Txorien hizkuntza

Behin batean, ehun mila txori bildu omen ziren, argi-oilarrak deiturik, Farid Al-Din Attar, XII. mendeko poeta pertsiar handiak –musulman mistiko sufia–, Txorien hizkuntza liburuan kontatzen duenez. Zoragarria liburua, txoriak bezala.

Han bildu ziren buztanikara, urretxindorra, galeperra, zapelatza, ahatea, koartza, faisaia, usoa, hontza, kardantxiloa… denak. Bu-bu-bu, hasi zitzaien argi-oilarra, ohi duen bezala, bere buruko luma-motots txairoa tarteka tente, tarteka zabal koroa bailitzan. Bidaia luze bat egitera gonbidatu zituen Kaf mendira, non bizi baitzen Simorg txit gorena, hegazti guztien errege paregabea. O, Hura ikusi behar dugu, hil edo bizi.

Gehien-gehienek uko egin zioten bidaiari, hainbat aitzakiaz: luzeegia da, gogorregia, ez daukat indarrik; akatsak ditut, harroa naiz, nagia, plazerzale, urre-gose, herio-beldur; gainera, nola aurkitu Simorg, aurrez ez badakit nolakoa den? Eta aurkituta ere, zer eskatu? Eta, bestalde, nor da argi-oilarra gu gidatzeko?

Abiatu zirenek zazpi haran zeharkatu behar izan zituzten: bilaketa, muga gabeko maitasuna, ezagutza, norberaren burujabetasuna, batasun purua, ziurtasun eta jakintza oro kentzen duen maiteminaren bertigoa eta, azkenik, erabateko pobretasuna edo norbere buruaz erabat ahaztea eta hiltzea, bide guztien amaiera, atzen muga.

Urteak eta urteak eman zituzten txoriek mendi eta haranetan zehar, eta ia denak bidean geldituz joan ziren, etsita. 30 hamar bakarrik iritsi ziren, ez luma eta ez hego, dena galduta, Simorgen egoitza irrikatura. Eta orduan, ezer gabe, orotatik libre, ororekin bakean, orduantxe ikusi zuten Simorg, eta harriturik ohartu ziren Simorg eta beraiek Bat bera zirela, “Si-morg” hitzak horixe esan nahi baitu pertsieraz: “hogeita hamar txori”.

Zirenaren bila egin zuten bide luzea. Guk bezala. Zorionaren bila, beste nonbait delakoan. Edo Jainkoaren bila, beste bat delakoan. Aski da dena uztea, Dena aurkitzeko. Dena uztea, baita erlijio-sistema ere. “Ez naiz ez sinestun ez sinesgabe”, dio argi-oilar mistikoak.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply