperantza ez baitago lorpenaren mende, eta ez baitatza zerbait gertatuko denaren esperoan egotean. Esperantzak ez du eskatzen, bestalde, erakunde klerikal honek, zenbait erreforma medio, zutik irautea, baizik eta erabat ezabatzea eta bizi-elkartasunak merezi duen bestelako forma batean birjaiotzea, birjaio behar badu. Zauri guztiak sendarazteko eran eta bizidunen elkartean senidetasunezko gizadia udaberria bezala sorrarazteko eran arnastea, sentitzea eta obratzea: horretan datza benetako esperantza.

Aizarna, 2023ko azaroaren 4a