Pobreago eta zoriontsuago

Ez dut esan nahi “zenbat eta pobreago hainbat eta zoriontsuago”, gezurra baita. Ez dut ere esan nahi pobre asko aberats asko baino zoriontsuago dela, bistakoa den arren. Esan nahi dut mundu mailan, bataz beste, herrialde pobreetako jendea zoriontsuago dela herrialde aberatsetakoa baino. Bada hor zer pentsatu.

Eta ez naiz neure golkotik ari. Win/Gallup International, merkatuaren ikerketarako erakundeak igaro den urtearen amaieran emandako datuak ditut aurrean. Munduko 65 herrialdetako biztanleei galdetu die aipatu erakundeak ea nola sentitzen diren: oso zoriontsu, zoriontsu, zoritxarreko edo oso zoritxarreko (jendearen aldartea, izan ere, asko interesatzen baitzaio merkatuari; ez, noski, zoriontsuago egin nahi dituelako, bezerorik onenak non aurkituko dabilelako baizik).

Barometro horren arabera, Fiji irlak (Ozeania) dira herrialderik zoriontsuena: biztanleen %93 zoriontsu edo oso zoriontsu agertzen dira han. Eta hurrengo Kolonbia, %90 zoriontsu edo oso zoriontsurekin. Ez dira, noski, herrialderik pobreenak, baina aberatsenetatik oso urrun daude, eta askoz aberatsagoak baino zoriontsuago dira.

Eta beste datu deigarri bat, lezio berdinarekin: Kontinenterik zoriontsuena Afrika da. Tristeena, berriz…, Europa. Zorionaren eskala ez da, beraz, per capita errentaren parekoa. Horretara iristeko ez genuen, egia esan, Win/Gallup-en beharrik, baina hor dago. Eta gu Afrikari lezioak ematen (eta mugak jartzen). Bezeroak nahi. Eta zoriona falta.

Ikasi beharko dugu –Afrikatik ere– ez dela zoriontsuago gehiago duena, gutxiago behar duena baizik, edo daukanarekin konforme dagoena. Ez gaituela zoriontsuago egingo barne-produktu gordinaren hazkundeak, barnetasuna eta elkartasun gizatiarra sakontzeak baizik. Auzokoak kotxe hobea duelako zoritxarreko garen bitartean, ez garela inoiz zoriontsu izango. Nondik edo handik ikasi beharko dugu gutxiagorekin zoriontsuago izaten.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply