Haurra besoetan

‘Naximentu’ berezia oparitu digute aurten, eta horixe jarri dugu etxean. Jesus haurtxoa ez dago askan, lastotan etzana, naximentuetan ohi denez, ezta ama Mariaren besoetan ere, Joserenetan baizik, haurraren musua aitaren musuan dela, samurki; Mariak, berriz, Joseren lepoan pausatuak ditu besoak eta burua, abaro eztian.

Haurra besoetan: giza biziaren irudia da, bere txikitasun hauskorrean eta bere betetasun zoriontsuan. Zer da ahul eta behartsuagorik, haurtxo bat baino? Baina non da babestuago eta beteago aitaren edo amaren edo egiazki maite duen edonoren besoetan baino? Ez dauka ezer, baina ez zaio ezer falta besarkatzen duten besoetan. Oraindik ez daki ezer, baina ziur dago. Haziko da, etorriko dira erauntsiak eta ekaitzak, izango dira zorigaitzak, baina ontasuna bada eta ontasunak dena on dezake. Onetik sortu nintzen, onerako naiz. Bihotzak lasai jarrai dezake taupaka. Lasai har dezaket arnasa. Dena ongi dago, dena iritsi baitaiteke ontzera, on izatera. Eta ni ere horretarako gai naiz.

Halaxe nahi genuke. “Halaxe da”, esaten digu haur besoetakoaren irudiak. Ez izan beldurrik. Irudi xume eta bete horretan biltzen da, ezin samurrago, ezin xumeago, Eguberrien berrion eta argi guztia, kristau fedearen mami sakon eta ongarri guztia. Baina kristau erlijioa baino askoz lehenagokoa eta zabalagoa da. Biziak, ontasunak, arnasak – ‘Jainkoak’– ez baitu erlijio-mugarik. Nonahi ezagutzen ditugu, duela 5000 urte hasita, haurra besoetan duten amaren irudiak, modu guztietara: Vincha kulturan, Danubion barrena (Serbia, Errumania, Bulgaria, Mazedonia), Sumer eta Babilonian (Irak), Egipton eta Erroman…

Adiskidea, naximentuaren aurrean nahiz naximenturik gabe, bizi-ontasunaren irudia, haurra besoetan, sakon eta luze begiratzera gonbidatu nahi zintuzket. Bihotza onari eta pozari zabaltzera, onaren poza dastatzera. Zure nahigabeak nahigabe, Biziaren Onak besoetan zauzkala sentitzen ikastera. Bizia zaintzera. Zeure bizia eta hurkoena besoetan hartzera, nola amak haurtxoa. Horixe baikara denok: haurtxoak besoetan.
Eguberri on. Urte berri on.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply