Eta Jainkoa nork egin zuen?

Garai batean –ez hain aspaldi, geure akorduan nolanahi ere– gurasoek nahiz irakasleek haurrei erakusten zieten “mundua jainkoak egina” dela. Eta maiz gertatzen zen haurrak galdetzea: “Eta Jainkoa nork egin zuen?”. Helduak bazekien haur ezjakinari zer erantzun: “Jainkoa betikoa da. Jainkoa ez zuen inork egin”.

Baliteke horrela haurra isilaraztea, baina ez da segurua besterik gabe haren jakin-mina asetzea. Eta egingo nuke heldua bera ere, jakin plantak egin arren, ez zela esandakoarekin oso lasai geratzen. Haurrak malezia gehixeago izango balu, galdetzen jarrai zezakeen: “Eta inork egin gabeko Jainkoa existitzen bada, zergatik ez litzateke da existituko inork egin gabeko mundua, mundu infinitu eta eternoa?”. Kostako litzaioke helduari horri erantzuten.

Gaur badakigu noiz jaio ziren “jainkoak” eta noiz jaio zen “Jainko” bakarra. Badakigu nork egin zituzten. “Jainkoak” Mesopotamian (gaurko Iraken) sortu ziren –zituzten– duela 5.000 urte. “Jaun goiko” bakarra, berriz, Pertsian (gaurko Iranen) sortu zen, duela hiru mila urte, Zoroastroren burutik. Eta duela 2.500 urte lortu zuen gaurko irudia Biblia, juduei esker. Bai, bai: “Jainkoa” esatean pentsatzen nahiz irudikatzen dugun guztia gizakion ideia eta irudimena da. Noski. Hor ez dira, ordea, galderak amaitzen, Errealitate Esanezinaren izena besterik ez baita “Jainkoa”…

Mundua Big Bang edo hasierako eztanda erraldoi batetik sortua dela ikasten dute gaurko haurrek, galderak egiten hasi orduko. Eta oso ondo deritzat. Hala behar du. Harrituko nintzateke, ordea, erantzun horrekin haurrak eta gazteak aseta geratzea, hala geratzen badira; Big Bang-aren teoriarekin galderak agortzea, agortzen badira… Ez, hor ere ez dira galderak amaitzen. Esate baterako: zergatik sortu zen Big Bang sortzailea? Den guztia zergatik da, zer da?

Izaki guztien Izateari, Izamenari, Sormenari deitzen diot nik “Jainkoa”, izen eta irudi guztiez haratago. Zuk nahi duzun bezala deitu, edo nahi baduzu inola ez deitu. Baina bada. Badena Bada.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply