Barkamena eta politika

Patxi Lopez lehendakariak esan du: “Barkamena kontzeptu kristaua da eta beharbada ez da beharrezkoa”. Antzera mintzatu da Martin Garitano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia ere: “Barkamenak konnotazio erlijiosoak ditu eta ez zait gustatzen politikan aplikatzea”.

Jose Ignazio Munilla, Donostiako gotzainak, ostera, azpimarratu du ezen damua eta barkamen-eskea ezinbestekoak direla, erlijio arloan ez ezik, politika arloan ere.

“Barkamena” nola ulertzen den: hor dago gakoa. Zergatik diote lehendakariak eta Ahaldun Nagusiak halako higuin bat “barkamen” hitzari? Segur aski, eliz zoko ilunetako aitorleku larriak dakarzkielako gogora, erruaren eta beldurraren erlijio moralista klerikala: bekatua, “Jaun goiko” iraindua, zigorraren mehatxua, erru-sentipenaren harra, Jainkoaren ordezko apaizaren aurrean lotsa gorrizko aitortza, penitentziazko ekintzak, apaizaren absoluzioa, Jainkoren barkamena eta kontzientziaren arintzea… hurrengo bekatu arte. “Barkamena” hori bada, lehendakariak eta Ahaldun Nagusiak arrazoia dute: ez du lekurik politikan.

Nago, beraz, gotzainari dagokiola “barkamenari” buruzko argibideak ematea, ETAk barkamena eskatzea ezinbestekoa dela esan aurretik. Aitortu beharko liguke, eliz erakunde katolikoak aitortzaren eta barkamenaren inguruan muntatu duen sistemak zenbat min eragin duen kontzientzietan. Erakutsi beharko liguke, erruaren eta zigorraren logikatik askatu beharra dagoela barkamena, politikan aplikatuko bada.

Eta nago, erruaren eta zigorraren logika erlijioso makur horretatik askaturik, barkamena ezinbestekoa dela politikan. “Min egin dizut, sentitzen dut” esatea gizatasuna da. Min egin digunarengan sinestea gizatasuna da. Min egin digunak ere bere minak dituela ikustea gizatasuna da. Min egin digunarekin batera iraganari baino gehiago etorkizunari begiratzea gizatasuna da.

Eta gizatasun hori gabeko politikan ez dut sinesten.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply