Asisko anaiak Erromako anaiari

Ez nuen inoiz inportantea izatera iritsi nahi izan, txikienen eta ahaztu guztien anaiarik txikiena baizik. Baina, gorabehera historikoak medio, bizitza hilkor honetatik biziaren betera igaro nintzen egun hau egun seinalatu bihurtu zen amets ebanjelikoak zituzten anai-arreba askorentzat.

Iragaitea –”biluzik lur biluzian” burutu nahi izan nuena– gaurko egunez gertatu zen, 1226ko urriaren 3an, duela ia 800 urte, Asisko Portziunkulan adaska eta lurrezko zeldatxo hartan, nire amodioen eta ametsen txokoan. Egun haren urtemugako ilunabarrean idazten dizuet, bada, Lurreko anai-arreba guztioi. Biharamunean Asisko San Jurgi elizan lurperatu ninduten, nire lurra ama eta arreba Lur osoarekin bat eginez. Zer atseden! Zer askatasun! Zer betetasun! Lurrarekin, urarekin eta airearekin bat, hegatxabalekin, hegaztiekin eta animalia guztiekin bat, gizaki guztiekin bat, azkenekoekin eta ezezagun guztiekin batez ere. Jainkoarekin bat.

Umetatik ameslari izan nintzen. Mundu honetan bestelako mundua amestu nuen, non ez zen izango jaun eta zerbitzaririk, aberats eta behartsurik, jauregi eta txabolarik, armada eta gerrarik, eta hainbesteko miseriarik. Jesus benetan ezagutu aurretik eta Kredoko egiak deiturikoetan sinetsi aurretik ere, lausoki amesten nuen bestelako Eliza, armadak zituen eta gerran ariko zen Aita Santurik gabe, kleriko boteretsurik gabe, handinahirik, aberastasunik eta egiaren monopoliorik gabe.

Gero, San Damian ermitako ilun-argitan –ai Asisko ilunabarrak!– bakez eta argiz beterik ageri zen gurutziltzatu misteriotsu hartan Jesus ikusten ikasi nuenean, orduan denak bere lekua aurkitu zuen nire barrenean. Jesus hura bezalakoa izan nahi nuen. Batzuetan eutsi ezineko errebeldia sentitzen nuen eta bake garaitezina aldi berean. Eta errebelde eta baketsu izatea nahi izan nuen. Denen anaia izatea nahi izan nuen, baita jaun handiena ere, eta mundu urratu hura errotik eraldatzea. Eta gero eta bulkada biziagoa sentitzen nuen Eliza hura, kontzientzien eta egiaren jaun eta jabeen Eliza, lurren eta merkataritzaren jaun eta jabeekin aliatuak zeudenen Eliza, erreformatzeko. Baina erabaki nuen ez nintzela emango Elizaren ezinbesteko erreforma zuzenean aldarrikatzera eta sustatzera, baizik eta amesten nuen erreforma bizi izatera. Horregatik ez nuen ez kleriko eta ez monje izaterik nahi izan, erromes eta txiroenen bizilagun baizik, Jesus bezala. Eta denak esaten zidan munduaren eta Elizaren eraldaketa banaezinak zirela.

Mendeak igaro dira, eta harriduraz ikusten dut mundua inoiz baino urratuago dagoela, eta gainean duela inoiz susmatu ere egin ez diren arriskuen mehatxua. Eta tristuraz ikusten dut Jesusen Eliza katoliko gisa aurkezten den erakundeak, hain larriak diren garai hauetan, bere sineskizun eta instituzioetan iraganari atxikirik dirauela, bere energia ia guztiak barne-arazoetan xahutzen dituela, eta bere erreforma-egitasmoak itxura eta azala garbitzeko proiektu hutsaletara mugatzen. Horregatik, Erromako anaia Frantziskori begirunez eta askatasunez idaztera ausartzen naiz, bere anaiarik txikiena bezala:

Bake eta On opa dizut, Erromako eta argentinar panpetako anaia Frantzisko. Duela 8 mende, Erdi Aroko nire Umbria hartan, “aitasantu jaunari” zuzendu nintzaion, baina garaiak aldatu egin dira. Bizitzak eraldaketarik eraldaketa garamatza. Bizitza etengabeko berritasuna da bai Iturri esanezinean eta bai ageriko forma guztietan. Biziaren jatorrizko Ufadak, Mendekosteko Espiritu unibertsala bera denak, Eliz erakundea errotik eraldatzera deitzen gaitu, hala munduaren eraldaketa premiazkoari Jesusen inspirazioz laguntzeko.

Ezagutzen ditut, Erromako anaia Frantzisko, zure ahaleginak, ausardia eta eskuzabaltasuna, hainbeste erresistentzia dituzularik politikarien eta apezpikuen aldetik. Zure ahotsa herrialde guztietan entzuten da justiziaren eta bakearen alde, pobretu guztien, herri zapalduen, arnasarik gabeko bizidunen komunitatearen alde. Zure aurrean makurtzen naiz, beraz. Baina utz iezadazu, Asisetik Erromara, bihotzetik bihotzera, anaiatik anaiara, apaltasunez eta askatasunez esaten: ez dut argitasun eta erabakitasun bera sumatzen buru zaren Eliza katoliko-erromatarraren erreforma-programan. Burutu diren hiru sinodo orokorrek, hainbesteko luxu eta gehiegizko despendiorekin, ez dute funtsezko berritasunik ekarri, ez dute inolako aurrerakada erabakigarririk egin, eta ez da seinalerik ageri laugarrenak, “sinodotasunari buruzko sinodoak”, zeinaren azken fasea ni neure erabateko askapenera igaro nintzen egun berean inauguratzen baita, Elizaren gaitzen erro nagusia erauziko duenik: klerikalismoa. Emakumea baztertzen duen klerikalismoa, gorputza eta sexualitatea erreprimitzen dituena oro har, eta homosexualitatea eta genero-desberdintasunak bereziki. Nagusitasun eta abusu eta eraso bilakatzen den klerikalismoa. Bereizten eta banatzen duen klerikalismoa, Jesusen hitzen aurrez aurre dagoen klerikalismoa: “Ez bedi izan zuen artean ez aitarik, ez maisurik eta ez jaunik, denak anai-arrebak baitzarete”.

Eliza ezingo da izan arrisku larrian dagoen mundu honetan presentzia inspiratzaile, sendatzaile, askatzaile, harik eta bere baitatik botere-anbizioari lotutako erro klerikala desagerrarazten ez duen arte. Eta sustrai kaltegarri hori ateratzeko, ez da aski izango bi edo hiru emakumeri sinodoan hitza eta botoa ematea, ez eta “bertute frogatuko” gizon ezkonduak apaiz ordenatzea, ezta emakume batzuk bigarren mailako diakono ordenatzea ere. Ezinbestekoa da indargabetzea “ordena sakratuaren” ideia bera, oinarri duen aitasantutzarekin batera, eta ideologia patriarkala eta botere sakratuaren logika. Eta horren guztiaren euskarri den Jainkoaren irudia.

Anaia Frantzisko, itzul gaitezen Jesusen bide eta espiritura. Itzul gaitezen anai-arrebatasun ororen Iturrira. Biziak bedeinka zaitzala eta eman diezazula bakea.

Aizarna, 2023ko urriaren 3an