Biziaren Pazkoa

Antzinako hebrearrek udaberriko lehen ilargi betean ospatzen zuten euren jai nagusia: nekazariek, legamiarik gabeko ogi berria errez; artzainek, lehen bildotsa elkarrekin janez. Biziaren oparia eskertzea eta bizi berria ospatzea: horixe zen Pazko jaia.

Handik mende askotara, biziaren jaiari gertakari historiko baten oroitzapena lotu zioten: nola euren asabak, Moisesen gidaritzapean, faraoi ankerraren uztarria hautsirik, esklabutzatik askatasunera igaro ziren basamortuan zehar, lurralde berriaren esperantzak bultzaturik. Hain juxtu, pazko hitzak “zeharkatu” esan nahi du, “igaro”. Biziak bezala.

Handik mila urtetara, Nazareteko Jesus agertu zen, eta on eginez igaro zuen bizitza: zapalduei askapena iragarriz, zaurituak sendatuz, den-denen mahaikide bilakatuz inor baztertu gabe. Horregatik hil zuten: ez dezala inork pentsa gizateriaren erruak ordaintzeko hil zela, “Jainkoaren” erabakiz.
Garai berri baten profeta eta egunsentia ikusi zuten askok Nazareteko Jesusengan. Eta hain bidegabeki eta gazterik hil zutenean, haren jarraitzaile askok aldarrikatu zuten ez zegoela hilda, bizirik baizik, ematen den bizia ez baita hiltzen. Ematen den bizia “Jainkoarengan” bizi da. Areago, “Jainkoa” bera da. Zer da “Jainkoa” Biziaren, Errealitate osoaren onezko Bihotza baizik? Zer da Pazkoa bizi onaren zori unibertsala baizik?

Hori ulertzen erraza da. Handik mendeetara, ordea, sekula gertatu gabeko gertakari bitxi, “miraritsu” eta konplikatu bihurtu zuten teologo kristauek: gorpua “zerura joatea”, hilobia hutsik geratzea, Jesus hilaren agerpen fisikoak ikustea…

Hasieran ez zuten horrelakorik pentsatu, eta gaur ezin du horrelakorik inork sinetsi. Gatozen, bada, berriro Pazkoaren muinera: Bizia ez da hiltzen, hilobi guztiak hutsik daude, gurutze guztiak baino ahaltsuago da Gupida. Eta Jesus da irudi bikaina.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply