RAMADANA

San Ignazio bigarrenean ekingo diote mundu guztiko musulmanek Ramadanari. Euren “hilabete nagusi” honetan zehar, eguzkia agertzen denetik ezkutatzen denera, musulman helduek –gaixo, zahar eta haurdunek izan ezik– ez dute ezertxo ere jaten ez edaten, ez sexu-harremanik izaten. Egunsentian gosaltzen dute, eta eguzkia sartu ondoren elkartzen dira, lagunarte alaian elkarrekin afaltzera. Baina egun osoan ezer ez, Koraneko hitz asegarriak eta Allahren arnasa suspergarria besterik. Gizakia ez baita ogiz bakarrik bizi. Ogiak berak arnasa behar du, oreak ura behar duen bezala.
Ramadana ez da beti urte-sasoi berean izaten. Musulmanek ilargiaren araberako egutegia dute, ez eguzkiaren araberakoa, guk bezala. Beraz, euren urteak ez dira denak berdinak –365 egunekoak, gureak bezala– eta, gure egutegiarekiko, euren jaiak aldakorrak dira, ibiltariak, ilargiaren antzera. Ramadana ere ibiltaria da, eta edozein urte-garaitan egokitu daiteke. Aurten, abuztuaren 1etik 30era. Jakina, eguna luzeago eta baraua luzeago. Egunak beroago eta baraua gogorrago.
Ez legoke gaizki, oporretako patxadaz baliatuz, edo jaietako zalapartatik zertxobait aldenduz, Azkoitiko meskitara hurbilduko bagina –Azpeitiak ere laster izango omen du berea–, kontuak esatera, egotera, arnastera. Ba al dakizu Azpeitian 700en bat badirela guztira, eta beste horrenbeste Azkoitian? (1.200 milioi inguru munduan, Lurreko bost biztanletik bat hortxe nonbait). Zu eta ni bezain azpeitiarrak dira, beraiek hala nahi badute. Ez dira “kanpotarrak”, nahiz eta gehienak magrebtarrak, senegaldarrak eta pakistandarrak izan. Denok izan ginen noiz edo noiz “kanpotar”, bertakotu ginen arte, beste batzuek hartu gintuztenari esker. Denok gara nonbaitetik etorriak, eta ez dakigu bihar nora jo beharko dugun. Denok gara bidazti, erromes, ilargia bezala. Ramadan on, musulman adiskideok!

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply