Aurtengo gripea

Duela urtebete, aztoraturik genbiltzan, hilabeteak generamatzan aztoraturik, gripea gora eta gripea behera. Baina iazko gripea ez zen edozein gripe. Gripe A zen, ene bada! Eskerrak Osasunaren Mundu Erakundea argi eta garaiz ibili zenari, pandemia deklaratu zuenari, adi eta erne jarri gintuenari. Eta eskerrak Eusko Jaurlaritzak, beti puntan, gripeari aurrea hartzeko txertoz eta –ez kalean eta ez etxean inoren arnasarekin ez kutsatzeko– maskaraz ondo baino hobeto hornitu gintuenari, zer gerta ere.
Ez zen ezer gertatu. Ez ote? Zenbait Farmazia Industriaren iazko balantzeari erreparatu beharko genioke. Bai horixe gertatu zela! Gure poltsikoak pixka bat hustu egin ziren, eta haienak asko bete.
Oraindik orain esan digute iaz baino gehiago zabaldu dela aurten gripe A ikaragarria, eta Euskal Herrian inon baino gehiago, eta guk ezer jakin ez oraintxe arte, pasa eta gero. Orduan zer? Iaz adarra jo ote ziguten edo aurten jo digute adarra? Segur aski bietan jo digute adarra: iaz gripe Arekin, eta aurten auskalo zerekin, hori gero jakiten da beti. Farmazia Industriek –eta beste hainbat Industriak– bazekiten iazko gezurrarekin aurten ez zutela negoziorik, baina egon ziur aurten ere, beste gezurren batekin, gure lepotik gizentzen ari direla. Saltzea da kontua.
Eta guk ere badugu geure errua, geure inozoan edozer gauza sinesten diegulako. Eta hor gabiltza sendagilerik sendagile edo sendalaririk sendalari, farmaziarik farmazia edo belar-dendarik belar-denda, beti sano egon behar bagenu bezala eta inoiz hil behar ez bagenu bezala. Sendagile eta sendalari, farmazia eta belar-denda, ez ahal didate gaizki hartuko! Adibidetxo bat besterik ez da. Gripe A bera ere adibidetxo bat besterik ez da, esateko zein sineskorrak garen, edo zein beldurtiak. Eta zein erraz engainatzen gaituzten gure bizkar aberasten direnek.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply