Erlijioa eskola publikoan

Hezkuntzaren lege berriak (LOMCE) erlijioari buruzko sestra areagotu du, besteak beste. Zentro publikoek erlijio konfesionala eskaini beharko dute, orain arte bezala, baina –orain arte ez bezala– ebaluaketa izango du, matematikak bezalaxe, eta erlijio konfesionala ikasi nahi ez duenak beste ikasgai funtsezko bat izango du ordez.

Erlijio katolikoari dagokio kontua batez ere: Islamak ez du ia inon kopururik lortzen, eta juduei eta protestanteei, gutxi izateaz gain, bost axola zaie euren erlijioa eskolan irakastea. Eliza katolikoa pribilegio bila, eta PP eskaintzeko prest, botoen truk.

Bego argi: on eta beharrezko deritzat eskola publikoan erlijio gertakaria irakasteari. Guztiz beharrezkoa iruditzen zait azpeitiar gazteek Moises eta Mahoma, Konfuzio eta Laozi, Buda eta Mahavira ezagutzea. Eta Daoa eta Korana. Eta Biblia: Cain eta Abel anaia bikien historia gogorra, edo uholde handian bizidunak salbatu zituen Noeren kutxarena, edo hizkuntzen ugaritasuna sagaratzen duen Babeleko dorrearena. Amos profetaren salaketa zorrotzak, Isaias profetaren iragarpen hunkigarriak. Nazareteko Jesusen Zoriontasunak, eta Samariar onaren parabola… Belen eta artzainak, Pilato eta Kalbarioa. San Sebastian eta San Ignazio. Eta… Zer ulertuko dute bestela azpeitiar gazteek museo batean? Nola maiteko dute gure historia, literatura, egutegia, festak…? Nola sartuko dira gure iraganaren eta orainaren sakonean?

Nire aukera argia da: eskola publikoan erlijio gertakaria bai, baina erlijio konfesionalik ez. Erlijio gertakaria bere sakon, zabal, anitzean. Baina ez erlijio batzuk bakarrik (erlijio katolikoa azken batean). Eta ez gotzainek (edo imanek) izendaturiko irakasleen eskutik, eta gotzainek (edo imanek) ezarritako edukien arabera.

Pribilegio politikoak behar dituen erlijioa galdurik dago, sistema erlijiosoaren babesa behar duen sistema politikoa bezalaxe.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply