Adio, Aitor

Min dut bihotzean. Min dut aurreko igande hartan, Arroa Beheko gure elizatxoan, besarkada bat zuri eman ez izana. Bi igandetik behin etortzen zinen Azpeititik, Jesusen oroitzapena gurekin ospatzera. Gurekin familia txiki bat osatuz, ebanjelioa entzutera, otoitz egitera, elkarrekin abestera. Ez genituen zuregandik hitz potolo edo distiratsuak espero, konpainia baizik. Eta konpainia egitera etortzen zintzaizkigun, baina beharbada zu zeu bakarrik sentitzen zinen.

Min dut bihotzean. Min dut eskua zuri bizkarrean jarri ez izana. Zure tristura arintzeko nola edo hala gai ez izana. Tristura ikaragarria sumatu bainuen zure begietan meza ondorenean eliz atarira atera zinenean. Hitz bakarra entzun nizun: “hotza”, poltsikoetatik eskularruak eta txanoa ateratzen zenituen bitartean. Ez dakit goiz hartako hotzaz ari ote zinen, edota zure bihotzeko gau izoztuaz. Zenbat tristura zure begietan eta zure eskuetan, zenbat sufrimendu! Gure penak arintzera etorria zinen, baina gu ez ginen gai izan zureak arintzeko.

Biharamunean, astelehena, jakin nuen zure erabaki tragikoaren berri. Eta negar egin nuen zuregatik, neuregatik, guztiongatik. Baina atseden hartu duzu, Aitor, betiko atseden, eta horrexek arintzen gaitu, horrek bakarrik.

Agian gauzak bestela izango ziren, baldin eta zure azken meza hartan, betiko antzera jarraitu ordez, paper guztiak utzi, meza liburua utzi eta bihotz-bihotzetik esan bazenigu: “Oso gaizki nago. Ezin dut gehiago!”. Agian negar egingo zenuen, eta zer axola dio? Negarrak ez du lotsarik. Agian elkar kontsolatuko genuen. Agian denok ekingo genion negarrari. Eta huraxe izango zen, zinez, zure sermoirik onena. Gurutziltzatuaren lagunek bezala, Jesusen zauriak sumatuko genituen zure zaurietan, Jainkoaren haragi zauritua.

Agian ez genukeen meza amaituko. Eta zer? Gure eukaristiarik onena izango zen ziur. Zer da, bada, eukaristia, Jesusen gorputz zauritua gure gorputz zauritu guztietan konpartitzea ez bada?

Aitor, ondo ulertzen dut paperak alde batera utzi, aldaretik jaitsi eta Arroako elizatxoan gure artean negarrez hasi ez izana. Seguruenik txiki-txikitatik ikasi zenuen apaiz batek ezin duela horrelakorik egin, Kristo perfektuaren eredu perfektu izan behar duela, indartsu eta seguru. Agian horregatik joan zinen Seminariora. Gaztea zinen, 36 urte besterik ez zenituen, baina zama astuna zeneraman gainean: mende askotako zama klerikal astuna. Agian apaizgoak ez zizun uzten gizaki hauskor izaten. Agian ez zizun uzten guregana etorri eta besterik gabe esaten: “Ezin dut gehiago. Hil egin nahi dut, ezin baitut bizi”. Ez ote da zilegi horrela mintzatzea? Ez ote da humanoa, dibinoa? Baina agian mende luzeetako ideologia klerikalak ez zizun libre izaten uzten, haragizkoa, beste guztiok bezalaxe.

Hierarkia katolikoan zaudeten anai horiek, Aitorren eta Jesusen izenean eskatzen dizuegu: aska ezazue Eliza mila eta zortziehun urtez izan duen zama klerikal astun horretatik! Mila eta zortziehun urte diot, eta ez bi mila. Jesus bera ez baitzen apaiz izan. Eta ez zuen apaizgo klerikalik nahi izan bere mugimenduan. Jesus giza haragizkoa zen, eta baimena ematen zion bere buruari humano izateko, arauak hausteko, bekatari omen zirenekin mahaian esertzeko. Larrimina sentitzeko eta bere lagunei esateko: “Nire arima triste dago, hiltzeraino triste. Hil egin nahi nuke”. Hori ere humanoa da. Eta beraz, dibinoa, jainkozkoa. Etsipena aitortzeko baimena eman zion bere buruari. Eta hor ere agertzen da Jainkoa, hortxe batez ere, etsipenean lagun eta kide bihurtuz. Hierarkia katolikoko anaiok, maiz hitz egiten duzue heriotzaren kulturaren aurka, baina onar ezazue jaso dugun sistema klerikala ere badela hilgarria: hainbat erru sentipen eta beldur itogarri, hainbat botere eta lege hilgarri. Eta ez esan inor ez dela bere bizitzaren jabe, geure gain utzi baitigu Jainkoak bizitzaren eta heriotzaren ardura. Ez esan Jainkoaren borondatearen aurkakoa denik norbaitek beretzat heriotza aukeratzea, bizitzea ezinezko zaionean. Jainkoak ez du guretzat torturarik nahi. Eta larriminetik askatzeko bide egokia izan daiteke heriotza.

Garizumaren hasieran entzun dugu bihozberritzeko eta Ebanjelioan sinesteko deia. Bai, sinets ezazue zuek ere gehiago ebanjelioan, eta gutxiago lege eta dotrinetan. Aska gaitezen hainbesteko zama astunetatik. Adiskidetu gizatasunarekin, jakintza gabeziarekin, botere gabeziarekin, ondasun gabeziarekin… askatasunarekin. Haragiarekin, haragiztatzearekin. Jesusen izenean eta Aitorren oroimenez eskatzen dizuegu.

Agur Aitor. Zu jadanik libre zara, aske. Jainkoaren besoetan zaude osorik, biziaren eta atsedenaren betean. Gu oraindik bidean gaude. Zure zama guztiak amildegian behera zihoazelarik, Jainkoa bera ere zurekin zihoan, zu paradisura altxatuz. Atzean utzi dituzu larrimin eta kezka guztiak. Guk soinean daramatzagu oraindik.

Lagun gaitzazu bidean, guk lagundu zintugun baino hobeto. Lagun itzazu anai-arrebak; kontsola ezazu aita, duela hiru hilabete amaren alargun geratu ondoren orain zutaz umezurtz gelditu dena. Gorde dezatela zure oroimena xamurtasunez eta ohore handiz. Arroan ere gogoan izango zaitugu, xamurtasunez eta ohorez, eta igandero ospatuko dugu zure presentzia, Jesusena bezalaxe. Eta guk zu gogoan izanez, zuk gu gordeko gaituzu. Gorde gaitzazu dena maite duen, dena sortzen eta birsortzen duen Memoria handian. Gorde gaitzazu Bizitzaren Misterio handian, Errukiaren misterioan, zuk jadanik ezagutzen duzun eta guk oraindik itxaro itxaropen dugun Misterioan. Agur, Aitor. Adio.

(2011ko martxoaren 4an argitaratua)