ELIZEN ARTEKO BIBLIA, 23 URTE ETA GERO
Ekumenismoz ari garela, aipamen berezia zor diogu ekumenismoaren oztoparri ala oinarri izan daitekeen liburuari, Bibliari, eta bereziki beronen euskal itzulpen ekumenikoari.
Hobeto egin zezaketenek ezin zutenez, neuk onartu dut obra gogoangarri honen aurkezpena egiteko mandatua, ni neu ere gogor eta gogotsu aritu bainintzen bertan lanean.
Osagai askok egiten dute obra hau berri, eta osagai bereizgarri horiek aipatuko ditut, beste batzuek egindakoa zuzenean baliatuz[1], eta 23 urte geroago sortzen zaizkidan gogoeta batzuk iradokiz.
1. Hutsune baten betegarri
Askoz lehenagotik ere bai beharbada, baina iragan mendeko 70ko hamarkadaren hondarretan behintzat nabarmena zen Bibliaren itzulpen berri baten hutsunea euskal Elizan, gizartean, kulturan. Eliz giro, gizarte-giro, kultur giro berria arnasten zen nonahi: Biblia zaharrak ez ote ziezaiokeen herri zahar honi arnasa berria eskain, beste era batera itzuliz, irakurriz, ulertuz? Ziur geunden baietz.
Eta optimista ginen, gehiegi beharbada gaurtik begiratuta. Halakoxeak ziren, ordea, garai haiek, gaurkoak baino askoz optimistagoak nondinahi begiratuta ere: Vatikanoko II. Kontzilioak (1962-1965) Eliza katolikoaren udaberria iragartzen zuen, mundu modernoarekiko eta beste eliza nahiz erlijioekiko adiskidetasunean; Franko desagerturik, espainiar estatuan demokrazia abiatua zen, eta herriaren burujabetasunak eskura zirudien hainbat herrialde kolonizatu independentzia lortzen ari zen hartan; askatasuna eta justizia uztar zitezkeen, kapitalismo injustuaren eta sozialismo diktatorialaren arteko gerra hotza gaindituz; “euskaldun fededun” esaera ongi gezurtatua zuen euskal gizarte berriak, baina juduen eta kristauen Biblia ez ote zitekeen “fedegabeentzat” ere inspirazio-iturri bilaka, sineskizun erlijiosoez harago? Liburu hau ez ote da Hasieratik Apokalipsira, osorik hartuta, justizia eta askatasunaren aldarri profetiko ozena, nahiz eta sarri kontrakorako erabili?
Horrek, noski, irakurketa literal, dogmatiko eta moralista gainditzea eskatzen zigun “fededunoi”, baina Biblian adituak eta teologoak ez ote ziren azken hamarkadetan horretan ari? Eta Eliz erakunde katolikoa bera ere, alferreko hainbat kondena mingarriren ostean, ez ote zen Kontzilio igaro berriaren ondoren bide berria onesteko prest ageri? Ez ote zien Kontzilioak fededun guztiei Biblia irakurtzeko gartsuki gomendatu, hainbat mendez Elizak ezarriak zizkien oztopoak eta are debekuak altxatuz, eta liburua eliztarren giltzapetik eta bahituratik libratuz?
Ordurako baziren izan euskarazko Bibliak, baina ez zegon aukera handirik, egiari zor. Biblia osoaren itzulpen argitaratuak hiru ziren guztira: Duvoisin kapitainarena (1859-1865 bitartean argitara emana), Erramun Olabide jesuitarena (1958koa) eta Jaime Kerexeta apaiz sekularrarena (1976an argitaratua). (Bazen laugarren bat ere, Uriarte frantziskotarrak XIX. mendean burutua, baina argitaratu gabea, Itun Zaharreko lehen liburu batzuk izan ezik)[2]. Hiru, beraz. Eta oso mugatuak hirurak: lehenengoa lapurteraz zegoen, eta aditu gutxi batzuek besterik ez zuten ezagutzen; bigarrena ez zen inongo euskal hiztun eta irakurle arruntak ulertzeko modukoa (neu ere saiatu nintzen, baita laster utzi ere: hain da purista eta artifiziotsua); hirugarrena konparazio gabe hurbilago eta irakurgarriagoa zen gehienontzat, eta berri-berria gainera, baina itzulpen-irizpideei dagokienez nahikoa zaharra, eta… bizkaierazkoa (giputz garbiok ere, ezinbestean edo besterik ezean, huraxe erabiltzen genuen arren, neurri batean arrotz zitzaigun).
Premiazkoa zen, beraz, Bibliaren itzulpen berria. Posible ote zen? Askoren ahaleginek egin zuten posible. Eta zoriak, gauza guztietan gertatu ohi denez. 1977ko urte-hasieran, Biblia euskaratzeko balizko egitasmo baten zurrumurrua zabaldu zuen erakunde protestante batek eta, hala izatekotan, prest leudekeela lanean eta ordainketan parte hartzeko. Ignacio Mendoza, “Bibli Elkarte Batuak”en Madrilgo arduradunari iritsi bide zitzaion zurrumurrua, eta gogoz hasi zitzaion hari-muturrari tiraka. Bere gain hartu zuen urte hartan bertan Arantzazun Mintegi bat antolatzeko ardura eta zama ekonomikoa, gero itzulpenaren eta argitalpenaren finantzaketa neurri handi batean bere gain hartu zuen bezala. Aitorpenik eta eskerrik beroena zor diogu Ignacio Mendozari, beti erakutsi zigun prestasun eta esku-zabaltasunagatik; 2000. urtean hil zen, baina José Luis Andavert, espainiar estatuko Bibli Ekarteen idazkari exekutiboak ildo beretik jarraitu zuen.
Itzul gaitezen Arantzazuko Batzarrera. Talde aski ugaria bildu ginen 1977ko irailean, Bibli itzulpen modernoen irizpide linguistikoak eta exegetikoak finkatzea eta elizen arteko itzultzaile-taldea osatzea genuela helburu. Peter Ruger, Tubingako Teologia-Fakultate Ebanjelikoko irakasleak azaldu zuen itzulpenaren teoria, orokorrean. Ignacio Mendoza bera aritu zen Bibliaren itzulpen herrikoiez.
“Nor legoke, ordea, lanerako prest?” Hor zegoen koska, nahi eta ahal izango zuketen asko beste zereginetan lotuegiak baitzeuden. Guztiarekin ere, 1978ko urtarrilaren azken alderako funtsezko taldetxoa erabakia zegoen. Itun Berria genuen ordukoz helburu. Lanak banatu, eta berehala ekin genion.
2. Lehen Biblia osoa euskara batuan
Ez da agian Elizen Arteko Bibliaren ezaugarririk garrantzizkoena izango askorentzat, baina euskara batuan egin den Bibliaren lehen itzulpena izatea ez da inondik ere gutxiestekoa, eta zer esanik ez duela 25-30 urte. Mugarri bat euskararen historian, euskal literatura erlijiosoaren historian bereziki, eta euskal Eliz erakundeak euskara batuarekiko izan duen jarreran ere bai zalantzarik gabe, bost euskal elizbarrutien babes edo onespen ofiziala jaso baitzuen itzulpenak. Euskal Herriko gotzainak eta gotzaindegiak urrun baino urrunago zeuden, ordea, garai hartan (eta gaur?) euskara batuaren aldeko apustutik: mezatarako, irakurgai biblikoen hiru itzulpen desberdin zeuden eta daude (lapurtera, bizkaiera, gipuzkera/goi-nafarrera), aldareko beste hainbeste liburu zeuden eta dauden bezala; apaiz eta erlijiosoek egunero erabiltzen duten “Orduen Liturgia” deritzana –salmoz, testu biblikoz, gorazarrez eta bestelako otoitzez osatua– argitaratu berria zen euskara “baturanzkoan”, baina h-rik gabe (eta hala dago oraindik); gotzaindegietako agiri eta buletinak hiru euskalkitan argitaratzen ziren eta dira oraindik…
Hasi ginenean, bestalde, euskara batua bera erabat finkatu gabe zegoen, eta euskara batuaren inguruko eztabaidak –zauriak ez esatearren– berriak ziren artean. Baina, horiek denak horrela, inork ez zuen zalantza-izpirik izan: Euskaltzaindiaren arau eta gomendio guztiak betez egin behar genuen itzulpena. Berme ezin hobea eta begirale ezin zorrotzagoa izan zen horretarako Dionisio Amundarain, proiektu osoaren koordinatzailea, inor baino jakitunago egoten baitzen Euskaltzaindiaren azken erabakiez.
Jakina, hiztegi, esamolde eta hainbat forma gramatikali buruz ere, euskara batuak ezin du izan eta ez da molde zurruna. Garrantzitsua zen, beraz, euskalki guztietako ordezkariek itzulpenean edo gutxienez berrikusketan parte hartzea, euskaldun guztiek ahalik erosoen irakurri eta ahalik errazen ulertu ahal zezaten. Horretan saiatu ginen. Gainera, euskalki guztietako irakurleei irakurketa errazteko, “euskalkien arteko hiztegia” osatuz joan ginen lanean ari ginen bitartean, Enrike Zabala arduradun zela, eta argitalpenean sartu genuen.
Bibliaren itzulpenek berebiziko eragina izan dute Europako hizkuntza handien bilakaeran eta estandarizazioan. Luterok 1534an egindakoa aleman literario batuaren erreferentzia nagusi bilakatu zen ondorengo mendeetan. Berdintsu esan daiteke ingelesari buruz. Euskararenean ez, noski. Leizarragaren itzulpenaren proiekzioa euskal eliza kalbindarrarena bezain mugatua izan zen. Eta zer esan Elizen Arteko Bibliarenaz, ia 450 urte igaro direnean? Ez gaude arrandietarako. Ez du izan euskal kulturan opa genion eta espero genuen lekua. Euskararen normalizazioaren aldeko ahalegina hainbestekoa den gure herrian eta, zehatzago, itzulpengintzak hainbeste jende eta diru mugitzen duen gure kulturan –eta zorionak!–, Elizen Arteko Biblia oso baztertua begitantzen dut, gero eta baztertuagoa –txoko duin batean jasoa, hori bai–. Eta ez naiz kexu. Garaien zantzua da, bizi dugun eta garamatzan berealdiko kultur aldaketa baten zantzua.
Halere, eta inolako arrandiarik gabe esan nahi nuke: Elizen Arteko Bibliak ez du euskarara egin diren itzulpen onenen zorrik, ez formaz eta ez edukiz. Gehiago uste dut: Biblia ez delarik “liburu bat”, liburu ezberdinen liburu-bilduma baizik –“Biblia” grekoz, hain zuzen, forma plurala da: “liburuak” esan nahi du–, 1000 urtetan zehar idazle ezin desberdinagoek literatur mota guztietan (mitoak, historia, otoitzak, esaerak, maitasun-poemak, profeziak, parabolak, gutunak, orakulu apokaliptikoak…) idatzitako eta estiloz, edukiz eta pentsaeraz edo teologiaz ezin desberdinagoak diren 76 liburuko “liburutegitxo” honek –Biblia, pluralismoaren ikur goren–, bere aniztasunean, asko du erakusteko itzulpengintzan ari diren askorentzat, eta ez du eredutzat aurkezteko inongo lotsarik, bere muga eta guzti. Nori berea, inorekin lehian hasi gabe.
3. Lehen talde-itzulpena
Hona Biblia honen beste bereizgarrietako bat: askoren artean idatzia izan zen bezala, itzuli ere askoren artean izan da itzulia. Orain arteko itzulpenak banakako itzultzaileen lana izan dira: Leizarraga, Duvoisin, Uriarte, Olabide, Kerexeta (nahiz eta, noski, bakoitzak bere laguntzaileak izan). Itzultzaile banakoen merezimenduak handitu egiten ditu horrek, baina itzulpenaren kalitatea murriztu, ezinbestean.
Hasterako ere bagenekien guk Elizen Arteko Bibliak talde-lana izan behar zuela. Eta ez banaturiko lana bakarrik –nork zer itzuli–, baizik eta lan elkarbanatua, konpartitua, izan behar zuela burutik burura, liburu bakoitzari dagokionean nahiz itzulpenaren fase eta alderdi guztietan, hasi eta buka. Honek prozesua franko luzatzen eta moteltzen zuen, baita garestitzen ere, jakina. Baina ezin zen bestela.
Felipe Fuenterrabia eta Ramon Irizar Biblia-adituek hartu zuten itzulpenaren ardura nagusia, jatorrizko hizkuntzak (hebreera eta grekoa) eta testuari zein esanahiari buruzko gorabeherak ongi ezagutzen baitzituzten, baina euskal itzultzaileak behar zituzten ondoan; Felipe gaixotzean, Ramon Irizarrek hartu zuen ardura guztia, itzultzaile desberdinekin lankidetza estuan. Beraz, jatorrizko hizkuntzetatik egindako lehen itzulpena ere bada Elizen Arteko Biblia. Itzultzaileak egiten zuen lehen itzulpena, beste hainbat hizkuntzetan eginak hurbiletik begiratuz (alemanierazkoa, ingelesezkoa, frantzesezkoa, italierazkoa); gero Irizarrek begiratzen zuen dena; azkenik, itzultzailearekin bildurik, bien artean moldatzen zuten oinarrizko bertsioa, prozesuaren lehen fasea burutuz.
(Elizan Arteko Bibliak Ramon Irizarri zor diona ez dago aski goratzerik. Bere begi-bihotzetako galbahetik igaro ziren hitz eta esaldi guztiak banaka, dena etengabe zehazten eta xehetzen, bakoitza bere testuinguru zabalean kokatzen, bakoitzaren barne-arnasa hartzen zuelarik, ezpainek zigarroari tiratzen zioten bitartean. Haren luma erraz eta sakonetik atera ziren ia sarrera guztiak; haren oroimen zabal eta zorrotzak eratu zituen ohar eta erreferentzia gurutzatu guztiak, Bibli hiztegia, aurkibide analitikoa. Haren lanerako gaitasunak ez zuen mugarik, harik eta 2011ko abuztuan haren arnasa estua mugarik gabeko Bizi-Arnasarekin batu zen arte).
Lehen fase honetan nork zein liburu itzuli zituen aipatuko dut, nahiz eta, azken batean, talde-lana askoz funtsezkoagoa izan zen banakakoa baino. Ordena alfabetikoan emango ditut:
Jose Luis Aperribai: ITUN ZAHARREAN: Hasiera, Irteera, Zenbakiak, Lebitarrena, Deuteronomioa, Ruth. ITUN BERRIAN: Efesoarren gutuna, Filipoarren gutuna, Kolosarren gutuna, Tesalonikarrei lehen gutuna, Tesalonikarrei bigarren gutuna, Timoteori lehen gutuna, Timoteori bigarren gutuna, Titori gutuna, Filemoni gutuna.
Joxe Arregi: ITUN ZAHARREAN: Salmoak, Isaias, Oseas, Joel, Abdias, Jonas, Habakuk, Sofonias, Ageo, Malakias, Kantarik Ederrena, Negar Kantak. ITUN BERRIAN: Mateoren ebanjelioa, Markosen ebanjelioa, Lukasen ebanjelioa, Apostoluen Eginak.
Jesus Mari Arrieta: ITUN ZAHARREAN: Josue, Epaileak, 1 Samuel, 2 Samuel, 1 Erregeak, 2 Erregeak, 1 Kronikak, 2 Kronikak, Ester, Ester grekoa, Tobit, Judit, 1 Makabearrak, 2 Makabearrak, Kohelet. ITUN BERRIAN: Erromatarrei gutuna, Korintoarrei lehen gutuna, Korintoarrei bigarren gutuna, Galaziarrei gutuna.
Iñaki Mendiguren: ITUN ZAHARREAN: Ezekiel, Job, Esaera Zaharrak, Jakinduria, Ben Siraken Jakinduria. ITUN BERRIA: Joanen ebanjelioa, Joanen lehen gutuna, Joanen bigarren gutuna, Joanen hirugarren gutuna, Apokalipsia.
Joan Otaegi: ITUN ZAHARREAN: Amos.
Enrike Zabala (zendua): ITUN ZAHARREAN: Jeremias, Jeremiasen gutuna, Daniel, Daniel grekoa, Mikeas, Nahum, Esdras, Nehemias. ITUN BERRIAN: Hebrearrei gutuna, Santiagoren gutuna, Pedroren lehen gutuna, Pedroren bigarren gutuna, Judasen gutuna.
Lontxo Zugazaga: ITUN ZAHARREAN: Zakarias.
Aldi batean edo Itun Berriaren lehen itzulpenean (1978-1983) parte hartutako beste batzuk ere aipatu behar dira: Piarres Andiazabal, Jose Mari Aranalde, Periko Nuñez (exegeta) eta batez ere Mikel Plaza, Arraiotzeko erretorea, goizegi hila.
Arestian adierazi dudanez, ordea, hori guztia ez zen lanaren lehen fasea besterik. Exegetak eta itzultzaileak prestatutako lehen itzulpena Dionisio Amundarain koordinatzaileari bidaltzen zitzaion eta honek gainerako itzultzaile guztiei banatzen, bakoitzak bere zuzenketak egin zitzan. Gero, berrikusle-taldea biltzen ginen zuzenketa guztiak ikusi eta behin betiko testua finkatzeko. Urtean bi aste oso ematen genituen Lazkaoko Beneditarren monasterioan, etxe-giro ezin hobean eta talde-giro ederrean. (Talde berrikuslea: D. Amundarain, J. Arregi, J.M. Arrieta, R. Irizar, Felipe Fuenterrabia –gaixotu zen arte–, I. Mendiguren, J.M. Rementeria. Eta aldi batean Juan Mari Olaizola, eta Mikel Plaza).
Berrikusketa-bileretan geurekin izaten genuen beti Carlo Buzzeti, exegeta italiarra, itzulpengintzan oso aditua, gizon argi eta atsegina; nahiz eta euskara ez ezagutu, lana hurbiletik eta zehatz jarraitzeko gai zen, idarokizun egokiak emanez beti; lanak amaitu eta luzaro gabe hil zen hura ere, gazterik.
Guztien gainetik aipatu behar dut hemen berriro hasieratik amaierara proiektu osoaren bultzatzaile eta koordinatzaile nekaezin izan genuena: Dionisio Amundarain. Bejondeiala, Dionisio, honetan ere!
4. Lehen itzulpen ekumenikoa
Elizen Arteko Bibliaren ezaugarri nagusia da. Izenak berak dio: Elizen artekoa, ordu arte ez bezala. Itun Berriaren lehen itzulpena Eliza kalbindarrarena izan zen, Leizarragaren eskutik, eta Biblia osoaren hiru itzulpenak (Duvoisin, Olabide, Kerexeta) obra katolikoak izan ziren, eta berandukoak, XIX. mendekoa lehenengoa eta XX.ekoak azken biak.
Halere, katolikoek ez zuten Biblia ezagutzen. Eliz erakunde katolikoak ez zituen kristauak Biblia zuzenean irakurtzera inoiz bultzatu, are gutxiago Lutero erreformatzailearen ondoren: honek eliz tradizioaren aurrez aurre Biblia lehenetsi zuenez, Trentoko Kontzilioak, alderantziz, tradizioa lehenetsi zuen Bibliaren aurrez aurre, eta Bibliaren latinezko bertsio zaharra (Vulgata) herri-hizkuntzetako bertsioen aurrez aurre. Espainian askoz okerrago: Inkisizioak Biblia irakurtzeko debekua ezarri zuen, irakurketa arriskutsua bailitzan (eta Bibliaren irakurketa bada, izan, arriskutsua, dogma eta arau moral absolutu guztiekiko atxikimendu estua hankaz gora jartzen baitu sarri). Katolikoek ez zuten, beraz, Biblia ezagutzen.
Vatikanoko II. Kontzilioak erabateko jarrera-aldaketa ekarri zuen. Dei Verbum (Jainkoaren Hitza) deritzan Konstituzioak dio: “Fededunek parez pare irekita izan behar dute Eskritura Santurako sarbidea” (DV 22). Eta, horretarako, Bibliaren itzulpenak, eta elizen arteko itzulpen ekumenikoak hain zuzen ere, egiteko gomendatzen du: “Eliza ama-arduraz saiatzen da itzulpen egoki eta zuzenak egin daitezen hizkuntza ezberdinetara, batez ere Liburu Santuen jatorrizko testuetatik. Itzulpen horiek, egokiera denean eta Eliz agintarien oniritziaz, senide banatuekin elkarlanean egiten badira, kristau guztiek erabili ahal izango dituzte” (DV 22). Gomendio horri zuzen-zuzenean lotu zitzaion Elizen Arteko Biblia.
“Elizen artekoa” izateak ez du esan nahi kristau-eliza askoren artean egina denik, bi asko ez badira behintzat. Bi eliza desberdinetako kideek bakarrik hartu zuten parte itzulpenean: Eliza katolikokoak ziren ia denak eta Eliza protestante ebanjelikokoak bi (Juan Mari Olaizola eta Iñaki Mendiguren. Bereziki omendu nahi nuke Iñaki Mendiguren, beronen lankidetza guztiz aipagarria izan baitzen kantitatez eta kalitatez, itzultzaile nahiz berrikusle gisa).
“Elizen artekoa” izateko, ordea, ez da inportantea zenbat Elizatako lankide izan diren eta Eliza bakoitzak zenbat lankide izan dituen. Funtsezkoa zera da: Bibli Elkartu Batuak, Bibliaren itzulpenak eta banaketa sustatzeko nazioarteko erakunde ez-konfesionalaren babespean eta laguntzaz egin zela itzulpena. Eta hori bezain funtsezkoa: erakunde horrek Bibliaren itzulpenetarako dituen irizpide ez-konfesionalak jarraituz egin zela.
Zer esan nahi du horrek? Bi gauzatxo aipatuko ditut. Bata, ez munta handikoa: Itun Zaharreko liburuak ez direla gure inguruko tradizio katoliko nahiz protestanteetako ordenan eman, baizik eta juduen tradizioko ordenan (Pentateukoa, Profetak, Idazkiak), eta juduek kanonikotzat ez dituzten liburuak (“deuterokanoniko” deritzenak, hots, jatorrian grekoz idatzi zirenak, ez hebreeraz: Ester grekoa, Judit, Tobit, 1 Makabearrak, 2 Makabearrak, Jakinduria, Ben Siraken Jakinduria, Baruk, Jeremiasen gutuna, Daniel grekoa) Itun Zaharraren amaierako sail berezi batean ematen direla.
Eta bigarrena, hau askoz garrantzitsuagoa: itzulpenean irizpide literario eta semantikoak jarraitzen dira, interpretazio konfesional dogmatikoak erabat bazterturik. Adibidetxo aski bedi esan nahi dena azaltzeko: Mt 1,25ean irakurtzen dugu: “Eta ez zuten ezkontza-harremanik izan, Mariak semea izan zuen arte”. Jatorrizkoaren zuzeneko itzulpena da. Horrela itzulita, ordea, badirudi Jesus jaio ondoren Josek eta Mariak sexu-harremanak izan ote zituzten zalantza zabalik uzten dela; horregatik, Mariaren betiko birjintasunaren dogma hobeto bermatzeko, katolikoek nahiago izan dute beste modu honetara itzuli: “Eta ezkontza-harremanik izan gabe jaio zen Jesus”. Eztabaidak izan ziren gure artean, baina testuak zuzenean dioena itzuli zen, itzulpen “katolikoa” alde batera utziz. Testuaren esanahia ahalik eta zuzenen eta argien adieraztea dagokio itzulpenari, aurreiritzi dogmatiko eta konfesionalei jaramonik egin gabe. Horretan saiatu zen Elizen Arteko Biblia.
5. Lehen itzulpen modernoa
1978an –Elizen Arteko Bibliaren itzulpena abiatu zenean– eta 1994an ere –osorik argitaratu zenean– ez zegoen orduko eta gaurko euskal irakurlearentzat Biblia erabilgarririk erabilgarria izan zitekeen Bibliarik. Ezta Kerexetarena ere, nahiz eta Bizkaian asko zabaldu eta erabili zen: alde batetik, molde zaharreko itzulpena zen eta, bestetik, Bizkaira mugatzen zen; horrez gain, Vulgatatik itzulia zen.
Elizen artekoa da Bibliaren lehen itzulpen modernoa. Eta berezitasun hori osatzen duten bi faktore nagusi aipatuko ditut (jatorrizko testuetatik egina eta elizartekoa eta akonfesionala izateaz gain): euskararen gaurkotasun eta ulergarritasuna batetik, euskara batu formalaz harago, eta baliokidetasun dinamikoaren araberako itzulpena izatea besterik, literaltasun soila apurtuz.
Labur-labur aipatuko dut lehenengoa, eta adibide xume batzuekin azalduko dut. Alfabetatua den eta erdi mailako kultura duen gaurko edozein irakurlek erraz eta eroso irakurtzeko moduko itzulpena eskaini nahi izan genuen. Garbizalekeria eta euskararen zurruntasuna izan dira, eta ez Bibliaren kasuan bakarrik, itzulpen askoren akats larrienetakoa (ez Leizarragarena, halafede, irakurlea baitzuen gogoan). Justizia, konfiantza, probidentzia, inspirazioa, kontsolatu… eta horien pareko hainbat termino mailegatu inongo erreparorik gabe erabili dira Elizen Arteko Biblian, euskararen normaltasunak gaur halaxe eskatzen duelako. Eta arlo horretan bi hitz azpimarratuko ditut, bereziki adierazgarriak direlakoan: adulterio erabili dugu euskal Biblietan eta eliz testuetan ohikoa izan den “ezkontza-nahaste” baztertuz, eta dibortzio, “ezkontza-hauste”ren ordez.
Itzulpena moderno egiten duen bigarren elementua luzexeago aipatzea zilegi bekit: bakiokidetasun dinamiko edo funtzionala. Itzulpengintza modernoaren oinarrizko irizpidea da. Itzultzaileak ezin du jatorrizko esamoldea bere horretan hitzez hitz itzuli, baizik eta jatorrizko esaldi eta esamoldeak bere testuinguru kulturalean duen esanahia eman behar du hartzailearen hizkuntzan. Erabateko leialtasuna izan daiteke traiziorik handiena.
Adibideek argituko digute ongien auziaren giltza. Jeremias 17,5ean hitzez hitz esaten da: “Madarikatua konfiantza gizakiagan eta bere besoa haragian jartzen duen gizona”. “Haragi” hitzak, ordea, Biblian gehienetan “gizaki” edo “gizaki huts” esan nahi du. Beraz, honela itzuli genuen: “Madarikatua konfiantza gizakiagan duena, giza indar hutsean oinarritzen dena”. Markos 14,38an hitzez hitz dio: “Espiritua kartsua baita, baina haragia ahula”. Itzuli behar da eta itzuli genuen: “Gogoz kartsu den arren, ahula baita gizakia”.
Lukas 14,26ak hitzez hitz dio: “Norbaitek nirekin etorri nahi badu eta ez baditu bere aita-amak eta emaztea, seme-alabak eta anai-arrebak gorrotatzen, ez daiteke izan nire ikasle”. Horrela itzultzea astakeria galanta izango litzateke, Jesusen esaldiaren azpian aramerazko esamoldea baitago, konparatiborik ez duena. Jesusek esan nahi zuen: “Norbaitek nirekin etorri nahi badu eta bere aita-amak eta… anai-arrebak baino maiteago ez banau, ez daiteke izan nire ikasle”.
Askotan, halere, esanahia zalantzan geratzen da. 1 Tm 3,2an hitzez hitz dio: “Elkarte-zuzendariak [episkopoi: “gotzainak”] emazte bakarreko gizona izan behar du”. “Behin bakarrik ezkondua” itzuli genuen, baina “emazteari leial zaiona” esan nahi dezake, eta nik hau hobetsiko nuke. (Nolanahi ere, ezkondua…).
Mateoren Ebanjelioan sarri erabiltzen den “Zeruetako erreinua” esamoldearen itzulpen egokia “Jainkoaren erregetza da”… “Erreinuko seme”, “argiaren seme”, “ezteietako seme” eta gisa horretako esamoldeek esan nahi dute eta itzuli behar dira: “Jainkoaren erregetzaren aldeko”, “argiaren aldeko”, “ezteietako gonbidatuak”… “Ezagutu” hitza, askotan, “sexu-harremanak izan” esateko erabiltzen da Biblian; horrela, aingeruak Nazareteko Mariari haurra izango duela iragartzen dionean, Mariak hitzez hitz erantzuten dio: “Nola gerta liteke hori, ez baitut gizonik ezagutzen?” (Lk 1,35). Itzulpen egokia, noski, hau da: “… ez bainaiz gizon batekin bizi” edo “ez baitut gizon batekin sexu-harremanik”.
Adibideak ez lirateke agortuko.
Baliokidetasun dinamikoarekin ez du zerikusirik zuzenean, baina genero kontua ere aipatu behar da. Ezaguna denez, euskarak ez du beste hainbat hizkuntzak –erromanikoek, kasu– duten genero arazorik, forma maskulinorik eta femeninorik ez duelako. Baina Bibliak “gizon” erabiltzen du ia beti generiko bezala, eta kasu horietan “gizon-emakumeak” itzuli behar da gaur. Hala egiten da Elizen Arteko Biblian. Zer egin, ordea, Jainkoaren irudi maskulinoekin? “Zeruetako Aita-Ama” itzuli? Horretaraino ez ginen iritsi.
6. Biblia zaharra euskal kultura berrian
“Kultura unibertsalean” eragin handiena duen liburua dela esatea ez da gehiegizkoa. Noski, kultura unibertsalik ez da existitzen: Bibliak markatu dituen kultura guztiak ere partikularrak dira, Biblia bera kultura partikular batean –hobeto esan, kultura partikular desberdinetan– sortu zen bezala. Baina zera esan nahi dut, eta eztabaidaezina deritzot: Bibliaren eragina eta ekarpena gehien jaso duten kultura partikularrak nagusitu –eta neurri handi batean unibertsalizatu– dira gure munduan (onerako ala txarrerako? Utz dezagun hori hemen): kultura judua, kultura greko-erromatar “kristautua”, Europa “kristauaren” (eta kolonizatzailearen) kultura; eta, nola ez, Islama. Bibliarik gabe ezin da ulertu gaurko mundua, beste edozein liburu gabe baino askoz gutxiago.
Berdintsu esan daiteke Bibliaren itzulpenaz. Ez da Biblia baino liburu itzuliagorik (eta irakurriagorik izan): mundu zabaleko 2.450etik gora hizkuntza edo dialektotara itzulia dago (30en bat hizkuntza berritara azken bi urtetan), osorik edo partez. Atera kontuak. Bibliari esker igaro dira hizkuntza asko ahozkotik idatzira.
Gatozen geurera: beste hizkuntza askotara bezala, euskarara itzuli den lehen liburua da. Eta euskaraz argitaratu zen bigarrena, Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) liburuxkaren ondoren. Edozein libururen euskal itzulpenek hartuko lituzke Elizen Arteko Bibliaren zifrak: lehen argitalpeneko formatu handian (osagarri guztiekin: Bibli hiztegia, aurkibide analitikoa, euskalkien arteko hiztegia, taula kronologikoa, izen-zerrenda) 14.600 ale saldu ziren, eta beste 3.500 formatu txikian. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Bigarren argitalpenari (2004) dagokion salmenta-daturik ez dut; zifrak ez dira hain altuak izango, ziur, baina uste dut ez zirela erabat amilduko.
Dena den, salmenta-datu guztiek –direnak baino askoz altuagoak balira ere– erakuts dezaketenaren aldean handia da Bibliak euskal kulturan duen eragina. Kultura ez zaigu batez ere liburuetatik iristen, are gutxiago euskarazko liburuetatik. Bibliaren eragin nagusia ez zaio gure kulturari euskal itzulpenak medio iritsi. Sarri saiatzen naiz Unibertsitateko ikasleak, nahiz eta erlijioez eta Bibliaz ezer ez jakin –tutik ere ez dakite, zinez– ohar daitezen zenbaterainokoa den euren kulturan erlijioetatik eta bereziki Bibliatik jaso duten ekarpena. Zergatik egiten dugu astean egun bat (orain bi) jai? Zer da “urte sabatikoa”? Nondik dator “jubilazio” hitza? Zer esan nahi du “begia begiaren truk eta hortza hortzaren truk” esaerak? Nondik datoz geure izenez deitzen gaituztenean barruan kilima eragiten diguten hainbat izen propio: Sara, Miriam nahiz Malen, Joanes, Danel edo Mikel eta dozenaka beste? Zer dira Adam eta Eva? Eta Kain eta Abel? Zergatik esaten da “Matusalem baino zaharrago” edo “Job baino pazienteago”? Nor izan zan gurutze batean zintzilik nonahi ageri den hori, eta zergatik hil ote zuten? Zer esan nahi du “samariar on” izateak, edo “seme prodigoaren” parabolak? Zer ikusten da museoetan, zer entzuten sinfonietan, zer irakurtzen liburuetan? Bibliako motiboz beterik dago dena. Gure kultura ez dago ezagutzerik Biblia ezagutu gabe.
Baina nire xedea ez da hemen Bibliaren ekarpen kultural unibertsala goraipatzea, miresgarria deritzodan eta inolaz ukatuko ez dudan arren. Galdera honetara irisi nahi nuen atal honetan, orrialde hauen amaieran: zer da Bibliaren mezu aberats eta anitza, eta kontraesankorra, gaurko gure kulturan, gizartean, 60 edo gehiago urtetik beherako gizon-emakume euskaldunentzat (eta Europako Mendebalde osoko gizon-emakumeentzat)? Ezer gutxi, edo ezerez. Liburu eta fenomeno guztiz marjinal bilakatu da, eta gero eta marjinalago bilakatuz doa.
1977an Arantzazuko “Gogartetxe” zahar hartan, amestu eta sortu genuenean, etorkizun luzeago eta hobea opa genion, aurreikusten genion. Baita handik hamazazpi urtera ere, Elizen Arteko Biblia osoa argitaratzerakoan, argitalpen batzordeak idatzi baitzuen: “Uste sendoa du Argitalpen-Batzordeak Euskal Herriak bizi duen batasun-nahian (…) erreferentzi puntu inportantea gertatuko dela liburua: Biblia bat bera hainbat jenderen eskutan, begi aurrean, oheburutan, gogoan izatea ez da ezerezean geldituko. Batasuna egiten duena, teoria baino gehiago, bizitza bera bada, Elizen Arteko Biblia hainbat jendek erabili izateak ekarriko du fruiturik”. Gehiegizko usteak ziren, bistan denez. Aldaketaren zantzuak agerian ziren arren, ezin genuen pentsatu horrenbestekoa izango zenik, beherakada edo jausia hain sakona izango zenik, Bibliaren presentzia eta kristautasuna bera gure gizartean desagertzeko zoriraino hain agudo iritsiko zirenik. Begiratu besterik ez dago.
Baina ez bedi hau samintasunezko oroitzapen bezala har. Ez da, bai zera! Bibliako bigarren txatalean, kreazio-mito zoragarrian aipatzen den, hasierako “uren gainean hegaldaka zebilen Jainkoaren espiritua” ez dago geldiago Biblia ahaztu denean, irakurtzen zenean baino, Biblia idatzi ondoren idatzi aurretik baino, Biblia ezagutzen dutenengan ezagutzen ez dutenengan baino. Etengabeko eraldaketa kreatzailearen baitan kokatu behar da erlijioek bizi duten hondorik gabeko krisia. Bibliako azken liburuaren amaieran, den ororen Izamenak dio: “Hara, gauza guztiak beri egiten ditut” (Ap 21,5).
Biblian ez dago lekurik samintasunezko oroimenarentzat. Izamen agortezina ez zaio forma zaharrari lotzen. Ez dezagun, beraz, izanaren minik Izamenean fede baizik.
Hori esanik, eta amaitzeko, beste zerbait gehitu nahi nuke: Biblia da, bere itzal beltz eta guzti, bere kontraesan eta guzti, oraindik ere edonork eskuetan har lezakeen libururik –liburu-bildumarik– eder eta harriegarrienetakoa, anitz eta berritzaileenetakoa. Bai, baina gure inguruko gizon-emakumeek hori aitortuko badute, oso bestelako Elizen Arteko Biblia aurkeztu beharko zaie: ez dut esan nahi bestelako itzulpena, bestelako irakurketa eta interpretazioa baizik, dogmei eta sineskizunei eta “idatzia dago” argumentuari loturik gabeko irakurketa eta interpretazioa. Biblia, egiazki den eta behar lukeen bezala, gaurko eta biharko gizakientzat oraindik ere inspiragarri izango bada, eraldaketa sakon-sakon baterako prest egon beharko lukete Eliza guztiek, eta gure artean bereziki Erromako Eliza katolikoak. Hala izango al da.
(Hemen 55, uztaila-iraila, 95-108 or.)
-
Ondorengo lanok bereziki: Dionisio Amundarain, “Elizen arteko Bibliaren itzulpen taldea”, in Senez 7 (1988), 97-109 orr.; Ramon Irizar, “Elizen Arteko Biblia, berriro”, in Senez 23 (2001), 41-58 orr.; Ramon Irizar, “Euskarazko Bibli itzulpenak, atzo eta gaur”, in Hemen 6 (2005), 65-77 orr.; Sebas Garcia Trujillo, Euskarazo Bibliak, Mensajero, Bilbo 1999; Joseba Intxausti, “Euskarazko Biblien historiaz. Elizen arteko Bibliaren argitalpena dela eta”, in Euskera 39 (1994-1), 299-314 orr.; Jesus Mari Zabaleta, “Bibliaren itzulpena Euskal Herrian. Historia apur bat”, in Senez 7 (1988), 51-89 orr. ↑
-
Biblia osoaren itzulpen horiez gain, baziren “Itun Berri” soilaren beste bi itzulpen ere: bata Joanes Leizarraga, apaiz katoliko protestante kalbindar bihurtuak egina eta 1571ean argitaratua, eta bestea Joanes Haraneder apaiz katolikoak 1740an prestatua, baina 1855ean argitaratua (Lau Ebanjelioak bakarrik, ordea). Agerian dago Bibliaren euskal itzulpengintza oso urria izan dela. Hasiera, halere, beste europar hizkuntzetakoen pare samarrekoa izan zen: alemanezko, ingelesezko, danierazko, suedierazko, suomierazko, islandierazko, galeserazko, polonierazko, eslovenierazko, frantsesezko eta espainierazko lehen itzulpenak ere XVI. mendean agertu baitziren, erreformatzaileen eskutik, euskarazkoa bezala. Itun Berria soilik izatea euskaren kasuan. Bestalde, Bibliaren euskal itzulpenen urritasuna ez da hainbestekoa, beste hizkuntzekin alderatuta: esate baterako, Vatikano II.aren aurreko gaztelaniazko itzulpenak ez dira askoz gehiago. (Bibliaren inguruko hiztegia arrotz zaionari argigarri gerta lekioke ohartxo bat: kristauek juduen Biblia bera hartu zuten “Jainkoak inspiraturiko” idazki santutzat, lehen kristau komunitateetan sorturiko beste idazki batzuk gehituz. Idazki juduei “Itun Zahar” deitu zieten, eta idazki kristau berriei “Itun Berri”. Dena den, juduek ez dituzte euren idazki santuak “Biblia” deitzen, “Tanak” baizik, eta funtsezko lehen bost liburuei “Torah”). ↑
Leave a Reply
Want to join the discussion?Feel free to contribute!