Naximentua

Gure baserri zaharrean, umeak ginela, urtero izaten zen jaiotza berriren bat, baina Gabonetan ez genuen naximenturik jartzen. Orain bai, jartzen dugu, nahiz eta haurrik ez den ia jaiotzen.

Garaiak galanki aldatu dira, baina irudi maitagarriak hor dirau: naximentua. Aita-amak haurrarekin: zer nahi duzu xumeago eta samurragorik? Zer betikoago eta beteagorik? Zer humanoago eta jainkozkoagorik? (Eta aita-amen ordez bi ama badira, edo bi aita? Ondo badira, ondo da. Ondo bitez!).
Naximentua: ama Maria, aita Jose eta Jesus haurtxoa. Baina ez pentsa etxe edo aterpetxo hartan jaiotza bakarra izan zenik. Markosen ebanjelioak argi eta garbi dio Jesusek lau anaia zituela (Jakob, Jose, Simon eta Judas) eta “arrebak” gainera (bat baino gehiago, alegia; baina haien izenik ez zaigu ematen: neskak izan…).

Horra hor, bada, naximentuan Maria eta Jose Jesus haurrarekin. Dogma kristauak dio, ordea, Jesus ez zela Joseren semea: “Jainkoaren semea” zela eta ez zuela gizonezko aitarik. Nork uler dezake gaur horrelakorik? Zuk ez? Nik ere ez.

Dogma kristauak dio gainera Jesus “Jainko enkarnatua” dela. Hori bai, sinesten dut eta nahi nuke sinetsi, baina ez edozein modutan. “Jainkoa” ez da Izaki Goren estralurtarra, unibertsoan leku batean eta ez beste inon, une batean eta ez beste inoiz, haurtxo batengan eta ez beste inorengan sortu eta jaio dena.

“Jainkoa” diodanean, Ontasun Zoriontsua diot, den ororen Onezko Hondoa, diren guztien Maitasunezko Bulkada eraldatzailea. Zergatik deitu zioten Jesusi “jainkozko” edo “Jainko? Oso sinplea da: ontasun zoriontsua bizi izan zuelako.

Nik ere bai. Den guztiaren Onezko Hondoa, “Jainkoa”, ikusten dut eta gurtzen naximentuan: izar dirdiratsuan, goroldio apalean, artzain pobreengan, Maria eta Joseren begiradan, Jesus haurtxoarengan. Eta beste guztiengan. Zuregan.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply