Bikote homosexualak bedeinkatu ote ditu aita santuak?

Frantzisko aita santuak “Francesco” dokumentalean egindako zenbait adierazpen Eliza katolikoaren mugarri historiko gisa eta “lurrikara doktrinal” gisa ere agurtu dituzte askok. Nahiago nuke hala balira. Pozgarri litzaidake, berriro ere alarmak jo dituzten sektore katoliko kontserbadoreenek alarmarako arrazoiak izatea, baina iruditzen zait, haien debozio kontserbadoreak ez duela, zoritxarrez, zertan beldur izan.

Hona, bada, aita santuaren adierazpenak bere osotasunean: “Homosexualek familia batean egoteko eskubidea dute. Jainkoaren seme-alabak dira eta familia bat izateko eskubidea dute. Inork ez luke bere burua kanporatua edo miserable sentitu behar horregatik. Bikote zibilei buruzko legea da egin beharrekoa. Horrela, legez babestuak egongo lirateke. Nik horren alde egin nuen”.

Esan daiteke aurrerapausoa dela, baina, nola begiratzen den, atzerapausotzat ere har daiteke, aurrera eta atzera kontzeptuak erlatiboak baitira, espazioa eta denbora eta abiadura bezalaxe. Izan ere, nik minutuko 50 metro egiten baditut eta nire bidelagunak 100 metro, gero eta atzerago geratuko naiz, geldi egongo banintz edo atzeraka egingo banu bezala. Bidelagunak laster galduko nau bistatik. Horixe da, nire ustez bene-benetan aita santuaren adierazpenekin gertatzen dena.

Lehenik dio homosexualek familia batean izateko eskubidea dutela. Hau da: seme edo alaba homosexual bat baduzu, ezin duzu horregatik familiatik bota. Esan beharra ote zegoen? Kardinal gorenen bat horren alde ote legoke, bada? Kezkagarri zait Frantzisko bezalako aita santu on batek horrela hitz egitea, ez dakit erabaki kontzientez ala lapsus inkontzientez. Ematen duen arrazoia ez zait gutxiago kezkatzekoa iruditzen: homosexualak “Jainkoaren seme-alabak” direla. Homosexuala banintz, umiliatua sentituko nintzateke, “homosexual bat ere” Jainkoaren seme-alaba omen dela ulertzen baitut. “Lapurra, hiltzailea, bortxatzailea ere” bai, Jainkoaren seme-alaba dira. Ez iraganeko teologo estuen eta atzerakoienek, ezta gaurko monsinore ultrakontserbadoreek ere –Müller-ek eta Burke-k eta gugandik hurbileko beste hainbatek– ez dute hori inoiz ukatu.

Bigarrenik, aita santuak homosexualen “bategite zibila” babestuko duen lege sozial bat eskatzen du, haiek “legez estalita” gera daitezen (hartara, esaterako, batek ospitalean dagoen bikotekidea bisitatu ahal izango luke, edo, bikotekidea hilez gero, heredatu edo alargun-pentsioa jaso). Honetantxe datza aita santuaren adierazpenon berritasuna, eta horrexek bultzatu ditu batzuk kanpaiak eta beste batzuk alarmak jotzera.

Ongi etorri diotsat Frantzisko aita santuaren aldarrikapenari. Baina gertatzen da, Europako ia herrialde guztiek eta beste askok ere badutela homosexualen ezkontzari buruzko lege zibil bat, bertako gotzain katolikoen erabateko oposizioarekin onartua, hori bai. Eta gertatzen da ere, behin legea onartu eta gero, gotzainek, oro har, erresistentzia alde batera utzi ohi dutela: hala gertatu zen ia giza eskubide guztiekin, hala gertatu zen dibortzioaren legearekin, eta hala gertatuko da eutanasiarekin eta abortuarekin ere. Gizarte zibila Elizaren aurretik doa, mendeak aurrerago, giza eskubideen kontuan. Eta, hain zuzen ere, gehiengo sozial erlijioso kontserbadorea (musulmana, kristau-ortodoxoa, katolikoa) duten herrialdeak dira oraindik homosexualen ezkontza-lege zibilik ez dutenak.

Ondorioz: ongi dago aita santuak eta apezpikuek gizarte zibilari predikatzea, baina lehenik eta behin Eliza katolikoari beharko liokete predikatu, eurengandik hasita, hots, eliz erakundetik bertatik, zeina erabat patriarkala, klerikala eta homofoboa baita duela ia 2000 urtetik hona. Bestela, Nazareteko Jesusek bere garaiko lege-maisuei esan ziena esango die: “Ai zuek, eramanezineko zamak leporatzen baitizkiezue besteei, eta zeuek hatzamar batez ere ukitu ez!” (Lk 11,46). Argi gera bekio aita santuari: homosexualei buruzko arazoa ez du gizarte zibilak, berak zuzentzen duen erakunde erlijiosoak baizik, oraindik ez baita gai bi gizon edo bi emakumeren maitasuna “ezkontza” deitzeko ere eta “sakramentu” gisa bedeinkatzeko. “Bategite zibil” deitzen du, hau da, jargoi kanonikoan erlazio immoral eta adulteriozkoaren eta, beraz, etengabeko bekatu mortalean egotearen pareko, baldin eta harreman sexual orori uko egiten ez badiote. Eta hori guztia, direna izateagatik, Jainkoak edo Biziak egin zituen bezalaxe gorputz eta arimaz maitatzeagatik.

Horrela, bada, aita santu honek edo beste batek eta erakunde katoliko osoak bere begiak sendatzen ez dituen bitartean eta egungo Zuzenbide Kanonikoa eta Elizaren eredu klerikala indargabetzen ez dituen bitartean, homosexualak gaixotzat eta are gutxiago bekataritzat hartzeari uzten ez dion bitartean, maitasun eta harreman homosexualari maitasun eta harreman heterosexualaren duintasun eta santutasun bera aitortzen ez dien bitartean, eta Jainkoaren edo Maitasunaren sakramentu gisa bedeinkatzen ez dituen bitartean, historian atzera geratzen edo atzeraka egiten jarraituko du, harik eta gizarte honentzat argi, gatz eta legamia izateari erabat utziko dion arte, Espirituak gidaturiko gizon-emakume guztien begietatik erabat galduko den arte. Ari da galtzen. Baina Biziaren Espiritua izakien bihotzari arnasa ematen ari da.

Aizarnan, 2020ko urriak 24