Belenera

“Goazen Belenera”, diotsate artzainek elkarri, ikus-minez eta zalantzaz, San Lukasen ebanjelioko kontaketa zoragarrian. Gaua iluna da, ardiak ez dituzte berenak, biharamuneko ogirik ez da oraindik etxean. Gau minean, halere, izar baten argia edo aingeru baten promesa iruditu zaie. “Ez beldurtu –esan die aingeruak, edo barnean daramaten biziminak–. Askatzailea jaio zaizue Belengo kobatxo batean”. Eta badoaz.

“Goazen Belenera” esan nahi nizuke nik ere Eguberri-atari honetan, nahiz eta egun berriak oraindik urrun dirudien, mundua eguberritzeko argi-txintarik ez zaigun ageri.

Belenera. Baina nongo eta noizko Belenera, zein Belenetara? Belen asko baitaude. Izen horretako hiri, herri edo herrixkak aurki ditzakezu Argentinan, Kolonbian, Uruguain, Brasilen, Hondurasen, Portugalen… edo zuen etxeko sarreran.

Eta Israel edo Palestinan, noski, Jerusalem hiritik 9 kilometrotara: 25.000 biztanle inguru ditu, erdiak musulman eta beste erdiak kristau, palestinar errefuxiatuak asko, Israelek eraikitako harresi bihozgabe batek hesiturik, sarrerak eta irteerak kontrolaturik, euren lurraldean arrotz, langabezian gehienak. Munduko Belen guztien, gaurko munduko zoritxar eta arrakala guztien, irudi latza.

Belen izenak, ordea, “ogiaren hiri” esan nahi du. Amets ontzailearen izena da. Ogizko, mahaikidegozko, ontasun zoriontsuzko hiriaren izena da. Belen ez da iragana. Ebanjelioak ez dira gertatuaren kronika, gertatu behar lukeenaren profezia baizik. Jesus Nazareten jaio bazen ere seguruenik, ez Belenen, eta Maria fisikoki birjina izan ez bazen ere eta Jose izan bazen ere zalantzarik gabe Jesusen aita, horrek ez dio batere inporta. Ebanjelioak, poemak bezala, bihotza mugitzeko eta esperantza askatzeko idatzi ziren. Ez dute iragana kontatzen, etorkizuna baizik.

Goazen, bada. Naximentuko haurtxoaren aurrean –gizadi berriaren irudi–, makur gaitezen samur eta apal, Maria eta Jose bezala. Egin dezagun amets. Eta ametsak eraginik, eraiki dezagun Belen.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply