Sinodoak zer eman du?

Familiari buruz Erroman izan den Sinodoaz ari naiz. Dakizunez, 400 lagun bildu dira Erroman hiru astez mundu-bazter guztietatik, familiari buruzko hainbat gai aztertzera: 270 bozdun (kardinal, gotzain eta erlijioso), eta gainerakoak bozik gabeak. Eta duela urtebete beste hainbeste. Bi gai nabarmendu dira hitza hartu dutenen artean eta gure hedabideetan: bikote homosexualei zer balio aitortu eta berriz ezkonduriko dibortziatuei jaunartzeko baimena eman ala ez. Zer eman du, beraz, Sinodoak? Azken emaitza oraindik ikusteko dago, aita santuak izango baitu azken hitza, eta oraindik esateko dago. Nolanahi ere, aita santua ez da joango Sinodoak berak bozkatua utzi duen agiritik askoz aurrerago. Ez du ezer hautsiko. Zer esan du, bada, Sinodoak? Bikote homosexualei errukia zor zaiela, baina haien harremanak naturaren aurkakoak direla, ez maitasunezkoak; eta berriz ezkondutako dibortziatuei ezin zaiela eman jaunartzeko baimenik, baina norberaren kontzientziak eta gotzain bakoitzak erabaki behar duela kasu bakoitzean zer egin.

Asko espero zutenei ezer gutxi irudituko zaie, edo ezer ez. Ezer espero ez zutenei zertxobait irudi lekieke, edo hutsa, edo hutsaren hurrengoa. Zeuk erabaki.

Eta nik? Itzulingururik gabe esango dizut. Horretarako ez zuen merezi horrenbesteko muntaia. Horrenbeste jende, horrenbeste denbora, horrenbeste hitz, horrenbeste diru… Jende arruntak aspaldi erabakia daukanaz jarduteko, aurrera pausurik txikiena eman gabe jardun ere, beti bertan jira eta bira. Zeregin premiazkoagorik ez balitz bezala. Eta Jainkoaren ordezkari balira bezala. Hortik jai du Elizak.

Pena ematen dit. Baina Biziaren Espirituan sinesten dut, Jesusen Ebanjelioko Espirituan, eta ez dago gotzainengan preso.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply