Lutero, profeta herejearen omenez

2017ko urriaren 31 honetan betetzen dira 500 urte juxtu, Martin Luterok bere 95 tesiak argitaratu zituela. Idazki labur, neurtu eta zorrotza. Profetikoa.

Aita santuak ez du eskubiderik –salatzen zuen Luterok– induljentziak saltzeko. Heriotzaren ondoren purgatorioko sutatik diruaren truk libra zitekeela sinestarazteko. Oraingo zeruak geroko infernu eta oraingo infernuak geroko zeru bihurtzeko. Bere diru-kutxak betetze aldera pobreen sineskizunak eta beldurrak baliatzeko.

Laster jaso zuen aita santuaren erantzuna. Idazki horretan bazela zenbait heresia, eta bietan bat aukeratzeko: atzera egitea ala eskumikua. “Kontzientzian ezin dut atzera egin”, esan zuen Luterok. Eta eskumikatua izan zen. Profeta hereje bilakatu zen.

Profeta herejea? Gaztetako teologian ez nuen horrelakorik ikasi, baina harrezkero ikusi dut profeta guztiak izan direla modu batera edo bestera hereje, erlijioan nahiz politikan, zientzietan ere bai sarri. Heredatutako egiak zalantzan jarri dituztenek eragin diotela historiari aurrera. Berritzaileek bultzatu dutela gizadia etorkizun hoberantz, “hauxe da” inoiz esan gabe.

Ebanjelioak erakutsi dit Jesus ere profeta heretikoa izan zela. Gupida hobetsi zuen sineskizun eta erlijio-betebehar guztien gainetik. Zauriak zitzaizkion axola, ez bekatua. Oraingo munduaren askapena iragarri zuen, ez geroko bizitzako sari eta zigorrak. Azkenak aurren bihurtu zituen, eta aurrenak azken.

Elizaren historiak erakutsi dit Akinoko Santo Tomas Pariseko gotzainak kondenatu egin zuela, Loiola San Inazio Inkisizioak zazpi aldiz prozesatu zuela, Avilako Santa Teresa Inkisizio berak zelatapean eduki zuela etengabe, eta Gurutzeko San Joan atxiloturik egon zela Toledoko komentu-kartzelan. Eta abar luzea. Profeta izateko ez da aski hereje izatea, baina hereje izan gabe ezin da profeta izan.

Lutero, profeta hereje, gaur Erromak ere “Ebanjelioaren lekuko” deitzen zaituena, zakizkigu lagun. Profeta hereje guztiok, zakizkigute bide-gidari.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply