Bizi. Biziarazi

Ezagutzen duzu agian Bibliaren hasiera, munduaren sorrera-mitoaren lehen hitzak: “Hasieran Jainkoak zeru-lurrak egin zituen…” (Has 1,1). Mitoak ez digu ematen aspaldiko berri, gaurko berri baizik. Ez digu erakusten “hasieran” zer gertatu zen, baizik eta gaur nola bizi. Egunero bizitzen nola hasi.

Bizi zaitez sorkari eta sortzaile gisa. “Zeru-lurren”, den guztiaren baitan sortua zara; besterengandik, den ororen Sormen eta Sorburu miragarritik zatoz etengabe. Bizi zaitez esker onez eta apaltasunez. Bizi hodeiak eta ibaiak, airea eta basoak, abereak eta landareak, jaten, edaten, arnasten duzuna izaki eta gizaki guztiei apalki eskertuz.

Bizi zaitez bizia sortuz, sorkari bezainbat baitzara sortzaile. Sortuak sortzea zor. Besteengandik sortua zara, besteak sortzeko. Besteei esker bizi zara, besteak zuri esker bizi daitezen. Bizi zaitez diren gizaki eta izaki guztiekin neba-arrebatasun zabalean, “jainkozko” sormen agortezina gaur eta hemen pozik eta samurki hezur-mamituz.

Bibliako kreazio-mitoaren amaieran, berriz, hona zer irakurtzen dugun: “Zazpigarren egunerako burutu zuen Jainkoak berak eginiko lana eta zazpigarren egunean atseden hartu zuen” (Has 2,2). “Zazpigarren egunerako”: ez du esan nahi “zazpigarren eguna iristerako”, “zazpigarren eguna ospatzeko” baizik; ez noizko, zertarako baizik. Zazpigarren egunerako gara sortuak eta ari gara sortzen.

“Zazpigarren eguna” –shabat, “zapatu”– zera da Biblian: atseden-eguna, atsegin eguna. Hats-eguna, arnas-eguna. Jaieguna. Atsedenerako, atseginerako, arnasa zabal eta libre hartzeko sortuak gara behar dugu sortu. Izateko eta izanarazteko. Bizitzeko eta bizia sortzeko.

Zuberoan entzuna da, elkar agurtzerakoan: “Izan hadi”. Saninazio jaien eta oporraldiaren atarian, horixe esan nahi nizuke, adiskidea. Izan zaitez. Bizi zaitez.

Hainbat eginbeharrek –eta maiz oporrek beraiek ere– ez digute, tamalez, bizitzen uzten. Atseden eta arnasarik gabe, bizia ito egiten zaigu, ito egiten dugu. Har ezazu, bada, atseden, ar ezazu arnasa. Bizi zaitez eta biziarazi.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply