Familiaren Sinodoa

Aita santuak “Sinodoa”, gotzain guztien Batzarra, abiarazi du familiari buruz. Oraingoan, ordea, gotzainak ez ezik eliztar guztiak ere deitu ditu parte hartzera, galdera sail bati erantzutera gonbidatuz. Estimatzekoa da aukera.

Hori bai, Erroman ia gotzainak bakarrik bilduko dira datorren urteko urrian. Berrehun inguru bilduak dira jada joan den urrian hamabost egunez, Sinodoaren lehen fasea burutuz. Eta txosten bat atera da bertatik, orain arte esandakoen bilduma eta aurrerako gogoetaren abiapuntu.

Eman diguten txostenari etsigarria deritzot. Zaharrak berri. Gure gizarteak familia arloan azken hirurogei urte hauetan izan dituen aldaketa sakonak ez dira jasotzen, salatzeko ez bada. Zer aldaketa? Hona batzuk: Elizaz ezkontzen direnak %7ra jaitsi dira; bikote asko inolako paperik bete gabe bizi dira elkarrekin; ezkondu nahi izanda ere, 30 urtetik beherako gazterik ezin da apenas ezkondu, ez baitute lanik eta etxerik (historian ez da sekula horrelakorik ezagutu: sasoirik onenean ezkondu ezin… A zer porrota gizartearentzat !); haurrak izateko ez da sexu-harremanen beharrik (beraz, haurra izateko asmorik ez da behar sexu harremanak izateko); hiru ezkontzako bi dibortzio daude; sexu bereko ezkontzek onarpen zabala dute. Beste mundu bat da.

Elizak zer? Eliza ez dago batik bat arauak jartzeko, sufrimendua arintzeko baizik, Jesusek egin zuen bezala. Eta sufrimendu asko dago egon familietan. Gehiegi. Guztiarekin ere, erakunderik maitatuena da gure gizartean, bere zauri eta guzti: inkesta guztien arabera, 0tik 10era, 8 eta 10 bitarteko nota ematen dio familiari biztanleen % 96,4ak (erlijioari, ostera, %18,8ak bakarrik ematen dio horrenbesteko nota).

Elizak ez du zertan dagoen guztia ontzat eman. Baina ez luke hainbeste lege ezarri behar, ukendua baizik. Dibortziatuei komunioa baimendu, esate baterako, eta homosexualen ezkontza bedeinkatu. Eta antisorgailuak onartu. Zer gutxiago?

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply