Ez izan beldur
Esaten ere ez da erraza, baina esatea da errazena bizi dugun egoeran, hainbat herrikide kezkaz eta larriz uzkurturik daudenean, gaudenean. Halere, bihotzez esateko eta entzuteko premia dut: “Azpeitiar adiskidea, ez izan beldur!”.
Ez izan beldur egoeraren gordinari aurrez aurre begiratzeko. Ezta argi eta zoli begiratzeko ere zerk ekarri gaituen egoera honetara. Inor ez gara errugabe, baina guztiok ez gara berdin errudun. Eta gutxien irabazi eta gehien galduko dutenak dira errugabeenak. Urrutiko nahiz bertako espekulatzaile, iruzurgile eta gutiziatsuak dira errudunenak. Bego argi. Kontu nagusia ez da, ordea, erruak banatzea, ezta zigorrak ezartzea ere. Aurrerako bidea egitea da kontua. Sinesten badugu, posible izan liteke. Sinesten ez badugu, ez.
Ez izan beldur itxaropenari eta utopiari. Utopiak ez dira inoiz lortzeko, norantz jo jakiteko baizik. Utopiak erakusten digu bidea, eta itxaropenak eragiten digu aurrera.
Ez izan beldur zeure eskasiari, ezinari. Ezta zeure beldurrari ere. Ez zaizu balentria handiak egiteko eskatzen. Ez daukazu guztien salbatzaile heroikoa izan beharrik. Konponbide osoa ez dago zure esku, baina zure esku dago gari-aletxo bat gehitzea uztari, harri-pikortxo bat eraikuntzari, ogi-apurtxo bat mahaiari. Aski duzu.
Ez izan beldur porrotari. Etsipena eta ez saiatzea dira porrotik handiena.
Ez izan beldur errukiari. Kale gorrian dagoen hurkoarentzat aurrena, eskua zabalduz. Baina baita kale gorrira bota duenarentzat ere, eskuak eta bihotza zabal dakizkion. Ez utzi gorrotoari zeure barrua gogortzen, zimurtzen, mingosten. Ez da hika-mikatarako garaia, elkarrekin etorkizuna asmatzeko tenorea baizik.
“Ez izan beldur bihar zer jango eta zer jantziko –esan zuen behin Nazareteko Jesusek–. Begira zeruko txoriei, nola duten zer jan. Begira zelaiko liliei, zein diren eder”. Jakina, zeruko txoriak gutxirekin bizi dira, eta zelaiko loreak gutxirekin dira eder. Gu ere bizi gaitezke gutxiagorekin zoriontsu, agian zoriontsuago.
Leave a Reply
Want to join the discussion?Feel free to contribute!