Bestelako mundua

“Beste” mundurik ba ote den edo izango ote den, ez dakit.

Zientzialari batzuek diote baietz, beste mundu batzuk ere badirela jada, eta ez han urrun, galaxia mugagabe eta kontaezinen “mugez” haratago, baizik eta oraintxe eta hementxe bertan, ikusten eta ukitzen dugun mundu honen beraren barnean (“barnean”, baina ez txikiago), eta gure espazio eta denboratik “at”. Lizar-hosto batean, burbuilatxo batean, atomo bakoitzean mugagabeko unibertso fisikoak daudela: unibertso kuantikoak, alternatiboak edo paraleloak, denak batean eta batera, oraindik inork ez dakien modu batean elkarrekin loturik.

Unibertsoa “multibertsoa” omen: ez mundu bat bakarra, baizik eta mundu berean mundu asko, nahiz eta gure begiek ez ikusi eta zientzia fisikoek oraindik ez esplikatu. Eta nola ulertuko dugu, esplikatzen ez badigute? Baina ulertzen ez duguna ulertzen duguna baino askoz gehiago dela, hori bai ulertzen dugula! Errealitatea askoz harrigarriagoa da fikzio guztiak baino.

Erlijio batzuek –kristautasunak bereziki– diote beste bat mundu bat izango dela mundu honen ondoren. Mundu hau amaitu eta gero. Noiz edo noiz. Beste mundu bat, tristurarik eta oinazerik gabeko mundua, heriotzarik eta etenik gabeko mundua. “Zerua”. Fikzioa da? Noski. Irudiak dira. Baina fikzio eta irudi guztiek ametsa, desira, itxaropena adierazten dute. Eta zergatik izango da errealitatea ametsa, desira eta itxaropena baino gutxiago? Baldin eta, orain jada, “beste munduak” badira, zergatik ez da izango gero “beste mundu bat” minik eta negarrik gabea?

Baina ez nuen hitz egin nahi oraingo edo geroko “beste” munduaz edo munduez. Oraingo eta hemengo “bestelako” munduaz hitz egin nahi nuen. Giza espeziea beste espezie guztien diktadore izango ez den mundua. Diruaren eta armen indarra lege izango ez duen mundua. Estatu-mugarik izango ez duen mundua. Mendiak eta lautadak, itsasoak eta ibaiak zeharkatzeko paperik beharko ez den mundua. Batzuk besteen morroi izango ez diren mundua. Denok bankuen morroi izango ez garen mundua. Bestelako mundu bat ezinbestekoa dugu, mundu honetan biziko bagara.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply