San Inazioren begiak

Loiolako Inaziori Manresan ireki zitzaizkion begiak, 1522ko goiz batean.
Ordurako bizimodua aldatua zuen, noski, baina hori ez da nahikoa. Bide luzea egina zuen ordurako –Loiolatik Arantzazura Oñatzen gora, Arantzazutik Montserratera Urbian gora–, baina urrats erabakigarria emateko zegoen. Montserrateko Andre Mariaren oinetan utzi berriak zituen bere soldadu- eta zaldun-armak, baina arma ezkutuagoen jabe zen artean. Hogeita hamaika urte zituen, eta hamaika egun argitsu eta larri, hamaika gauza eder eta makur ikusia zen, baina itsu bezala zegoen oraindik.
Eta egun batez Manresan, ermita batera bidean, bazterrean eserita Cardoner ibaiari begira zegoela, “adimeneko begiak irekitzen hasi zitzaizkion” –bere hitzak dira– eta “inolako ikuskaririk gabe, gauza asko ulertzen eta ezagutzen hasi zen; halako argitasunez, non gauza guztiak berriak iruditzen zitzaizkion, eta beste gizon bat zela iruditzen zitzaion”. Adimeneko begiak, hau da: barne-begiak, bihotzeko begiak.
Beste gizon bat izan zen ordutik, arma eta handinahi guztiak erantzirik, lorpen eta atxikimendu guztietatik libre. Libre eta maitatua sentitu zen betiko Biziaren altzoan bere muga eta guzti. Eta handik aurrera ez zion inoiz ezerk bakerik kendu.
Begiak ireki eta dena berri ikusi: miresmenezko eta errukizko begiz begiratu izaki guztiak eta gizaki bakoitza, bere zauri eta guzti, baita geure burua ere, zauri eta guzti. Unibertso mugagabea eta gure bizitza apala Guztiaren grazian bildua. Geure burua defenditu beharrik gabe, inori eraso beharrik gabe.
Begiak irekitzeko, ez daukazu Cardoner ibaira joan beharrik. Berdin dio Cardoner edo Urola edo Urrestilla, edo Abaiturri, Olial, Garagartza, Muniategi, Urtzabal, Garin edo Sistiaga. Edo balkoiko geranioa edo bide bazterreko garoa. Edonon ireki dakizkizuke barne-begiak, edonor zarela, edozeri begira. Orduan dena bestela ikus dezakezu. Eta bizitzen jarraitu, bidean aurrera, oinez eta erromes, apal eta pozik, ezin eta guzti. Eta guztiekin bakean, zeure buruarekin batik bat.
San Inazioren begiak opa dizkizut, Saninazio zoriontsuekin batera.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply