Luther-en urtea

“Luther-en urtea” dugu joan zen urriaren 31tik datorren urriaren 31ra, orduan beteko baitira 500 urte Luther-ek induljentzia-salmentaren aurkako 95 tesi sonatuak zabaldu zituenetik, sekulako arrakastaz zabaldu ere, inprenta sortu berria medio.

Zer dira, bada, induljentziak? Orduko eta gaurko eliz doktrinak irakasten duenez, Jainkoak apaizaren bidez bekatuak barkatzen dizkigunean, “erru-hondar” bat geratzen da, hil eta gero purgatorioko oinazetan ordaindu beharrekoa; zor hori, ordea, ezaba daiteke –norberarentzat nahiz norberak nahi duen hildakoarentzat– induljentzia irabaziz, deboziozko zenbait ekintza eta beste zenbait baldintza betez. (Horrelakoak duela 500 urte irakastea, tira, baina gaur?)

Leon X.a, orduko aita santua harago joan zen. Vatikanoko San Pedro basilika arranditsua eraikitzen ari ziren. Sekulako dirutzak behar. Nondik atera? Modu erraz bezain itxuragabea asmatu zuen: Europa guztian zehar induljentziak saltzea. Zenbat diru, hainbeste induljentzia. Zenbat eta diru gehiago, hainbat eta purgatorio-urte gutxiago. Diruak kutxan tintin egin orduko, purgatorioko arima errukarria zerura airean.

Doktrina eta praktika lotsagarri horren aurka altxatu zen Luther, teologia-irakasle distiratsua. Aita santuak zorrotz erantzun zion: bere tesiei uko egiten ez bazien, eskumikatu egingo zuela. Luther-ek eutsi egin zion, eta aita santuak eskumikatu. Printze eta jende askok jarraitu zioten, eta hantxe abiatu zen Elizen Erreforma.

Oker handirik gabe esan daiteke, Nazareteko Jesusek Galileako mendi-malda eta herrixka pobreetan berri on kontsolatzaile eta iraultzailea, bihotz berri baten eta mundu berri baten amets ederra hots egin zuenetik, eliz gertakari edo mugimendurik garrantzitsuena izan dela. Areago: harrezkeroztik gaurdainoko historia politikoa eta kulturala –Europan ez ezik, mundu zabalean ere– ez dago ulertzerik Luther-ek bultzaturiko Erreforma gabe. Esate baterako, erlijio-askatasuna eta erlijio-gerrak, biak.

Halere, Jesusen Ebanjelioa egungo munduan ulertu eta biziko badute, Luther-ek egindakoa baino jauzi handiagoa egin behako lukete gaur Eliza kristauek.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply