Zorionak, Kolonbia!

Irailaren 26an sinatu berria dute behin betiko bake-akordioa Kolonbiako Gobernuak eta FARC gerrilak. Duela hamahiru urte Moñitos herrixkako hondartzan goizetik gauera jolasean aritzen ziren mutikoak ditut gogoan, eta Cincelejoko desplazatuen txabolategi errukarri hartara ilunpetan bakarrik, platano-saskia buru gainean, negarrez zetorren 6 urteko neskato hura, eta Yunguillo-n, indigenen babes-auzoan, Caquetá ibaian gora, Amazoniaren hasieran, fraidetxe apaleko atarian balaz josi zuten gerrillaria, eta Rosa bere ama, gurekin otoitzean malko-hustua.
“Behin betiko bakea” esatea gehitxo izan daiteke 52 urteko gerra amaigabe eta ankerraren ondoren, konta ezin ahala baitira, besteak beste, lehengo zorion xumea inoiz berreskuratuko ez dutenak: 220.000tik gora hildako – hildako bakoitzeko zenbat drama!–, 40.000 desagertu, ia 7 miloi desplazatu, bizibidea eta bizipoza ematen zien lur-txokotik esku-hutsik eta noragabe alde egitera behartuak, ehundaka mila zauritu… Hala eta guztiz ere, zorionak, Kolonbia! Bizi direnak bizi bitez zoriontsu!
Egiazko bakea izan dadin, ez da aski bake-akordioa sinatzea. Gerra eragin zuen injustizia desagertzen ez den bitartean ez da bakerik izango, baina gerra bera bilakatu da zen injustiziarik handiena alde bietatik. Amaituko ahal da betiko, eta herriak onetsiko ahal du bake-akordioa erreferendumean! Asko dira –Uribe presidente ohia buru– onetsiko ez dutenak. Garaileen eta garaituen bakea nahi dutenak. Bakea eta justizia ez, baizik eta garaipena nahi dutenak. Ez dakite, edo ez dute jakin nahi, justiziazko bakea edo bakezko justizia dela egiazko garaipen bakarra. Guregandik hurbil asko ere badugu itsukeria horren berri. Zer pintatzen du, esate baterako, Rajoyk bakearen sinaduran?
Eta gatozen are hurbilago, geure eguneroko haserre eta gatazketara. Irabazi-nahi gaizto hori, norberaren eta bestearen galerarako. Ez dago bakerik, ez zorionik, gorrotoa zuztarretik atera gabe, bestearengan fede izan gabe, besteari eta geure buruari barkatu gabe, iraganari baino gehiago etorkizunari begiratu gabe. Zorionekoak bakegileak!

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply