Erlijioa

Joan den hilean agertutako datuen arabera, Euskadiko gazteen %44ak “ez-erlijioso” aitortzen du bere burua. Baina horrek ez dit ezer funtsezkorik esaten gure gazteei buruz.
Bistan da, izan ere, “erlijioa” diotenean zertaz ari diren: munduaren gain edo munduaz aparte eta guregandik kanpo dagoen nolabaiteko “Jaun goiko”ren bat badela uste izatea, elizara edo meskitara edo zentro budistaren batera joatea, gotzain edo imam edo lamaren baten esanera bizi izatea… “Erlijioa” hori bada, ez naiz harritzen gure gazteen erdiak “ez-erlijioso” direla esatea, nik neuk ere, galdetuko balidate, ez bainuke oso ziur jakingo zer erantzun: “erlijioso” naizela ala “ez-erlijioso” (nahiz eta igandero txintxo –eta gustura – joaten naizen mezatara Arroa Beheko elizatxora).
“Erlijioa” hori bada –alegia, gauza irrazionalak sinestea edo autoritate sakratua omen duen norbaiten meneko izatea–, benetan harrituko nindukeena ez da gazteen erdiak “ez-erlijioso” izatea, beste erdiak “erlijioso” izatea baizik. Hala omen dira: %8a katoliko praktikanteak –ez dakit non sartzen diren, nik ez baititut elizetan horrenbeste ikusten–; %42a, berriz, katoliko ez-praktikanteak–nola izan daitekeen norbait katoliko “ez-praktikantea”, hori ez dakit oso ondo: zuk ba al dakizu nola izan daitekeen norbait “begetariano ez-praktikantea”?–; eta azkenik, %6a beste erlijioetako kideak.
Baina tira, hamaika aldiz tronpatzen gaituzte hitzek, eta “erlijio” hitzak zer esanik ez. Ez da funtsezkoa “ez-erlijioso” omen denaren sinesmen-eza, ezta “erlijioso” omen denaren sineskizuna ere. Zer da, bada, funtsezkoa? Edertasunean, isiltasunean, oinazean… edonon ageri den Misterioaren aurrean, Misterioaren baitan, begiak zabalik eta bihotza samur edukitzea. Hori bada, ez dio axola “ez-erlijioso” izatea. Hori ez bada, kalterako da “erlijioso” izatea.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply