Ekairi, minez eta damuz

Damu saminez idazten dizut, eta nahigabez beterik. Barkatu, Ekai, hain berandu iritsi izana. Inor ez ginen garaiz iritsi, Chrysallis izan ezik, adin txikiko transexualen Familien Elkartea. Ondoan eta lagun izan zenuen beti, gu atzera geratzen ginen bitartean. Eskerrik asko, Chrysallis, bizia bere kolore guztiekin zaintzeagatik!

Zure institutuko irakasle eta ikaskideak ere garaiz iritsi ziren, zeure mutil-izenez deitzen zintuztelarik naturaltasun guztiaz: Ekai. Inork baino hobeto dakizu, halere, zenbat egoera deseroso eta umiliagarri diren oraindik, eta izango ere diren, gure pentsamoldeek irauten duten eta arauak aldatzen ez ditugun bitartean.

Oso berandu iritsi gara. Eta zu lasterregi ibili zinen beharbada. Baina zer bota dakioke aurpegira indar nerabeak agortuta, ispiluan arrotz gertatzen zitzaion gorputza garatzen ikusita, adinik zailenean etsita bere buruaz beste egin duen gaztetxoari?

Ez zen garaiz iritsi Gurutzetako Genero Unitateko tratamendu hormonala, zinena izaten jarraitu ahal zenezan. Ez da garaiz ibili Eusko Legebiltzarra, zaharkitua geratu den transexualei buruzko legea gaurkotzeko. Analisi eta txosten psikiatrikoak lekuz eta garaiz kanpo daude hor. Gure aurreiritziek eragindako desoreka da zuena. Gure arazoa, ez zuena. Gure transfobia. Barkatu, Ekai.

Ez da garaiz iritsi denetan aurrena behar zuena: Jesus eraberritzailearen Eliza. Iritsi ez ezik, abiatu ere ez da egin oraindik, antzinako tabuei loturik, “genero ideologia” deitzen duten mamuaren beldur. Barka iezaiezu, Ekai, ez dakite eta zer egiten duten.

Eta zure gurasoak? Zure gurasoek ez zuten iritsi beharrik, zurekin egon baitira beti, neska jaio zinenean bezalaxe mutil sentitzen hasi zinenean, zinena izaten lagunduz beti, zure maitale eta miresle. Ziur naiz oraingo dolumin samina erdimin bilakatuko zaiela, zu birjaio arazteraino, eta elkarrekin biziko zaretela berriro, Ondarroako portu-lurrinak eta itsas aireak arnastuz. Orotan bizi den Biziaren hats hilezkorra.

Zure heriotza atsekabe zaigu, baina zure bizitza pozgarri. Zure kausari eutsiko diogu, “borrokan erortzen den azken samuraia” izan zaitezen, zeuk zenioen bezala.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply