Haserre

Bejondeiela! Ez dakigu zer lortuko duten, baina ez dute zer galdurik. Ez dakigu noraino iritsiko diren, baina abiatzea bera ez dute gutxi egin. Badakigu bidaia luzea izango dela, baina Laozi jakintsuak aspaldi idatzi zuen: bidaiarik luzeena pauso txiki batekin hasten da.
Eta jakina, guztion bidea da. Ez dira inora iritsiko, laguntzen ez badiegu, plazak eta kaleak eta bideak bete lagun elkartzen ez bazaie. Ez gaitezke kanpotik begira gelditu, txalotuz nahiz maiseatuz. Gure haurrak dira. Haien helmuga gure helmuga da. Haien etorkizuna, gure etorkizun. Porrot egiten badute, guztiok egingo dugu porrot. Zertarako ekarri ditugu mundura, munduan lekua ukatzen badiegu?
Eta zer mundu ari gara eraikitzen, gazteen %40ak lanik ez badu? Non da legea, hogeita hamar urteko gazteak gure lan berdinagatik gure erdia irabazten badu? Zer da demokrazia etxe baten jabe egin ezin denarentzat? Zertarako ditu giza eskubideen adierazpen guztiak eguneroko ogia ukatzen denean? Zertarako dira politikarien diskurtsoak, munduko ekonomiaren eredua aldatzeko ez bada? Eta zertan ari dira, jardun eta jardun, krisia ekarri zuen eta hondamendira garamatzan eredu bera berriro tente jartzeko eta indarberritzeko ahaleginetan ari badira?
“Haserre zaitezte!”, egin dio oihu Frantziatik munduari Stéphane Hessel, laurogeita hamahiru urteko aitonak, gaurko eta biharko gazteentzat egiten ari garen munduarekin erabat haserre. Hondatu gintuzten bankuak salbatu ditugu, berriro hondamendira eraman gaitzaten.
Gazteak haserre daude, eta badute zertaz. Bizi ezina haserre bihurtu dute. Euren haserrea bihurtuko ahal dute orain bestelako politika, bestelako ekonomia, bestelako mundu-ordena! Eutsiko ahal diote, etsi gabe! Gu gabe ezingo dute, hori ez.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply