Oraingo aldiaz idazten dut

Hondoratzetik idazten dut,
hustasun etena den
zeinu edo itzal batetik,
zeina bat-batean argi mehatxagarriz betetzen baita.

Oraingo aldiaz idazten dut,
gure keinuak testamentu-agindu bihurtu beharraz,
aitaren izenean,
aitaren seme-alaben,
aitaren seme-alaben seme-alaba ilunen,
lurrean uzten duten arrastoaren izenean transmititu beharraz gutxienez
gauaren erdian izan genuen maitasunaren aztarna,
negarraren eta sugarraren aztarna,
zeinak gizakia jainko-irrikara altxatzen duen
eta aldi berean suntsitzen bere jauregiak, abereak, aberastasunak
Job borondatetsuaren teila-puska eta ultzera bihurtzeraino.

Oraingo aldiaz idazten dut.
Isilpeko hizkeraz idazten dut,
zeren nork eman ahal izango liguke jada
esan behar dugunaren klabea.
Oraindik forma hartu ez duen jainko baten hatsaz idazten dut,
egikaritu gabeko errebelazioaz,
belaunaldiz belaunaldi gure izena eramango duen
legatu itsuaz.

Itsasoaz idazten dut,
itsasoaren urruntzeaz, zeinak itsasertzean
harri bihurturiko formak uzten dituen
nahiz beste bizialdi batzuetako hondakin taupakariak.
Minaren latitudeaz idazten dut,
suntsitu dugunaz,
geuregan batez ere,
inork berriro eraiki ez dezan
halako gorroto-hormak.

Sinetsi genuenaren kezko hondakinez idazten dut
isilpeko hitzekin,
ikuskari itsu baina egiazkoaz,
zeinetarako begiak ez zaizkigun ia sortu ere egin.
Gauetik idazten dut,
itzalaren progresio infinitutik,
konta ezin ahaleko zenbakien eskala erraldoitik,
igoera geldo amaigabetik,
oraindik argi konjuratua begitandu ezinetik,
azkenean espero dugun lurra, helmuga,
ziurtasuna barrundatu ezinetik.

Odoletik idazten dut,
bere lekukotzatik,
gezur, zikoizkeria eta gorrototik,
gosearen eta bazter-munduaren garrasitik,
espeziearen kondenazio-ertzetik,
herio-zauriz zauritu dezakeen ezpatatik,
beheranzko hustasun birakaritik,
aurpegi endekatutik,
esku itxi opakutik,
genozidiotik,
infinituki hildako haurretatik,
sustraietan zauritua den zuhaitzetik,
urrutitik,
oraingo alditik.

Baina bizitzatik ere idazten dut,
bere oihu boteretsutik,
historiatik,
ez bere egia tirokatutik,
gizakiaren aurpegitik,
ez bere hitz eraitsietatik,
basamortutik,
zeren handik sortu behar baitu oihu berriak,
gosea eta jazarpena pairatzen duen
eta inork ezin kenduko dion erreinua
aurkituko duen jendetzatik.

Euriak garbituko dituen
gure hezurretatik idazten dut,
zeruko hegaztien bazka alaia izango den
gure oroimenetik.
Urkamenditik idazten dut,
orain eta gure heriotzako orduan,
nola edo hala exekutatuak izango baikara.

Etortzekoa den alditik idazten dut, ene anaia-arreba,
ez izateko zorian gaudenaz,
garamatzan fede ilunaz.

Oraingo aldiaz idazten dut.

(José Ángel Valente, in El inocente)