Arnasa

Duela gutxi, klasean munduko erlijioez ari nintzela, esan nuen: “Erlijio guztien egiazko muina espiritualtasuna da”. Ikasle batek eskua altxa eta galdetu zidan: “Eta zer da zuretzat espiritualtasuna?”. “Espiritualtasuna arnasa da”, erantzun nion.
Zertxobait harriturik begiratu zidan, eta berak bezala 60 ikasleetako beste hainbatek. “Nola? Arnasa?” Ba bai, arnasa. Espiritu hitzak horixe esan nahi du. Biziaren arnasa hartu eta ematea: horixe da espiritualtasuna.
Arazoa ez da erlijioa bai ala ez, baizik arnasa bai ala ez. Erlijioek arnasa zabaldu izan dio jende askori, zalantzarik gabe, baina ito ere bai beste askori, hainbat arau eta sineskizun estugarri direla medio.
Badirudi gure gizartean erlijio tradizionalek inor gutxiri ematen diotela arnasa, edo haien hizkuntza zaharra ulertzen ez delako jada edo ez delako jada ulergarri, latina eta grekoarekin gertatzen den bezala. Nolanahi ere, arnasa emateko edo hartzen laguntzeko gauza ez diren erlijioak alferrik dira, latina eta grekoa bezala, ulergarri ez zaizkigun heinean.
Erlijioak ez dira ezinbesteko, baina arnasa bai. Eta gaur bereziki, ausartuko nintzateke esatera. Nor baino nor, elkarrekin eta geure buruarekin lehia estuan, arnasestuka, abiadura eroan, herioan bizi garenean, eta marko erlijioso eta kultural zahar tinkoak erori diren honetan, hainbat ziurtasun galdu dugunean, nabariagoa da arnasaren premia. Edo espiritualtasunaren premia, erlijioaz harago.
Bizi-arnasa: barruko bakea, ontasun zoriontsua, sentsibilitatea, injustiziarekiko intsumisioa, izaki guztien gupida, hurkotasuna eta zaintza, geure egoaren tiraniatik libre izatea… Horri deitzen diot espiritualtasuna.
Tenpluan edo mendian, bakardadean edo lagunartean, bazter isilean edo herri-ekintzan, edo bai batean eta bai bestean… non eta nola zeuk ikusi, baina har ezazu arnasa. Biziaren Arnasa. Eta dei iezaiozu nahi duzun bezala.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply