Zorionerako sekretu ezagunak

2012 zoriontsua opa dizut, formula hutsaz haratago. Zoriontsu izan nahi dugu. Askotan badakigu nola izan, baina ezin dugu. Beste askotan, badakigula uste, eta oker gaude. Baina zoriontsu izatea denok nahi genuke beti. Zorion bati uko egiten dionak ere, zorion hobe baten ustetan egiten dio uko. Beti. Maite dugunari zoriona opa diogu, eta norbaiti zoriona opa ez diogunean, geure buruari ere ezin diogu opa. Hurkoaren zorionik gabe norberarena bilatzea oker bilatzea ez ezik, alferrik bilatzea ere bada. Beti. Elkarrekin dastatzen dugun zorionaren zaporea bai dela gozoa!
Uztazu, bada, lagun, zorionerako zenbait sekretu ezagun gogorarazten:
1) Zoriontsu izateko ez duzu behar zorion perfekturik. Ez umore perfektua, ez bikote perfektua, ez familia perfektua, ez osasun perfektua. Estima ezazu zarena eta duzuna. 2) Ez da zoriontsu dena daukana, daukanarekin konforme dena baizik.Ez da aberats asko daukana, gutxi behar duena baizik. Ikas ezazu gutxiagorekin gehiago gozatzen. 3) Zer gertatzen zaizun baino garrantzitsuagoa da gertatzen zaizuna nola hartzen duzun. 4) Barka iezaiozu zeure buruari. Barkatu zeure akatsak, erroreak, ezinak. Zorionaren sekretu nagusia apaltasuna da. 5) Norbaiti gorroto badiozu, ezin zara zoriontsu izan. 6) Eguneroko gauza txiki guztiak poz-iturri agortezina dira: ura edatea, ogia jatea, zerua ikustea, euriari begira egotea, txorien kantua entzutea. 7) Lagun on batek zoritxarrak murrizten ditu eta zoriona ugaltzen. Norbaitekin partekatzean, nahigabeak erdi bihurtzen dira eta pozak bikoitz. 8) Besterengandik hartzeak adina zorion du besteri emateak. Eta alderantziz. 9) Arnasaren baitan dago zoriona, bizia bezala. Zaindu ezazu arnasa. Har itzazu egunean bost, hamar, hogei minutu, besterik gabe arnasa hartzeko hondotik, isilik, bare. 10) Larri bazaude, lanik ez baduzu, etsiak hartu bazaitu… ez dakit zer esan, lagun. Baina saia zaitez gau beltzean argitxo bat pizten, edo argitxo bat izango dela sinesten.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply