Nelson Mandela, profeta eta gobernari

Joan den Abenduaren 10ean, giza eskubideen nazioarteko eguna, ehun Estatu-buru bildu ziren Johannesburgoko futbol-zelaian, Nelson Mandela hil berria omentzera. Han ziren, dotore eta serio, munduko kriminalik handienetako batzuk.

Zer egiten zuten han, XX. mendeko profeta, justiziaren militante, utopiaren lekuko handienetakoaren aurrean? Mandela omentzera joan zirenek zergatik ez diote berari jarraitzen, eta jarraitzeko asmorik ez badute, zertara joan ziren?

“Gauza bat da, ordea, profeta iraultzailea izatea, beste bat gobernatzea –diote askok–. Posiblearen artea da politika, ez utopien aldarria”. Bego. Mandelak berak ere, 1994an Hegoafrikako presidente hautatu zutenean, ahal zuena egin zuen, ez amesten zuena. Zuri gutxi batzuen menpean zapaldurik zeuden beltzei berdintasuna eta duintasuna itzuli nahi izan zizkien, baita lortu ere… paperetan. Baina Hegoafrikako beltzak zurien morroi dira oraindik ere oro har. Dirua zuria da, eta miseria, beltza.

Gobernatzen duenak ahal duena egiten du. Baina beste galdera bat dago oraindik egiteko: zergatik ez zuen Mandelak gehiago egin ahal izan? Ez, noski, utopiari uko egin ziolako, ezta “gauzak halaxe direlako” ere. Zergatik orduan? Abenduaren 10ean bera omentzera bildu ziren gobernarien arteko ahaltsuenei galdetu beharko genieke. Finantzen, merkatuaren, boterearen diktadura “errealitate” bihurtzen dute, eta gero esaten: “Errealitatea da”, “Dagoena dago”. Zergatik dago dagoena?

Mandela profetak zegoena irauli nahi izan zuen. Mandela gobernariak ez zuen lortu, baina Mandela profetaren ametsa Mandela gobernariaren errealismoan urtzea ez da zilegi. “Utopia” ezinezkoa omen delako “dagoena” kanonizatzea ez da zilegi. Ezinezkoa amestu gabe, ez dugu posiblea lortuko. Eta gorrotoa eta mendekua Mandelak bezala errotik garaitu gabe ere… ez, ez dugu egiazko iraultzarik egingo.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply