Errutik erantzukizunera
Abenduaren 8an, Maria Sortzez Garbiaren Jaia ospatzen du Eliza katolikoak. Kontzepzio, “Kontzeziyo”. Nik ere bai. Zorionak Kontxi, Sorkunde eta Garbiñe guztiei.
Sortzez Garbiaren dogma, ordea, guztiz ulertezin bilakatu zaigu, “jatorrizko bekatua” deritzan dogma bezalaxe. Alegia: Adam eta Eva izeneko bikote batengandik gatozela denok, haiek Jainkoaren agindua –“Ez jan Ongiaren eta Gaizkiaren zuhaitzeko fruiturik”– urratu zutela eta paradisutik jaurtikiak izan zirela, eta harrezkero haien bekatuaren errua eta zigor latza –sufrimendua, grina txarrak eta heriotza– daramatzagula soinean guztiok sortzetik bertatik. “Jatorrizko bekatu” horren errudun eta zigordun jaiotzen garela guztiok. Denok, bat bakarra salbu: Nazareteko Maria.
Hori dio dogmak, baina horrela esanda ez du zentzurik. Adam eta Evarena mitoa da, mito ederra, irakaspenez eta jakituriaz jantzia, mito eta ipuin eder guztiak bezala. Baina mitoek ez digute erakusten antzinako garai batean zer gertatu zen, gaur eta hemen zer gertatzen den baizik, eta etorkizun hobe baterako bidea nola zabaldu.
Zu eta ni, denok gara Adam eta Eva. Adamek lurrezko esan nahi du, eta Evak bizidun. Denok gara lurrezko eta bizidun. Eta “Jainkoak”, den ororen Izamenak, Bizi-Arnasak esaten digu: “Bizi zaitez, eta zaindu ezazu Biziaren zuhaitz izerdia zeuregan eta hurkoarengan. Ez zaitez, bada, jabetu Ongiaren eta Gaizkiaren ezagutzaren zuhaitzaz, zurea bakarrik balitz bezala, zu bazina bezala ongiaren eta gaizkiaren jabe, irizpide eta neurri. Zure ongia guztien ongi da. Besteen gaizkia zure gaizki”.
Ez gara “errudun”, hau da: ez dugu gaizkia jakinaren gainean eta nahita egiten, inkontziente eta ezjakin garelako baizik. Gaizkileari ez diot, beraz, zigorrik opa, baina erantzukizuna eskatzen diot: jabe dadila egin duen kalteaz, erantzun dezala gaizkile ordez ongile bihurtuz. Mundu zauritua ez dute zigorrek onduko, erantzukizunak baizik. Eta sinesten dut ahal dugula, Ontasun Ongilea baita gure izamen. Edo “Jainkoa”.
Leave a Reply
Want to join the discussion?Feel free to contribute!