Piratak Somalian

Oraindik orain, begiak irekiarazten dituen horietako dokumental bat ikusi dut Interneten, eta zuk ere ikustea nahi nuke, geure begi itsutuez munduaren etorkizuna ere itsutu ez dezagun. Gusturik baduzu: http://dotsub.com/view/8446e7d0-e5b4-496a-a6d2-38767e3b520a
Somaliaren zoritxarra norainokoa den erakusten digu. Baina Somalia gaurko munduaren parabola iruditzen zait. Eta horrela jarraitzen badugu, luzaro baino lehen denok harrapatuko gaituen zoritxarraren parabola.
“Afrikako Adarra” lehendik ez zen ziur paradisua izango, baina Europako kolonizatzaileek konkistatu zutenez gero, egoera gaiztotu besterik ez zitzaien egin. 1960an lortu zuen Britainia Handiarekiko independentzia, baina ez askatasuna; lehenengo, etxeko diktadura pairatu zuten, Estatu Batuek babesturik, petrolio-konpainia amerikarren probetxurako. Eta diktadorea eraitsi orduko, gerra zibila gaur arte. Anarkiak eta gerrak munduko lurralderik arriskutsuena bihurtua dute Somalia.
Baina hori ere ez da guztien kalterako: bertako kaosaz baliaturik, Estatu Batuetako, Asiako nahiz Europako –Bermeo eta Ondarroako, kasu– arrantza-ontziek hara jo zuten, lizentziarik gabe edo bandera piratekin, atunetara edo harrapatzen zutenetara, etxeko erreserbak ordurako xahutuak baitzituzten. Eta han piratak azaldu zirenetik, arrantza-ontziek gerra-ontziak dituzte lagun, estatuen babesean baina gure poltsikotik.
Eta gehiago. Somaliako ur handiak herrialde aberatsen eta enpresa handien zabortegi bilakatu da: zabor atomiko eta toxikoen hustuleku. Harantzakoan zaborra eta honantzakoan atuna. Somaliarentzat, miseria, gosea, heriotza. Begiraleak bidali zituzten Nazio Batuek, eta ikusitakoa garbi asko esan zuten, baina inork ez du ezer egin ezer konpontzeko. Handien negozioari ez komeni.
Zein dira piratak?

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply