Katedralaren sotoan

Joan den Uztailaren 10ean, hitzordu bitxi bat nuen, Oier Etxeberria artista azpeitiarrak gonbidaturik eta konpainia onean: Iñaki Segurola, Garbiñe Larrea eta Lanberto Perurena. Non eta… Donostiako Artzain Ona katedralaren sotoetan. Zertarako eta… Esanezinaz hitz egiteko.

“Esan ezin denaz isiltzea hobe”, esan zigun Wittgensteinek. Sarrionandiak, aldiz: “Ezin mintza daitekeenaz mintzatu egin behar da”. Esanezina adieraztea: horra hitzaren grazia. Esanezina esan nahi eta ezina: horra hitzaren ondoeza.

Han bildu ginen, bada, hitzaren ondoezean, katedralaren hondoetan. Bertan dago ikusgai, uda osoan zehar, Oier Etxeberriaren Pure Data (Hamar) erakusketa soil bezain txundigarria. Duela berrehun urte inguru, sistema metriko hamartarraren inguruan Gipuzkoan izan zen ika-mika aurkezten digu, eztabaida sakonago baten erakusgarri: zientzia berri nahiz erlijio zahar guztiak aski ote dira Errealitatea zer den argitzeko?

Gure neurketa eta esplikazio guztiek Errealitate neurtezinaren, esanezinaren, irudikaezinaren atarian uzten gaituzte, hitz guztiek Misterioaren atarian, aurrerago nahi eta ezin. Unibertsoa mugatua da, baina ez du ertzik; matematikak neur dezake, baina ezin diogu inoiz azken muga harrapatu. Atomo ñimiñoa ere mugatua da, baina mugarik gabe; eta partikula infinituki txikiak dantzan, gure espazio eta denboraren neurri guztietatik kanpo, han eta hemen batera, lehen eta orain aldi berean.

Zer dago, bada, neurtzen dugunaz haratago? Zer zen dena hasi baino lehen? Auskalo! Ez gehiegi fidatu neurriez. Dena da mugagabearen muga: dorrearen gainean zerua, sotoaren azpian itsasoa. Haratago honatago da. Une bakoitza, hasiera eternala. Ez izan beldur, beraz, heriotzari. Forma guztien ezereza da Dena. Ez Ezerez hutsa, Hustasun betea baizik, Hutsaren bibrazio biziarazlea. Deus ez. Deus est.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply