Egunero meditatu

Egunero meditatzera gonbidatzen zaitut.

Meditatu? Zer da, ordea, meditatzea? Isiltasunean murgiltzea da, isiltasun ozen eta barean. Ikusten, ukitzen, entzuten, egiten, arnasten duzunari arreta osoa jartzea. Orain eta hemen izatea, denaz eta garenaz ohartzea, Orotasunean bat.

Egin beharraren egin beharrez, bizi ere egin gabe doakigu bizitza. Iritsi beharraren iritsi beharrez, arnastera ere ez gara iristen. Har ezazu egunero tarte bat, luze edo labur, bizi zarela ohartzeko, bakean arnasteko.

Eser zaitez nahi duzun lekuan Eser zaitez isilik, bizkarra zut, begiak zabalik edo itxita. Geldi, adi, lasai. Zeure buruaren eta den ororen isiltasun ozenean. Zeure arnasarekin, den ororen arnasarekin bat. 15 edo 30 minutu, goiz eta arrats, egunero.

Meditatzea ez da hartaz edo honetaz hausnartzea, gogoeta egitea. Hobe genuke, noski, gehiago hausnartuko bagenu, libreago izateko. Baina hausnarketak berak ere aise kateatzen gaitu, geure pentsamenduei, frustrazio eta zauriei, beldur eta proiektuei, atsegin eta gorrotoei eragin eta eragin ari garenean. Eraginago eta lotuago.

Meditatzea ez da ezer ez pentsatzea, ez baita posible. Meditatzea pentsamenduekin ez identifikatzeko ariketa da. Pozgarri zein mingarri, pentsamenduak etengabe datoz, itsasoan uhinak bezala. Datozela, doazela. Ez itzazu uxa, ez zakizkie atxiki. Ez zaitzatela eraman, orain hona, gero hara, inora ez. Ez zaitez borroka ezerekin, ez inorekin, ez zeure buruarekin. Begira ezazu dena onez, errukiz, bakean, pentsamenduen hariari edo sokari lotu gabe. Barnera zaitez Bakearen ur handietan.

Meditazioa arreta biltzea da. Zertan? Edozertan. Hitz edo esaldi eder batean, behin eta berriz errepikatuz. Edo iruditxo batean, etengabe eta samurki begiratuz. Edo arnasan. Arnasa hartu, arnasa bota. Infinitutik Infinitura, Biziaren baitan.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply