Maite ditugunen errautsak

Aita hil zitzaigunean, Iturraldeko zelai-gorenean haritz-landaretxo bat aldatu eta bere ondoan sartu genituen errautsak, malko gozotan. Ama hil zitzaigunean, haren errautsak ere aitarenekin batera lurreratu genituen, haritzaren orpo saminean.

Orain, Vatikanotik ustekabeko xedapenak iritsi zaizkigu: ez da debekatzen hildakoak erraustea, arima ezin dela eta erre, heriotzakoan gorputzetik bereizten omen delarik; halere, hilobiratzea hobesten da eta, erretzekotan, hautsak kanposantutik edo elizatik kanpo inon gordetzea zorrotz debekatzen digute, kasu larri bakanen batean izan ezik, gotzainaren baimenaz beti ere. Hautsak inon barreiatzea edota senideen artean banatzea ere debekatu egiten da, hildakoaren oroitzapena eta begirunea galtzeko bide emango lukeela eta. Bestalde, bere hautsak non edo han kanposantutik nahiz elizatik kanpo zabalduko edo gordeko liratekeen hildakoei ezingo zaie eliz hiletarik egin.

Jaun kardinal burutsuak munduaren bazterretik bildu eta gai hori serio-serio ikertzen irudikatzeak… ez dakit zer ematen didan, barregura ala tristura. Gai honetan inork gomendiorik eskatzen badit, hauxe esango nioke: maite dituzun hildakoen errautsekin, egizu zure nahigabea gozatzeko eta haien oroitzapen samur eta samina ohoratzeko egokien iruditzen zaizuna. Leku guztiak dira kanpo santu, itsaso nahiz mendi, baso nahiz zelai. Hauts guztiak dira bat, batera gorde nahiz noranahi zabaldu.

Lur-hautsetik gatoz, eta izar-hautsetik. Hildakoen errautsak bizi-hauts izan ziren, bizi-hats hauskorraren euskarri. Maite ditugunen bizigarri izan ziren, biziaz osoki hustu ziren arte. Eta biziduna, bizia osoki emanez, osoki husten denean, zer bilakatzen da, Bizi huts baizik, hots, osoko, betiko, beteko Bizi baizik?

Maite ditugunen hauts horiek maiteko ditugun eta maiteko gaituzten bizidun berrien bizi-euskarri bilakatuko dira berriro. Biziaren hazgarri eta hats-garri ari dira dagoeneko bilakatzen. Eta horrela ari gara bizidun guztiok, hautsetik hautsera, hatsetik hatsera, Bizi-arnasaren historia unibertsala osatzen, arnasa hartu eta arnasa eman.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply