Isilguneak, isiluneak

Joan zen urrian, Washingtoneko frantziskotarrek “Hiriko ermitauentzat aterpea” ireki zuten hiriburuan. Egun bateko, astebeteko nahiz asteetako erretiroak isiltasunean egin nahi dituztenek, kanpoko zaratarik gabe barruko zaratak baretzen saiatu nahi dutenek, bihotzeko bakea berreskuratu nahi dutenek aukera dute han… eguneko 50 euro ordainduz. Eskaintza handia dago Estatu Batuetan, eta gero eta handiagoa da eskea.

Isiltasun-falta oso garesti ari gara ordaintzen, ikusi besterik ez dago, baina ez ote dago isiltasuna merkeago aurkitzeko modurik? Nago baietz, geure esku daukagula.

Askotan amesten ditut isiltasunezko aterpeak gure herrietan. Zinemak, kultur etxeak, polikiroldegiak… eta zergatik ez isilguneak? Zer ziren, bada, garai batean gure elizak, isilgune edo arnasgune baizik? (Tamalez, itolarria eta estutasuna ere aurkitzen zuen jendeak elizetan. Ez gutxitan). Elizak husten eta ixten ari diren honetan, ez legoke gaizki, adibidez, eliza hutsak isiltasunerako eta bakerako espazio laiko bihurtzea.

Zaratak itotzen gaitu. Eta ez naiz batik bat trafikoaz ari. Zenbat liburu, berriketa, iragarki, mezu, Wii, I Phone, I Pad… trafikoaren zurrunbiloa baino zurrunbilotsuago! Eta denetan okerrena barruan daramagun errota geldiezinaren etengabeko gogoeta, zarata isila. Etengabe gauzka barreiaturik eta urduri, ez garenaren edo ez dugunaren irrika, iraganaren damu, etorkizunaren beldur. Ez gara geu. Ez dugu bakerik.

Horrela ezin da bizi. Isilguneak behar ditugu, eta isiluneak batez ere. Har itzazu, bada, egunean 20 minutu gutxienez. Eseri lasai, sentitu, arnastu. Hartu arnasa bularra puztu gabe, birikak sabel-hondoraino betez. Egon horrela. Isiltasunaren baitan Bakea dago, dena dago bakean. Zaude bakean. Utzi beldurrak, amorruak, irrikak, desirak urtzen, desegiten, desagertzen. Zure esku dago. Saiatu, baina lasai, “saiatu gabe”.

Nonahi aurki dezakezu isiltasunezko aterpea: elizan bezalaxe itsas bazterrean, mendian, etxeko salan, herriko plazan, autoan, lanean. Onuragarria bezain merkea da.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply