ERLIJIOEN ETORKIZUNA

Duela 40 urte egindako aurreikuspen guztien kontra, erlijioak eta erlijioek bizirik diraute oraindik (onerako ala txarrerako? Hori beste kontua da).
Gaur ere badira erlijioen etorkizunari buruzko iragarpenak, eta geroak esango du zuzen ote dabiltzan ala oker. Bi ikerketa aipatuko ditut.

Batak munduko 9 herrialde garatu hartu ditu ikergai: Australia, Austria, Kanada, Finlandia, Irlanda, Zeelanda Berria, Herbehereak, Txekiar Errepublika eta Suitza. Erlijioak daraman bilakaerari erreparatuz, ikertzaileek aurreikusten dute, erlijioa luzaro gabe desagertuko dela herrialde horietan, erabat galduko dela. Ados legoke horretan Hirugarren Munduko Teologoen Elkartea ere, duela gutxi esana baitu erlijio eratu handien paradigma azkenetan dela.

Beste ikertzaile-talde batek ez ditu gauzak hain argi ikusten. Hona zer nolako erlijio-panorama iragartzen diguten munduan 2050 alderako: kristautasuna ugaldu egingo omen, Hegoaldeko herrialdeetako biztanle-kopuruaren gorakada medio eta mugimendu ebanjeliko populisten eskutik batik bat (ez katoliko nahiz protestanteen eskutik); Islamak ere aurrera egingo bide du, baina ez Europan eta Asian; hinduismoak eta budismoak gaurko kopuruetan eutsiko omen diote, baita judaismoak ere (baina honek behera egin lezake).

Ez dut uste erlijioak erabat galduko direnik, baina uste dut erabat aldatuko direla, aldatu behar luketela. Uste dut espiritualtasunak edo arnasak bizi behar duela, ez gaurko erlijio-egiturek.

Judu bat kafetegiko terraza batean eseri omen zen agure zahar baten ondoan, eta a zer sorpresa: Jainkoa bera zen agurea! Juduak galdetzen dio: “Jainko maitea, esadazu arren, eta behingoz: zein da egiazko erlijioa?”. Jainkoak irribarrez erantzuten dio: “Arrastorik ere ez, enetxoa, inoiz ez baitut erlijiorik praktikatu!”.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply