Azkarregi

Dena azeleratzen ari da, eta benetan diot: beldur naiz.

Ehiztarien eta fruitu-biltzaileen bizierak hirurehun mila urte iraun zuen, ezer askorik aldatu gabe, Homo Sapiens gure giza espeziea sortu zenetik lurra lantzen, haziak ereiten eta abereak hezten hasi ziren arte. Nekazalgoak eta abeltzaintzak, ostera, hamabi mila urte iraun zuen, industria sortu zen arte. Industria-aroak, berriz, 250 urte bakarrik daramatza eta lau iraultza gertatu dira jada (baporezko makina, argindarra, energia atomikoa, internet eta informatika). Industria 4.0: industria digitalizatua, adimen artifiziala, robotika… Eta ziztu bizian goaz bosgarrenera, edo guztiz bestelako aro batera, ez dakigu nora.

Nora gabe eta azkarregi. Aurreko hamar mila urteetan baino gehiago aldatu zaigu bizimodua azken hirurogei urte hauetan, eta ez da ahoberokeria. Autoak eta garbigailuak ahalik eta gehien irauteko egiten ziren hasieran; orain, urte gutxira iraungitzeko diseinatzen dituzte. Ordenagailuak eta mugikorrak, urtebeterako, traste zahar bilakatzen zaizkigu, inoren aurrean lotsagarri. Gaurko gradu unibertsitarioak eta profesioak ez dizu bihar balioko. Berritu ala hil.

[Basque] Ala berritu ahala hil? Zorionetik hurbiltzen ari ote gara ala urruntzen? Gero eta azkarrago goaz, baina hobeto bizi ote gara? Nora goaz hain azkar, eta norekin?

Lehia jarri zaigu lege, lehia bera helburu. Ondokoa baino azkarrago joatea da kontua. Jaten ez badut, jan egingo nau. Irratiak entzulegoa du helburu, telebistak ikuslegoa, egunkariak irakurlegoa, ikastetxeek ikaslegoa, banketxeek bezeroak, enpresek salmenta. Irabazia beti. Eta mezua, ikuskizuna, informazioa, hezkuntza, etika, justizia, berdintasuna? Bistan da: lehian galtzaile beti.

Azkarrago eta estuago. Azkarrago eta etsaiago, herio-lehian. Lehia eroan. Merezi al du?

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply