Asisko anaia txikia

Urriaren 4an Asisko San Frantziskoren eguna da. Ez dakit izenak ezer esaten ote dizun. Niri asko.

Izan zen eta erakutsi zuen guztia hitz batean biltzen da: anaia. Jakina, hitz hau ere motz geratzen zaigu euskaraz (eta are motzago beste hizkuntzetan), gizonezkoa bakarrik adierazten baitu. Lau hitzez adierazten ditu euskarak senide arteko harremanak, batean agortu ezinik: ahizparentzat ahizpa da, anaiarentzat arreba, arrebarentzat neba, anaiarentzat anaia. Anaien anaia eta arreben neba ez ezik, Frantzisko ahizpen ahizpa eta anaien arreba ere izan zela esango nuke, genero-muga guztiak zeharkatuz.

Duela 800 urte, enperadore, errege eta tokian tokiko jauntxoen gizarte feudalean, menpetasunaren munduan, senidetasuna aldarrikatu zuen, diskurtso handiez baino gehiago eguneroko biziera apalaz.

Burgo edo hirietan merkatari burgesen klase berria gailentzen hasia zenean, txikienen eta azpikoenen aukera egin zuen. Aita merkatari aberatsari aurre egin zion eta anaia lepradunak besarkatu zituen, pobreetan pobreenak.

Aberastasunen gutizian usteldurik, botere-liskarretan trabaturik, egia bakarraren jabe zela sinesturik, heresiak eta heretiko guztiak garbitzearekin obsesionaturik, musulmanen aurkako gurutzadetan setaturik zegoen Eliza klerikal, dogmatiko, autoritarioaren ordez, anaia-arrebatasunezko eta klerorik gabeko Eliza apal, pobre, gizatiarra amestu zuen. Inor kondenatuko ez zuen, dogma eta lege guztien gainetik errukia aldarrikatuko zuen Eliza.

Ez zuen ez apaiz eta ez monje izaterik nahi izan, “guztien anaia pobre eta txiki” baizik. Ez zuen Ordena handi bat fundatu nahi izan, anaia txikien mugimendu ibiltari bat baizik, komentu finkorik eta inolako jabegorik gabe. Inolako nagusigorik gabe.

Gizaki eta izaki guztien anaia txikiena izatea zuen bizipoz. Senidetasunak egin zuen zoriontsu. Gure mundu arrakalatuak ba ote dugu beste irtenbiderik?

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply