Zahartzen ikasi

Inork ez du gazterik hil nahi, baina inork ez du nahi zahartzerik ere. A zer maratila! Bizitza luzatu, baina zahartu gabe; heriotza mugarik gabe atzeratu, baina beti gazte iraunez; hil ez, baina ezta zahartu ere. Nola demontre?

Horren atzetik dabiltza zientziak, eta auskalo noraino iritsiko diren. Oraindik orain entzuten nion zientzialari bati 200 urte harrapatuko dituztenak jaiota daudela. Eta zergatik ez gero 300, 400, 1000 urte? Zergatik ez etengabe bizirik iraun, organo eta zelulak beti gazte mantenduz edota zahartu ahala berrituz?

Pentsatzeak ere ikara ematen dit, baina ez dakit zer esan. Ongi etorri bitez, noski, zientziaren aurrerapen guztiak, guztion onerako badira. Hor dago gakoa, gako bikoitz bihurria: biziaren onerako eta guztion onerako izatea. Ni, gaur gaurkoz, ez naiz fio bi baldintza bereizezin horiek batera beteko direla. Beldur naiz, hainbat eta hainbat aurrerapen ez ote diren gizakien onerako soilik izango, eta tximino, izurde, hegazti eta landareen kalterako. Beldur naiz, gainera, ez ote diren gizaki aberats batzuen onerako soilik izango, eta pobreen –pobretuen, gero eta pobretuagoen– kalterako.

Areago. Nago, gorputzari beti gazte eta sasoian euste hutsarekin ez dugula onura handirik izango. Ikusi bestela: botikarik botika eta parafarmaziarik parafarmazia gabiltza, belardendarik belardenda eta drogeriarik drogeria, superfizie handietan oraintxe eta online dendetan geroxeago, betiko gaztetasunaren elixir bila. Zer irabazten dugu, ordea? Gorputz “perfektuak” batzuentzat, eta inorentzat zorionik ez.

Beti erabat sano egon nahi duenak zoriona galtzen du eta osasunik irabazten ez. Zertarako dugu gazte eta sasoitsu irautea, zahartzen ere –hau da, neurritsu, orekatsu, egiazki jakintsu izaten – ikasten ez badugu? Zertarako da bizitza etengabe luzatzea, hiltzen ere –ahultzen, galtzen, amodioz amore ematen– ikasten ez badugu? Ematen jakiteak bakarrik egiten gaitu aberats.

“Zahartzen” eta “hiltzen” jakiteak bakarrik egiten gaitu jakintsu. Azken arnasaraino emanez egiten du gure arnasak Bizi Arnasa hilezkorrarekin bat.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply