Emakumeak txapelketan?

“Euskal” txapelak desagertzen ari dira euskaldun gizonezkoen buruetan ere, baina ez hizkuntzan, eta are gutxiago gure harremanen eta ametsen mundu sinbolikoan, zeinean txapela garaipenaren ikur preziatua baita.

Lehiaketari txapelketa deitzen diogu, eta irabazleari, gizonezko nahiz emakume, pilotari, bertsolari nahiz dantzari, txapel handia ezartzen zaio, txorten eta guzti. Irabazlea txapeldun.

Zergatik jarri, ordea, emakume garaileari buruan txapela? Ez da galdera makala. Erantzuna denok dakigu: gizonezkoen txapelketak izan direlako ia denak, eta gizonezkoak irabazle ia beti. Gizona txapeldun.

Ez da batik bat hiztegi arazoa, hiztegiak islatzen duen gizartearena baizik, gizona txapeldun den gizartearen arazoa, alegia. Askoz gehiago: gizakiaren eta gizadiaren arazo nagusia da, txapelaren ametsak bizi duen giza espezie osoaren arazoa. Txapelketa bera da arazoa.

Ezinbestekoa da, noski, orain arte ia gizonezkoenak bakarrik izan diren kirol-lehiaketetan ere –pilota eta futbola, kasu–, eta baldintza-berdintasunean –hasteko, soldata berdinarekin– parte hartzeko eskubidea emakumeei aitortzea, areago, egiazki ahalbidetzea.

Ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Txapelketaren logika gainditzen, elkar-neurketaren sua itzaltzen, txapeldun-irrika menderatzen, garaitu beharra garaitzen ez dugun bitartean, indar eta abilezia gehien dutenek, hots, irabazleek, jarraituko dute futbol-zelaiak eta frontoiak betetzen. Dirua txapeldun. Hortik jai dago.
Ez marka eta balentriekin, baizik eta jolas hutsarekin gozatzen ikasiko dugunean, haurrek bezala, eta kirolari guztiak, gizon eta emakume, lehiarik gabe lehiatuko direnean, orduan izango da berdintasuna. Gizatasuna txapeldun.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply