Erlijioak hiltzear?

Erlijioaren etorkizunak, kristautasunarenak zehazkiago gure artean, bosta axola die gehien-gehienei. Ez gutxirentzat, halere, kezkagarri izan liteke. Niretzat, erronka da.
Stephen Bullivant, St. Mary Unibertsitateko (Londres) irakasleak ikerketa bat argitaratu berria du horretaz: “Helduak eta Gazteak eta Erlijioa Europan”. Bat baino gehiago harrituko du, harritzekoa ez bada ere, ikertzaile britainiarraren konklusio irmo eta biribilak: erlijioa “hiltzear” da gure kontinentean. Areago esango nuke: “gazteei” buruz dioenak 60-65 urtetik beherakoentzat ere hortxe nonbait balio duela: iganderoko mezatan, hortik beherakorik ez baita gure herrietan apenas inor ikusten.
Hori Europan… esango da. Bai, baina Europan gertatzen ari zaiguna ez ote da beste kontinenteetan ere gertatuko luzaro baino lehen? Nik uste baietz. Ezagutza zientifikoak hedatu ahala, jendeak karta-tenporatan edo errogatibetan sinesteari uzten dion bezalaxe uzten dio “jatorrizko bekatuan”, aita santuaren infalibilitatean, deabruengan nahiz “Jaun goiko” batengan sinesteari. Dogma tradizional guztiekin berdin. Eta Europan bezala edonon. Ikuspegi zientifikoa edo unibertsitateko jakintza zabaldu ahala galtzen dute sineskizun guztiek, sineskizun erlijioso tradizionalek batik bat, sinesgarritasuna.

Eta hor sortzen zait bigarren galdera, are premiatsuago: aspaldiko dogma eta erlijio-hizkuntza zaharrak gero eta gehiagorentzat ulergaitz eta zentzugabe bilakatzen ari diren ari diren honetan, erlijio zaharrek “esan nahi zutenak” ez ote guretzat zentzurik? Niretzat bai, baina antzinako forma erlijiosoetatik askaturik, ez bestela.

Hiru irtenbide ikusten dizkiet, beraz, erlijioei: lehengo formak errotik eraldatu, edo betikoari eutsi kosta ahala kosta, gaurko gizartean eta kulturan ghetto itxi bihurturik, edo… erabat desagertu.

Erlijio-forma zaharrak galtzea ez lioke axola, baina iturri zaharreko urari beti berria bizi-arnasa hauspotzeko ez baliatzea galera handia izan liteke. Hori da niretzat erronka.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply